Ibarretxeren oinordekoaz

cc-by-ukberrinet
cc-by-ukberrinet

Sabino zaharraren iturri hura nork ordezkatzen duen erabakaitzea da orain kontua. Xabier Arzallus gidari izan zuten denboran, lasai ziren jeltzaleak eta euren jarraitzaileak. Abertzaletasunaren labela, On Xabierrek gordetzen zuen, huraxe zen aita espirituala eta artzaia. Argi zegoen nori jarraitu behar zitzaion pausoa.

Ardanza lehendakari zen, bai, baina hori beste otarra bateko sagarra zen, Garaikoetxearekin jasotako zauriak arintzeko larritasunean erabakitakoa. Onar zitekeen inperfekzioa. Arzallus zegoen buru, huraxe zen iparrorratza, eta lehendakari bat edo beste bat izatea, ez zen arazo ezinbestekoa. Alderdiaren gidaritza, ostera, beste kontu bat zen: horrek garbi behar zuen egon. Militante eta jarraitzaileen bihotzak berotzen zituen norbait behar zen zeregin horretarako, Alderdi Egunean txalo zarta handiak pizten zituen norbait, arimak gizentzen zekiena. Nor hoberik Arzallus baino?

Arzallusen ondorengoak

Arzallusen finierak, Imaz eta Egibarren arteko talka bistaratu zuen. Baina arazoa ez zen hain larria ere. Sentsibilitate ezberdinen kontua baino ez, familia guztietan dauden haserretxoen antzirudikoa. Gainera, bata ala beste izan, ezer funtsezkorik ez zegoen kolokan, bazter batetik agertu eta handitua baitzen ordurako Arzallusen zuloa betetzeko gai zen gidari berria: Ibarretxe.

Ibarretxeren itsasargia pizturik egon den bitartean, jeltzaleek ez dute zertan kezkaturik izan. Ezagutu izan dira alderdi barruko tirabirak eta jukutriak, interes desberdinen araberako tentsio eta jokaerak, baina, funtsean, tinko zegoen etxe jeltzalea Laudiokoaren gainean oinarrituta. Imaz berak utzi egin behar izan zion alderdiko gidaritzari, bake santuaren izenean.

Eta orain? Zer gertatuko da orain?

Urkullu dute gidari jeltzaleek, baina ez dirudi bizkaitarrak har dezakeenik Arzallus edo Ibarretxe baten pisurik. Gehiago hartzen zaio etxeko mutil zintzoaren tankera, beste ezer baino. Alderdia zainduko du, bai, ondo egingo ditu egitekoak, baina ez dirudi militantziaren bihotzak behar beste puzteko gai denik. Zentzu politikoan, zurtz daudela dirudite EAJko militanteek Ibarretxe desagertu denetik.

Aukerak ez daude errazak, baina lehenbailehen behar dute argitu nor den Ibarretxeren oinordekoa, noren gainean oinarriturik eraiki nahi duten hurrengo hauteskudeetarako lehendakarigaitza.

Joseba Egibar da politikoena, ezbairik gabe, eta bai Arzallus eta bai Ibarretxeren kasta berekoa, baina Imazekin izandako borrokaldiak, gipuzkoarregi bihurtua du aspaldian. Abertzaleegia da, aukeran.

Ortuzar bizkaitarrak, ostera, direnak eta bi egiten ditu bere burua erakusteko gainerako gidarien gainetik, baina ezin du kendu gainetik maniobrazalearen irudia. Ez dirudi alderdia batzeko moduko pieza denik.

Zer geratzen da, orduan? Nork ekar dezake lasaitasun ideologikoa eta apustu serioaren irudia jeltzaleen artera?

Jainkoak libra gaitzala profezietatik, ez baikenuke asmatuko sekula, baina ezker-eskuin begiratuta, izen batzuk ageri dira ostertzean.

Izaskun Bilbao aipatzen zen, baina Europara joatearekin, argi dirudi ez dutela lan horretarako nahi.

Tolosako alkate den Jokin Bildarratz ere aipatzen da, jendea erakartzeko moduko irudi gazte eta dirdiranta daukana. Baina kontra du beti bere kasara dabilenaren irudia eta gorantza joateko ikusten zaion gosea. Ez du ematen guztiz fidatzen direla berarekin alderdian.

Eta Josu Erkoreka, Madrilgo legebiltzarkide izarra? Gizon argia dirudi, diskurtso sendo eta gardena daukana, baina jendeak ez du ezagutzen gehiegi haren irudia, nahiz eta parlamentari onena izendatua izan, aurten bertan. Dialektikarako dituen dohainak eta irmotasun politikoa baino zerbait gehiago behar da iristeko jendearengana.

Ez dirudi hiru Aldundiburuak ere karrera honetako zaldi direnik. Ez Agirrek, ez Bilbaok, ez Olanok, ez dute behar besteko erakargarritasunik, lan mota honetarako.

Beste nor, orduan? Ezkutuan ote dute gordeta aukera sekreturen bat? Idoia Zenarruzabeitia, agian?

Auskalo, baina gauden prest ikuskizunerako. Datozen hilabeteetan, dagoeneko abiatuta behar duten mugimendu ezkutukoen txanda izango da, denbora batera baizik ezagutuko ez ditugunak, ezagutzekotan. Barne tentsio eta tirabirak izango dira, azkar edo berant, pitzaturen batetik agertuko direnak.

Ezin dute gehiago atzeratu kontua. Iritsi zaie zirt edo zart egiteko garaia. Hurrengo hauteskundeetako karreran aukera benetakorik eduki nahi badute, prest izan behar dute zaldia.

EAJ, politika

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

Zer duzu buruan “Ibarretxeren oinordekoaz”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude