Hezkuntza Sailak eta Elhuyar Fundazioak elkarlan-akordioa sinatu dute

Hezkuntza Sailak eta Elhuyar Fundazioak elkarlan-akordioa sinatu dute –

Hezkuntza Sailak eta Elhuyar Fundazioak elkarlan-akordioa sinatu dute
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Elhuyar Fundazioak elkarlan-akordioa sinatu dute euskal gizarteari 2010ean zientzia gerturatzeko eta zabaltzeko. Ekitaldian, bi erakundeetako ordezkari nagusiek hartu dute parte: Maria Isabel Celaá Diéguez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua; Pedro Luis Arias Ergueta, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea; Jose Mari Rodriguez Ibabe, Elhuyar Fundazioko lehendakaria; eta Itziar Nogeras Berra, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia.  

Akordio honen bidez, Hezkuntza Sailak konpromisoa hartzen du Elhuyar Fundazioak proposatutako urteko lan-programaren jarduerak garatzen laguntzeko, finantzaketa bitartez. Zehazki, hiru dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bultzatuko dituen proiektuak: Zientzia Udalekuak, Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategia eta Teknopolis telebista-programa. 

Bi erakundeentzat bereziki garrantzitsua da gazteen artean zientzia-bokazioak bultzatzea. Horregatik, eta Hezkuntza Sailak bultzatuta, Elhuyar Fundazioak Zientzia Udalekuak antolatuko ditu lehen aldiz 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat. Zientzia Udalekuen ardatz pedagogikoa aisialdia eta zientzia uztartzea da, eta uztailean antolatuko dira, astebeteko hiru txandatan. Guztira Euskal Autonomia Erkidegoko 150 gaztek izango dute parte hartzeko aukera.

Gainera, hitzarmen honekin Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategia lagunduko du. Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategiak zientzia eta teknologiari buruzko hausnarketa eragitea du helburu. Horretarako, informazioa jaso eta zabaldu ez ezik, ikerketa-sarearen, administrazioaren, hezkuntzaren eta gizartearen arteko harremanak sustatzen ditu, eta eragile horien guztien iritzia eskuratzen ahalegintzen da. Gizartean zientzia eta teknologiaren alorreko hausnarketa eragiteko akuilu-lana du Elhuyar Laborategiak. Eta horren baitan, bi proiektu nagusi izango ditu 2010. urtean. Batetik, “Gazteak eta zientzia” pertzepzioen eta bokazioen diagnostikoa egitea, eta, bestetik, “Zientzia eta teknologia telebistan” azterketa eta mintegia antolatzea.

Azkenik, ETB 1n, ETB 2n, ETB 3n eta Interneten emititzen den Teknopolis zientziaren dibulgazioko telebista-programa urte osora luzatzea adostu du ETBk. Programa horren babesle nagusia Eusko Jaurlaritzako Industria Saila bada ere, Hezkuntza Saila Teknopolisen babesleetako bat da, eta luzapenaren onespena eman du akordio honetan, Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Euskal Telebistak egin duten bezala. Teknopolis zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren asteroko telebista-saioa da, eta Elhuyar Fundazioak ekoizten du. Teknopolisen helburua da publiko orokorrari telebista-saio atsegina eta interesgarria eskaintzea, ikusleek zientziarekiko eta teknologiarekiko duten jakin-mina asetzearekin batera, telebista aurrean gustura egon daitezen.

Irudia | zientzia zientzia da | RinzeWind | Creative Commons By SA
Hezkuntza Sailak eta Elhuyar Fundazioak elkarlan-akordioa sinatu dute

Zer duzu buruan “Hezkuntza Sailak eta Elhuyar Fundazioak elkarlan-akordioa sinatu dute”-ri buruz

  • Halako albiste landu eta borobilean, nola ez da aipatzen diru kopururik?