Herrenak abantaila behar du

Herrenak abantaila behar du

Atzo eman ziren argitara Eusko Jaurlaritzak banatuko dituen diru-laguntzen zenbatekoak, eta ez zalapartarik sortu gabe. Izan ere, Berriari inoizko laguntzarik txikiena emango dio Jaurlaritzak, pasa den urtean baina %14 gutxiago. Eusko Jaurlaritzak “irismena” eta “kontsumoa” aintzat hartu dituela eta Berriaren babesle nagusia izaten jarraitzen duela azalduta erantzun ditu kritikak. Ez zait argudio kaskarragorik bururatzen.

Ramon Saizarbitoriak esana da zuzenbidezko berdintasunak izatezko ezberdintasunak sakontzen dituela; eta horrexegatik, bere auzoan behintzat, ematen zitzaiola herrenari abantaila lasterketetan. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzek ez lukete merkatuaren joera indartu behar, merkatuaren lege makurrek sortutako desorekak zuzendu baizik, helburu jakin batzuei eta irizpide kualitatiboagoei erreperatuta.

Gauza bera gertatzen da EITBn. Ikusle gehien dituen katea ETB2 denez gero, publizitatea lortzeko aproposak diren saio garesti eta landuak ematen dira bertan. Aldiz, ETB1ek ikusle gutxi ditu, eta arriskatuegia ei da halako inbertsioak egitea, nahikoa da meza eta herri-kirolekin. Jokabide horrek, sorgin-gurpila elikatu eta diferentziak areagotu besterik ez ditu egiten, eta horrela ezinezkoa da helburu kualitatiboekin (kalitatezko telebista, euskararen zabalkundea..) amestea ere. Kontsumoa irizpide izateak erakusten du Jaurlaritzak ez duela helburu estrategikorik, edo baldin baditu, ez duela batere grin eta gogorik horiek borrokatzeko.

Helburuak lortuko badira, ongi zedarritutako irizpideak behar dira horretarako. Hekimenek proposatzen dituenen artean, bat azpimarratuko nuke: estrategikotasuna. Zenzu horretan, atentzioa eman dit paperezko hedabideen aldean sarekoek jasotzen duten laguntza urriak. Argiak esaterako, sarean lan paregabea eginagatik, papererako baina 10 aldiz diru gutxiago jasoko du sareko erredakziorako, iaz baina %20 gutxiago.

Sareak ezinbestean aldatu du azken urteotan euskarazko hedabideen mapa: baliabide gutxiago eskatzen dituenez, hedabide berri mordoa sortu dira (Topatu, Uriola…), eta bestetik, garai batean tokian tokiko soilik ziren hedabideak orain nazio mailan zabaltzen den edukia sortzen dute. Tendentzia horrek jarraituko duela dirudi, eta horrela bada, horrek  izan behar du eragina diru-laguntzen banaketan ere. Apurka apurka, sareko ekimenetara bideratutako ehunekoa haziko dela espero edo aurreikus daiteke, eta horrekin batera, hedabide batzuen laguntzek gora, eta beste batzuenak behera egingo dutela. Orduan ere zalaparta sortuko da, baina behintzat, “irismena”, “kontsumoa” eta gisa bereko argudio merkatuzaleez gain, beste irizpide batzuk aipatu ahal izango ditu Jaurlaritzak.

Herrenak abantaila behar du

NIRE KONTRA ESANAK