Herri-merkataritza bultzatu nahi baina kanpokoentzat aparkatzeko tokirik ez

Ordizian Elkarteko poltsa

Herri eta hirietako denda txikiei gero eta zailago egiten zaie hirien kanpoaldetan eraikitako merkataritza gune handien edo hipermerkatu erraldoien aurrean lehiatzea, barietateari eta prezioari dagokionari, batez ere (zer esanik ez merkataritza guneek eskaintzen dituzten aukeren eta erosotasunen aurrean: eguraldi desatseginaren kontrako babesa, mota askotako dendak, denda kate handiak, familia osoarentzako aisialdirako aukerak, tabernak, doako aparkaleku babestua…). Tokian tokiko udalak horretaz jabetzen dira eta herri-merkataritza bultzatzeko hainbat kanpaina martxan jartzen dituzte.

Aldiz, herrietako denda txikiek badituzte makro-dendek eskaintzen ez dituzten abantailak garrantzitsu bat: tratua, kalitatea eta gertutasuna.

Horregatik eta orain aipatzera ez noan beste hainbat arrazoirengatik (nagusia: hipermerkatuen tiraniarekin amaitu behar da!), ahal dudanean nahiago dut denda txikietara jo, hipermerkatu handietan erostea baino. Lazkaon bizi naiz, 5.000 biztanledun herrian, eta ia-ia erosketa guztiak herritik atera gabe egin ditzaket. Egia da batzuetan alboko herrietara jo behar izaten dudala Lazkaon falta diren produktu edo zerbitzuen bila. Horregatik, bizikleta hartu, erosketa poltsa saskian jarri eta Ordizia edo Beasainera jaisten naiz.

Ordiziak beti izan ditu aparkatzeko arazo handiak (eta Beasainek beste hainbeste), aspalditik entzun izan dut kontu bera etxean. “Herri horretan ez dago aparkatzerik! Akabo! Nahiago dut kotxea hartu eta Carrefourrera edo Eroskira joan!”. Horregatik aukeratzen dut bizikleta.

Baina lehengo egunean, oso eguraldi txarra egiten zuen eta autoa hartzea baino beste erremediorik ez nuen izan dendara joateko. Aparkaleku bila auzoan bi buelta eman ondoren, amore eman eta autoa espaloi gainean utzi behar izan nuen. “Bost minutu baino gutxiago izango dira, ez dut trafikoa oztopatzen; ez da ezer gertatuko. Larrialdiko argiak emanda utziko ditut eta kito”. Hiru minututan bueltan nintzen eta hara nire sorpresa, haizetako garbigailuaren azpian papertxoa topatu nuenean. 40 euroko isuna!

Bai, badakit gaizki egin nuela. Araua hautsi nuen, beraz, ordaindu egin beharko nuen. Baina orain hona nire kexa:

Nola bultzatu nahi dute udalek herri-merkataritza aparkatzeko gero eta oztopo gehiago jartzen badituzte? OTA, aparkaleku geroz eta urriagoak, udaltzainak zakur gosetien modura (5 minutuz) gaizki aparkatutako autoen bila… Horrela ez dute inguruko herri txikietako jendea erakarriko, nahiago izango baitute hipermerkatu handietara jo.

Beste kexu bat, eta saiatuko naiz gehiegi ez luzatzen, sumindu egiten bainau: Herriko jendeak kotxean herriko toki guztietara joateko duen mania kezkagarria da. Kilometro bat egiteko ere (10 minutu oinez!) kotxea hartzen dute, kotxea benetan hartu behar dutenei aparkatzeko aukerak kenduz. Eta ezagutzen ditudan kasu guztiak ezin ditut zenbatu eskuko hatzekin!

Oso ondo dago udalek egiten duten ahalegina herriko merkataritza sustatzeko, dendek ematen baitie bizia herriei (gogoratu Antzinako Greziako agorak edo Erromatar inperioko foroak), baina gogoan izan behar dute horretarako azpiegitura egokiak jarri behar dituztela kontsumitzaileen zerbitzura. OTA edo aparkaleku eskasak badituzu, sentitzen dut, baina ez naiz zure herrira joango erosketak egitera.

Bestalde, herritarrok kontzientzia geureganatu behar dugu, ezin dugu ogia erostera joateko kotxea hartu, alferkeria alde batera utzi behar dugu behingoagatik, nahiz eta eguraldi txarra egin, zerbaiterako asmatu zituzten beroki eta aterkiak!

UDAZKEN KOLOREAK