Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programako hizkuntza-aktibistak Euskal Herrian

Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa –

Irailaren 20an eman genion hasiera Garabideren Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programaren baitan, 18 hizkuntza-aktibistaren Euskal Herriko egonaldiari.
Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa

Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa Garabide Kultur Elkartearen hizkuntza lankidetza programa bat da, hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren munduko hainbat komunitatetako ordezkariak hizkuntzak biziberritzeko estrategietan formatzea helburu duena.

Programak bide ematen du, euskaldunok hizkuntzaren biziberritzean ditugun ezagutzak eta esperientziak, hizkuntza gutxituak biziberritzen diharduten munduko beste komunitateekin partekatzeko.

Formazio programa urte osoko programa bat da. Halere, gaurtik, beste dimentsio bat hartuko du, 18 hizkuntza-aktibistak 6 asteko egonaldia egingo baitute Euskal Herrian.

Programa honek bi aldeko eragina izango du. Alde batetik, hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren komunitateen eskariz, euskararen esperientzia erakusteko formazioa eskainiko da. Izan ere, euskara biziberritzeko esperientzia mundu mailan erreferentzia nagusienetako bat da eta gero eta komunitate gehiagok azaltzen dute ezagutzeko interesa.

Bestetik, euskaldunona bezalako beste komunitate batzuk ere ari dira beraien hizkuntzak biziberritzen eta esperientzia eta jakintzak konpartitzeko gunea sortuko dugu egoera berdintsuak bizi ditugunok elkarrengandik ikasteko.

Helburuak

Programaren lehenengo helburua formazioa da, munduan zehar euren hizkuntza gutxituak biziberritzen dabiltzan erakundeak indartzea eta saretzea. Bide horretan 18 hizkuntza-aktibista formatuko dira hizkuntzak biziberritzeko estrategietan. Horretarako, hain emaitza ona izan duen aurrez aurreko formazio programa burutuko dugu Euskal Herrian, eduki teorikoaz gain, euskararen esperientzia zuzen-zuzenean jaso ahal izan dezaten.

Aldi berean, horrelako programa batek euskal komunitatean daukan inpaktua ere oso interesgarria da. Horixe da programa honen bigarren helburua: Euskal jendartea hizkuntza aniztasunaren eta hizkuntza gutxituen egoeraren inguruan sentsibilizatzea. Gainera, gogoeta bultzatzen da euskalgintzaren inguruan eta honek duen eraginean.

Izan ere, Euskal Herriko gizarteak eta hainbat elkarte eragilek tokian tokikoen ahotik ezagutuko dute munduko komunitate zenbaiten egoera, esperientzia eta lana, eta euskaldunon esperientziari nola begiratzen dioten. Oso garrantzitsua da euskaldunontzat ikustea eta jakitea gure esperientzia beste komunitateentzat erabilgarri dela. Bi aldeetan sortzen den talde kontzientzia eta autoestimu bultzada handia da garapen bidean eta eraldaketan ari diren komunitateentzat. Programako partaideek eskaintzeko daukaten horretan arreta berezia jarriko da, euskal gizartean ahalik eta inpaktu handiena izan dezan, gogoetarako eta sentsibilizaziorako.

Noiz eta non

Programak ekaina eta uztaila artean burutu zuen lehen fasea; bertan, online ikastaroan, hizkuntzak biziberritzeko oinarriak partekatu ziren. Bigarren fasean, irail eta urri bitartean egingo denean, hizkuntza aktibistak Euskal Herrian garatzen dute formazioa.

Euskal Herriko formazioa, esan moduan, gaur abiatu da eta urriaren 31n amaitu. Bertan, saio teorikoak, bisita didaktikoak, sentsibilizazio saioak, praktikaldiak eta proiektugintza uztartuko dira. Programaren gune nagusia Aretxabaleta izango da, saio teoriko gehienak bertako Garabideren egoitzan izango baitira, baina Euskal Herrian zehar ere ibiliko gara esperientzia interesgarriak ikusiz zein sentsibilizazio saioak eskainiz.

Ikastaroaren ezaugarri nagusiak

Ikastaro parte-hartzailea da metodologiari dagokionez, eraldaketa sozialera eta munduko egituren irakurketa kritikoa garatzera bideratua, giza eskubideetan oinarritua, Hegoko eta Iparreko estereotipoak hausteko baliabideak dakartzana, iraunkortasunaren paradigmari lotua eta emakumearen ahalduntzea lehenetsitako zehar-lerrotzat duena.

Euskal Herriko egonaldian formazio teorikoa jasoko dute, 65-70 ordukoa, Euskal Herriko 25 adituk eskainia, hizkuntzak biziberritzeko estrategiak erakutsiko dizkiena, batez ere, euskararen esperientzian oinarritua. (ikus Landuko diren gaiak eta Irakasle edota formatzaileak aurrerago).

Bisita didaktikoak izango dira Euskal Herriko programaren bigarren ardatza. Guztira 35 bisita inguru aurreikusten dira, euskal erakunde, elkarte, ikastetxe, eta abarretan. (ikus Bisitatuko diren erakundeak eranskinetan).

Praktikaldiak eta proiektuak dira hirugarren ardatz nagusia. Parte hartzaile bakoitzak aukera izango du bere intereseko gaiaren inguruan praktikaldi labur bat egiteko, astebete ingurukoa, aurrez bisitetan ezagututako lekuren batean. Praktikaldiarekin batera, partaide bakoitzak proiektu bat diseinatuko du gero bere komunitatean martxan jartzeko.

Sentsibilizazio saioak ere egingo dira: Hainbat hitzaldi-solasaldi aurreikusten dira hiri zein herri zenbaitetan, eta hamar saio inguru ikastetxeetan. Horretaz gain, egonaldiaren itxiera ekitaldia ere antolatuko da, komunitateen asmoen eta proiektuen berri emateko aprobetxatuko dena eta aukera eskainiko diena herritarrei, Garabideko boluntarioei eta euskal erakundeetako ordezkaritza zabalari bertan parte hartu eta hizkuntza aktibistak eta beraien egitasmoak bertatik bertara ezagutzeko.

Aurtengo partaideak

Parte-hartzaileek hizkuntza-aktibista profila dute, lehendik lanean ari diren aktibistak formatzea askoz eraginkorragoa izaten dela ikusi izan dugu eta. Gainera, biderkatzaileak izateko moduko ardurak dituzte, helburua ez da eta soilik pertsona jakin batzuk formatzea, baizik eta euren erakundeak ahalduntzea, ahalik eta jende gehienarengana iristea (ikus Partaideak eranskinetan).

Aurtengo edizioan 13 komunitate ezberdinetatik datozen 18 hizkuntza aktibista ditugu. Horietarik gehienak Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikatik etorriko dira, baina badira baita Afrika eta Asiakoak ere: Kaqchikel bat (Guatemala), hiru Yukatango maia (Mexiko), mixe bat (Mexiko), bi kitxua (Ekuador), ketxua bat (Bolivia), bi guarani (Bolivia eta Argentina), nasa bat (Kolonbia), maputxe bat (Wallmapu), asheninka bat (Brasil), Haitiko kreoleradun bat (Haiti), bubi bat (Ekuatore Ginea), bi amazigh (Rif), eta kurdu bat (Kurdistan).

Esker on mezua, komunikabideentzako mezua eta kontaktua

Amaitzeko, gure eskerrik beroena programa honetako kolaboratzaile eta babesle guztiei. Eta azken-azkenik, esan programako hizkuntza-gutxituen aktibistei zein hizkuntza-lankidetzari ahotsa emateko proposamenak gogoz jasoko ditugula. Hemen harremanetarako informazioa:

  • Programaren koordinatzailea: Endika Blanco Bravo

    • Emaila: komunikazioa@garabide.eus
    • Telefonoak: 666 022 634 (Endika) / 688 632 433 (bulegokoa)

Ikus eranskinak hemen.

Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa  Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa  Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa  Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa

Euskararen esperientziatik abiatuta, munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude