Idazlearen oinarrizko printzipioa (2/7)

“Oso gogoan hartu dut gure partikulartasunetik besteentzat ere egia izango den horren bila ibiltzea ”, aitortzen du Atxaga idazleak Argiako elkarrizketan. Literaturaren helburua, beraz, partikularra eta unekoa modu unibertsal eta eternalean adieraztea litzateke. Horrela, liburuaren bidez, pertsona edo herri baten bizipen mugatuak eta iheskorrak gizon-emakume guztientzako egia unibertsalak eta iraunkorrak bilakatuko lirateke.
Partikularra eta unibertsala, unekoa eta eternala, horra hor, Atxagaren ustez, liburuaren bitartez burutzen den erlazioa. Bi laburbide saihestu behar ditu erlazio horrek. “Unibertsalean patu-batasuna” aldarrikatzen zuten frankistek. Ez da halakoa idazleak bilatzen duen unibertsaltasuna. Partikularra unibertsal bihurtzea, norbaiti egokitzekotan, jainkoei legokieke, ez gizon-emakumeei. Eta, jakina denez, jainkoen lekua hartzen duena diktadore ankerra eta gupidagabea bihurtzen da. Partikularra eta singularra baztertuz, ustezko unibertsaltasun ideal bat besarkatzea ere ez da literaturaren xedea, idazlearen euskarria partikularra eta unekoa baita. Liburuaren bidez sortzen den unibertsalak ez ditu, lixibak bezala, kolore partikular guztiak garbitzen kolore uniforme bat sortzeko; aitzitik, herrien aniztasun nabarra bultzatzen du.
Hala bada, partikularra eta unibertsala, unekoa eta betikoa lotzeko bide bakarra liburuarena da. Ez dago laburbiderik ezta miraririk ere. Liburuaren eskumena mugatua eta zehatza da: sentimen eta bizipen partikularrak eta singularrak era unibertsal eta iraunkorrean adieraztean datza. Liburuaren ahalmen miragarri hori idazkerari atxikirik dago. Idazkerari esker partikularra era unibertsalean eta unekoa modu eternalean adieraz daiteke. Bide horretatik pertsona eta komunitate partikularrek unibertsala eta iraunkorra den gizateria sortzeko ahalmena eskuratzen dute. Liburuaren eskumena, ikus daitekeenez, azken finean idazkeraren ahalmenari lotzen zaio.
Partikulartasunetik besteentzat ere egia izango den horren bila ibiltzeak” erretorikaren kontrako borroka etengabea eskatzen du. Badakigu erretorika gaiztoa, gezurtia eta nahasia dela. Orain badakigu zertan datzan haren gaitza eta gezurra: erretorikak partikularraren eta unibertsalaren arteko erlazio orekatua eta sortzailea oztopatzen eta zapuzten du. Era ezberdinez, ikusi dugunez, partikularra jainkotuz nahiz partikularra deabrutuz.
Erretorikak eragiteko era adierazteko, “saltsa” terminoa erabiltzen du Atxagak. “Erretorika gure bizitzaren gainera erortzen zaigu, saltsa balitz bezala botatzen dute gure plater gainera”, dio idazleak. Batzuk erretorikaren saltsan plisti-plasta dabiltzanak poz-pozik, kondenatuta daude berritsukeria amildegian erortzera. Haien artean, ordea, baten bat saltsa likatsu horretan deseroso egon liteke, baina ez lekike nola askatu. Bertsolari horren bila lebilke Atxaga, idazteko bidea erakutsi nahian.

FILOSOFO OHIA