Hizkuntza-politikaren urtekaria 2011: Hizkuntza-politikek erroko aldaketa behar dute

2011-ko-urtekariaren-aurkezpen-agerraldia 

“Euskararen normalizazioak hizkuntza-politika eragingarria behar du. Administrazio ezberdinen hizkuntza-politikek errotiko lema aldaketa behar dute, izan ere, azken hamarkadotan garatu diren hizkuntza-politikek ez dute euskararen normalizazioa ekarriko. Bada, 2011 urtean nahikoak ez diren politika horiek okerrera egin dute, aurrera egin beharrean atzera egin baitute”, esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao 2011ko Hizkuntza-politikaren Urtekaria aurkezteko egindako agerraldian.

“Iaz azaldu genuen moduan, hizkuntzen normalizazioa prozesu luze eta konplexua den heinean, ezinbestekoa da unean uneko azterketa gainditu eta hizkuntza-politiken jarraipen iraunkorra egitea eta arrazoi hori dela medio erabaki genuen hizkuntza-politikaren azterketa egin eta urtekaria osatzea. Azken urte hauetan Kontseiluak sortutako Udalen hizkuntza-politiken neurketa edota Hizkuntza-politika orokorren azterketa bezalako tresnen osagarri da urtekari hau”, azaldu du IƱaki Lasak, ildo politiko-instituzionaleko arduradunak.

Lana egiteko prozedurari dagokionez, hilabetez hilabete hizkuntza-politikari lotutako gertakaririk esanguratsuenak biltzen joan da Kontseilua. Bi hilabetean behin aldizkari digitala osatu du Kontseiluak horren gainean egiten duen irakurketa plazaratuz. Urtekaria osatzeko lanabes izan du Kontseiluak aldizkari hori. Horrekin batera, prentsan argitaratutakoen hautaketa ere egin da. Urtekariak, hortaz, informazioa eta iritzia biltzen ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoan, estrategikoak diren eremuetan atzerapauso nabarmenak eman dira: Hezkuntza alorrean, legeak ezarritako agindua betez, DBH bukatzean ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak menperatzea ahalbidetuko lukeen irakasteredu berria ezartzeari muzin egin eta ikasle guztiak euskalduntzen ez dituen irakastereduen sistema zaharkitua mantendu da eta D ereduak baino euskarazko ordu gutxiago dituen esperimentu hirueleduna abian jarri.

Eremusozioekonomikoan, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu beharko lukeen legetik araudia ez betetzeagatik ezarri beharreko zehapenenak kendu dira eta araudiaren beraren eraginkortasuna ezerezean utzi. Administrazio publikoan, herritarrei harrera bi hizkuntza ofizialetan eskaini ahal izango dieten langile elebidunak kontratatu beharrean, euskara are gutxiago balioztatzen duten lan-deialdiak egin dira hezkuntza eta osasun alorrean.

Nafarroako Foru Komunitatean atzera egin da nabarmen, aurrera egin beharrean: krisialdi ekonomikoa aitzakiatzat harturik, euskararen eta Euskalgintzaren aurkako bere estrategia orokor eta planifikatua sakondu du Nafarroako Gobernuak. Aurrez euskararen normalizaziorako sosak eskasak baziren, 2011 urtean are murritzagoak izan dira, kasu batzuetan guztiz desagertzeraino. Honela, euskarazko hedabideek, euskara sustatzeko udal-programek, euskaltegiek edota Ikastolek, murrizketa latza pairatu dute beren partidetan.

Esan bezala, krisiaren aitzakiarekin, baina aurrekontu orokorra %2,95 murriztu den bitartean, euskararena horren gainetik murriztu da, kasuren batean %100. Alegia, hainbat sektorek krisi garaian laguntza gehiago jasotzen duten bitartean (autogintza, etxe-tresnagintza…) Euskalgintzak bere biziraupena zalantzan jartzen duen murrizketak pairatu behar izan ditu. Bestalde, Vascuencearen Legeak 25 urte bete ditu eta lege-aldaketa ezberdinak proposatu diren arren, Legea bere-horretan mantentzea erabaki da, dagoen bezala beren helburuetarako, alegia, euskara desagerrarazteko, baliagarria den seinale.

Ipar Euskal Herrian, beste urte batez, Euskararen Erakunde Publikoak hitz politak, asmo ederrak eta paper gaineko plangintzak baino ez ditu eskaini. Euskararen ezagutza juridikoan ez da inolako aurrerapausorik eman eta, beste behin, euskarak eta beste hizkuntza gutxiagotuek behar duten legea atzeratu egin da. Era berean, krisialdiaren aitzakiapean, hainbat murrizketa egin dira hezkuntza alorrean zein hedabideen eremuan, gainerako eremuetan ez delarik sakoneko aurrerapausorik eman (administrazio publikoa, alor sozioekonomikoa…).

Herri gogoak aurrera

“Halere, azpimarratu behar dugu urtekariak alde gozoa ere baduela. Hor kokatu behar dugu euskalgintzatik urtean zehar garatu diren proiektuak eta jardunak. Haizeak aldekoak izan ez badira ere 2011 urtean euskalgintzak ekarpen oparoa egin dio hizkuntzaren normalizazio-prozesuari, eta beste urte batez erakutsi du herrigintzaren zutabea sendoa dela”, esan du Bilbaok.

Urtekaria euskarri digitalean jaso da. Hizkuntza-politikari buruz Kontseiluak sortu duen blogean eskuratu ahalko da www.kontseilua.org/hizkuntzapolitika helbidean, hain zuzen ere.

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.