Igandeko ajeak

Igandeko ajeak

Hauteskunde osteko egunek ez dute ñabardurarik onartzen. Errealitatea gainean dago eta bere gordinean hartzen dute politikariek. Mozkor handi baten antzeko ajea uzten dute eta emozioak biderkatzen dira sorpresaren neurrian. Alde batetik, poza: Mariano Rajoyk esan zuen Espainia herri handia dela eta Pedro Sánchezek ospatu zuen bizirik dagoela. Bestalde, sinesgogortasuna: Elkarrekin Ahal Dugunekoek ez zuten ezer ulertzen: barneratzen ari dira zientzia politikoak ez direla zientzia zehatzak. Eta tartean ez-ikusiarena, Ciudadanos abenduaren 21an zegoen: PP eta PSOE bildu nahi ditu mahai baten bueltan.

Igandeko ajeakHegoaldean sorpassoa saldu ziguten eta horren arabera zintzo-zintzo bozkatu dugu. EAEn Elkarrekin Ahal Dugu garaile atera da eta Nafarroan UPNtik oso gertu geratu da. Aldaketa zetorrela esan ziguten eta herria atondu genuen egun handirako. EH Bilduri ezer gutxi balio dio hautagaitzari ezkerreko profila eman izanak eta 2 eserleku lortu ditu. EAJri fidelenek eman diote boza eta 6. eserlekua galdu dute. Baina kontuz: EAJk ez ditu hauteskundeak sekula galtzen eta 5 eserlekuak urrezkoak bilaka daitezke Espainia gobernatzeko. Alderdi jeltzaleak ondo daki nahaste-borrasteei etekina ateratzen.

Hauxe da egoera, baina badirudi alderdietan zeozer mugitzen ari dela. Ciudadanos eta PSOEn ahots batzuek Rajoyren gobernua erraztea eskatu dute eta alderdiek ezetz erantzun diete kanpainaren izenean. Elkarrekin Ahal Dugun shock egoeran daude oraindik eta Pablo Echeniquek surrealismoaren muga zeharkatu du Cadena Serren. Ahal Duguneko buruzagiak esan du “Bescansak bere dimisioa aurkeztekotan Espainiako politikan aditu guztiek berea aurkeztu beharko lukete”, eta, bide batez, gogoratu digu koalizioaren arazoetako bat: errealitatea eta nahiak parean jartzea. Izan ere, Espainiako hauteskundeek berriro gogoratu digute errealitatea eskuindarra dela.

PD: Argazkia hemendik atera dut

Igandeko ajeak

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

8 pentsamendu “Igandeko ajeak”-ri buruz

  • Egia da, bai, aje ikaragarria batez ere ezker abertzalearen aldetik, hainbeste esfortzu, esperantza, suspirio, argi xirrinta bat aterako zelakoan eguzkia bihurturik, Otegik emandako metaforaren esanetan, hainbeste jende kaleak nahasten kausa hau dela eta bestea dela eta hala ere dena porrot, kaka, zulora, ezker abertzalearen euforiak egunotako depresioak sortu ditu eta militante garaipentsuak ari dira kamamila litroak edaten beren mozkorkeri politiko erraldoiaren ondorio gaiztoak emetu nahiean. Portzierto, militantzia ia negarrez zelarik Otegik anka egin zuen aurpegirik eman gabe, bere lidergoaren tamaina erakutsiz.

    Podemosekoek (Joseba Gabilondoren ustez partido abertzalea, alajaña, nahiz eta bere buruzagitzaren gehienak espainolak sorterriz eta denak borondatez izan: aitu genduen Nagua Alba pinpirina esaten: “en el resto de España” borobil bat), bai, Podemosekoek kriston jipoia jaso dute uste baitzuten Neguko Jauregia harrapatuko zutela oraingoan edota gutxienez sozialistak beheratuko zituztela. Hauei noski Euskal Herrian izan duten garaipenak ez die axolik, ez da kontsolu, beraiek espainol iraultzaileak baitira eta Euskal Herria beraientzat Espainiako zati txiki bat delako. Hala ere, ezker abertzaleak anai bezala ditu orain sortu zaizkigun patriota espainol ezkertiar koadrilla hau.

    Azkenik, Eusko Alderdi Jeltzalea izan da euskal eta abertzale erreferentzia hauteskunde hauetan eta ondo agoantatu du Espainiaren tiroi orokorra. Orain lehen bezala erakutsi da hain iraindua izan den alderdia Sabino Aranak sortu zuenean bezela abertzalegoaren erreferentzia nagusia jarraitzen duela izaten, ezker abertzalea bere ezkertasuna abertzaletasunaren gainean jartzen duen bitartean. Gure herriak iraun nahi badu barne zatiketa ezabatu behar du kausa nazionalari dagokionez eta honen ondorioz datozen faktoreei begira (euskara, autogobernua…). Ezker abertzale honekin ez da horrelakorik ikusten eta Podemosen espejismoak ezkertiartasun fratrizidago batetara bultzatuko dituela beldur nago.

    • PP euskalduna da EAJ. Ikusteko dago inbestiduran babesa emango dioten berriro iraganean bezala.

  • Hori da zuek batasunoek zabaldu nahi duzuen iraina, PP eta PNV gauza berdina direla. Baina hauteslegoak badaki hori ez dela horrela eta badela horrela, ezker abertzalearen hauteslegoaren parte handienarentzat, Podemos eta ezker abertzalearen berdintasuna, botoa eman baitiote. Eta datozen hauteskundeetan Nagua Alba bigarren bada zuek partido espainol horren oinordekoak izango zarete, elkartasun iraultzailearengatik.

  • Ez badago elkartasun iraultzailerik, ez dut ezta independentzarik ere nahi

  • Lau katu gara eta gainera ezin elkar ikusi. Halan doakigu.

  • Bizkaiko larrialdietako zerbitzuek gainezka egin zuten ekainaren 26ko gauean, herrialdean hauteskundeak Unidos Podemosek irabazi zituela jakindakoan ondoezik sentitu ziren jeltzale oldeak kolapsatuta. “Gure etxean ez genekien Bizkaian beste alderdi batzuk zeudenik eta!”, adierazi zuen Iragarne Etxebarriak, gaixotutako baten arrebak, Galdakaoko ospitaleko atean. Handik metro gutxira, artean sustoagatik zurbil- zurbil aurkitu genuen Deunoro Madariaga betidaniko jeltzale jatorra: “Ez dakigu zer den okerrago, irabazi digun alderdia ezkerrekoa izatea edo espainiarra izatea… Bueno, bai, badakigu, baina tira…”.

    Bestalde, New Hampshireko sismologia zerbitzuak 7,6 graduko lurrikara labur “baina oso bortitza” detektatu zuen Sukarrietan, hain justu Sabino Aranaren hilobia dagoen lekuan, gutxi gorabehera hauteskunde emaitzak jakin ziren unean. Hainbat lekukoren arabera “biraoak eta zarata arraroak” atera ziren hilobi barrutik, baina EHUko zientzialari talde bat oso eszeptiko agertu da bertsio horrekiko: “Euskarak ez du biraorik eta!”, argudiatu dute

  • Argia dixit

  • Normala da ezker abertzalekoen artetik, debaklearen kaskoteak burutik kendu eta gero, Podemosen emaitzak propioak balira bezala ikustea. Azken finean, zenbat preso eta presoen senitartekoek, zenbat boto emaile eta militantek eman diote Podemosi bihotz beteko bozka, pentsaturik gure Arnaldo gixajoak eta bere koadrilla ezdeusak lortu ez duena beraiek lortuko dutela, Espainiako salbatzaile gorri-larroxak. Ezker abertzaleak beti Espainian esperantza! Iraultza ala hil!