Hernaniko Udal Gobernuak bere egingo du herri galdeketako emaitza

ODU0

Hori hala, Udal Taldeak agintaldi honetan nahiz datozenetan ekipamendu kulturala gauzatzea izango du helburu nagusi. Lehenetsitako ekipamendua behin gauzatuta, Plaza eta Tiloak berritzea izango dute helburu; eta azkenik, igerilekua. Herri kontsultaren emaitza, lehenetsi den ordenean, Udal Gobernuaren iparra izango da hurrengo urteetan: “Udal ekipamenduen gaiari dagokionez, egun dagoen herri borondatearen adierazpen demokratikoena herri kontsulta honen emaitza da. Hori dela-eta, adierazpen demokratiko zabalagoa islatzen ez den bitartean, gure erabakiak kontsulta honen emaitzara lotuko ditugu”, azaldu du Beitialarrangoitiak.

Arrietak argudiatu duenez, emaitzei erreparatuz gero, herritarrek ekipamendu kulturalaren aldeko hautu garbia egin dute, 2. aukera ia hirukoiztuz: “Ez da zilegitasun demokratiko urriko emaitza ekipamendu kulturalak lortu duena bere 1.459 botoekin; izan ere, konparazioa eginaz, Udal honetako oposizio talde bozkatuenak baino bozka gehiago lortu ditu”.

Horren guztiaren ondorioz, 2010. urtean ekipamendu kulturalaren oinarrizko proiektuaren lanketarekin hasiko da Udala. Beitialarrangoitiak azaldu bezala, 2010. urtean oinarrizko proiektu honen gauzapenerako beharrezkoa izango den  diru poltsa gorde beharko da Udal aurrekontuetan. Proiektu horren lanketa gainera, interesa duten eragile kulturalen parte-hartzearekin egingo da: “Parte-hartzea ez da herri kontsultarekin amaitu, proiektua aurrera eramateko hurrengo urratsetan ere, parte-hartzean oinarrituko gara”.

Guztira 2.308 lagunek eman dute botoa galdeketan, Hernanin erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztietatik % 14,09k. Udalak “positibotzat” jotzen du 2.308 herritarrek euren hautua egin izana. Arrietaren hitzetan, Hernanin 30 urtetan egin den lehenbiziko kontsultan parte hartu duten hernaniarren kopurua “tamainakoa” da: “kontuan izan behar da ez gaudela ohiko hauteskunde batzuen aurrean non jarraipen mediatiko zabalak ere ez duen lortzen abstentzio maila handia ekiditea. Horri gehitu behar zaio kontsultarako gaia polemikoa ez izatea, eta Hernani elkarlanean eraikitzera zuzendutakoa izatea”. 

Kontsultak sortu duen herri dinamika ere baloratu nahi izan du Arrietak. Haren esanetan, nabarmena izan baita kontsultak herri elkarrizketa eta eztabaida eraikitzailea piztu duela kalean, etxean, koadrilan edota tabernan: “Herri kezkek, esperantzek eta ilusioek beren habia bilatu dute herri kontsultaren altzoan”.

Amaitzeko, Beitialarrangoitiak eskerrak eman dizkie herri kontsultan parte hartu duten hernaniar guztiei: “Desio dugun etorkizuneko Hernani horren eraikuntzan denok dugula lekua aipatu izan dugu. Izan eta gauzatu daitekeen Hernani horrek, herritar sentiberak, irribarretsuak eta kezkatuak behar ditu. Gaur atzo bezala, Hernanik badu altxor kuttun bat: hernaniarrak”.

Hernani, 2009ko abenduaren 1a 

Irudia | Hernaniko eliza eta plaza | Bixentro | Creative Commons By SA
hernani, herri kontsulta, udal politika
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude