Hernani eta Arano inguruan planteatutako makroproiektu eolikoen aurkako Txostena

Hernani eta Arano inguruan planteatutako makroproiektu eolikoen aurkako Txostena – 

Antonio Turielen hitzaldia: "Energia berriztagarrien eta zentral eolikoen makro-proiektuak eztabaidagai"Atxikita doan txostenak azterketa informatiboa eta kritikoa dakar Ereñotzuko (Hernani) Pagoaga auzoko mendietan eta Arano eta Mandoegiko mendialdean Repsol eta Endesa enpresek panteatutako makropoiektu eolikoen aurrean. Lan honek herritar, talde eta elkarte guztien artean gaia aztertzeko eta informazioa trukatzeko deia egiten du. Aranon jendea mugitzen ari da jada. Edonola ere, egitasmo hau egun Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura handiena litzatekeela kontuan hartuta, ezinbestekoa da Nafarroako eta Gipuzkoako zonalde honetako talde eta pertsona interesatu guztien artean elkartzea, informazio lana eta oposizioa antolatzeko. Txosten hau pertsona batek bere kabuz landutako ekarpen bat da. Edozein proposamen egiteko edota informazioa trukatzeko, harremanetan jar zaitezte. Dokumentua zuen inguruan zabaltzea ere eskertuko nuke.

DOKUMENTUA honako estekan eskuragarri dago (pdf formatoan) euskaraz eta gazteleraz.

ESTEKA: hernaniarano.wordpress.com

Eskerrik asko.

Laburpen gisa:

2024ko maiatzaren 23an Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian (EHAA/ BOPV) argitaratu zen iragarki baten bidez, Hernaniko udalerriko Urumeako mendietan 33 MW-ko potentzia eta 205 metro altuerako 6’6 MW-ko 5 haize-sorgailuz osatutako zentral eoliko bat eraikitzeko tramiteak hasi dira. Iragarkiak “Ikatz Gane” izena eman dioten proiektu honen eraginpeko lurraldea zehazten duen poligonalaren koordenatu geografikoak ematen ditu. Zentral eoliko horren kokapen probableena Pagoaga auzoko Pagalegi-Garagartza mendilerroan eta Aranoko mugan (Nafarroa) Garagartzatik Unamene aldera (San Migel Soro) duen luzapenean dago. ARGIA aldizkariak emandako berriaren arabera, proiektua aurkeztu duen “Enigma Green Power” sozietatearen atzean Endesa dago (ikus 1. oharra, azken orrialdeetan). Proiektu eolikoak izendatzeko sasi-toponimoak asmatzeari dagokionez, gero eta ohikoagoa da amarru hori, era horretan egitasmoek kaltetutako inguruak leku jakinekin identifikatzea eragozten baitute. Hartara, Azpeitia eta Aramaioko poligono eolikoei “Piaspe” eta “Itsaraz” deitu dieten bezala, “Ikatz Gane” izena jarri diote Hernanikoari (2).

Bestalde, Mandoegi eta Aranoko mendien inguruetan Repsol enpresa 99 MW potentziako makroproiektu bat bultzatzen ari dela baieztatu da udan zehar: egitasmo horrek 165 metro altuerako eta 4’5 MW-ko 22 aerosorgailu lituzke (edota 205 metro altuerako eta 6’6 MW-ko 15 airesorgailu), eta Arano, Hernani, Goizueta eta Berastegiko udalerrietako mendi-lurretan kokatuko litzateke. Horri dagokionez, Nafarroako Sustrai Fundazioak 2023ko apirilean salatu zuen FE Energy izeneko kontsultora bat Madrilen 100 MW ko megaproiektu eoliko bat izapidetzen ari zela, “Hernani eta Goizueta artean” (El Diario Vasco, 2023-4 20). Megaproiektu hori Euskal Herrian egun planteatzen den mota horretako azpiegiturarik handiena izango litzateke, eta tramitazioa Estatuaren eskumenekoa da, bere dimentsioengatik eta bi autonomia erkidegori eragiteagatik (3). Bada, joan den uztailaren erdialdean, hain zuzen ere FE Energy kontsultorako zenbait ordezkari Aranoko Udaletxera joan dira, udalerriko zinegotziei “motorra saltzen” saiatzeko eta presioa egiteko, esanez proiektua onartzearen truke enpresa prest legokeela era guztietako konpentsazio ekonomikoak emateko (pilotalekua estaltzeko, adibidez). Udal ordezkariek egitasmoaren aurka erantzun zuten. Era berean, azken urtean hilabete luzez Aranon eta Hernanin kaltetutako mendietako hainbat lekutan ikusi den “TAXUS Estudios Ambientales” enpresa, proiektuaren sustatzaileek ingurumen-inpaktuaren azterketa egiteko kontratatua dutela adierazi zieten. Bestalde, makroproiektu honekin lotuta, Oiartzungo azpiestazio batean banaketa orokorreko sarera konektatzeko baimena dutela esan zuten.

Horregatik egin da txosten hau, Urumeako mendietan proiektatutako konplexu eoliko handiaren aurrean alerta emateko, eta, aldi berean, hori egiteak ekarriko lituzkeen inpaktu larrien berri emateko, kaltetutako Ereñotzu eta Arano inguruko mendien balioak nabarmentzeko, baina baita nabarmenki ere, energia eolikoaren eredu desarrollistari eta megaproiektuetan oinarritutako trantsizio energetiko korporatiboari buruz funtsezkoak diren hainbat gai kritiko azaltzeko, energiaren kudeaketa lokalago eta deszentralizatuago baten kaltetan nagusitzen ari baita eredu hori. Ildo horretan, honako hauek dira azterketa honetan lantzen diren gai nagusiak:

> Arano inguruan planteatutako proiektu eolikoek, intentsitate eta tamaina handikoak direnez, eragin izugarri negatiboa izango dute herri honetan. Egun 110 bizilagun dituen Arano bezalako mendi herrigune batentzat, bere inguruaren balio naturala da herritarren biltzailerik onena, eta, beraz, horren zaintza eta kontserbazioa herri horren biziraupenerako faktore bat da. Era berean, Pagoaga inguruak jasango lukeen inpaktua nabarmendu behar da. 60 bat bizilaguneko auzoa da, gehienak Urumea ibaiaren eta Urruzuno errekaren (Olaberria) inguruan sakabanatutako baserrietan bizi direnak, Ereñotzuko eremu oso menditsu batean. Pagoagak fisikoki pairatu beharko lituzke makropoligono eolikoari lotutako sarbideen eta azpiegituren obra askoren inpaktuak.

> Kaltetutako lurraldearen Gipuzkoako zatiari dagokionez, Urumeako mendietako basoa berreskuratzea gure garaiko proiektua izan behar dela azpimarratzen da: ikusiko denez, proiektu eolikoak “Urumeako Zilegimendiak” izan zirenen zati handi bati eragiten dio Etxolaberriko ingurunean eta Kartola edo Etxola-errekaren arro zabalean. Eremu horrek baso-aberastasun handia zuen, baina aprobetxamendu komunaleko eskubide kolektiboen aurka egindako gehiegikeriek eta baliabideen ustiapen industrialak markatutako historia luzea igaro du. Horren ondorioz, gaur egun hazkunde azkarreko baso-landaketen monolaborantzak gehiegi ustiatutako lurraldea da, nahiz eta bere zabalera eta sare hidrografikoaren kalitatea direla eta, arro honek hurbil dagoen Leitzarango Haranaren antzeko biotopo bat osatzen jarraitzen duen.

> Bestalde, makroproiektu eolikoen garapena bateraezina dela azpimarratzen da energiaren kudeaketa lokalagoa eta komunitarioagoa bultzatzearekin. Energia berriztagarriek deszentralizazioan dute beren indar iraultzailea eta energia-kontsumo askoz gutxiagoko gizarte baterantz jotzea eskatzen dute. Energia berriztagarrien sorkuntza banatua eta deszentralizatua bultzatzearen alde egiteko, eta lurraldea suntsitzen duten makroproiektuak baztertzeko beharra azpimarratzen da. Era berean, Trantsizio Energetikoaren Legean jasotako “konpentsazio-neurriak” eta herritarrek negozioan parte hartzeko formulak salatzen dira, makroproiektuek jendartean pizten duten aurkakotasuna indargabetu nahi duten aringarri hutsak direlako.

> Duela bi hamarkadaz geroztik, makroproiektuak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko metodo gisa justifikatu nahi dira, baina megaproiektuetan oinarrituriko trantsizio energetikoaren eredu korporatiboa mundu osoan kalte ekologiko larriak eragiten ari dela ohartarazten duten azterketak geroz eta gehiago direla azpimarratzen da. Hau da, eredu horrekin ustez ekidin nahi duten katastrofe klimatikoa azeleratzen egon daitekeela arrazoitzen da, herrialde osoak sakrifizio-lurralde bihurtu eta kolonialismo energetikoa berreindartuz eragiten ari den kalte sozial larriekin batera. Horri dagokionez, Antonio Turiel bezalako ikertzaileek egindako ikerketez gain, uda honetan Ekologistak Martxan taldeak, OMALek (Latinoamerikako Multinazionalen Behatokia) eta Paz con Dignidad erakundeak argitaratutako txosten bat aipatzen da lan honen azken atalan: txosten hortan, Europar Batasunak abiarazitako “erasoaldi estraktibista neokolonialaren” salaketa irmo eta dokumentatua egiten da, “trantsizio energetiko korporatiboan aurrera egin ahal izateko ezinbestekoak diren mineralak transnazional europarrek eskura ditzaten ziurtatzeko”. Are gehiago, txosten horren arabera, deskarbonizazio planak betetzeko aukerak “Ukraina eta Palestinako bonben azpian lurperatuta geratu dira”, eta gerrarako aurrekontuak handitzearekin eta armamentu industria suspertzearekin “kapitalismo berde eta digitala kapitalismo berde militar bihurtu da”.

Hernaniko eta Aranoko proiektuak espazio geografiko berean eragiten duten egitasmo “konkurrenteak” dira eta konplexu eoliko handi bakarra osatzen dute:

Aurkezpen hau amaitzeko, gertakari garrantzitsu bat aipatu behar da: dirudienez, Hernanin eta Aranon bi proiektu eoliko “konkurrente”ren aurrean gaude, partzialki espazio geografiko berean elkartzen direnak (4). Izan ere, Aranoko Udaletxera joan ziren FE Energy enpresako ordezkariek zinegotziei adierazi zieten beren proiektuko 9 aerosorgailu Hernanin kokatuko liratekeela, eta horietako batzuk Aranora lekualdatzeko interesa agertu zuten gainera… Bitartean, EHAAko maiatzaren 23ko iragarkiaren bidez, Hernaniko proiektuaren ingurune geografiko berean beste proiektu eoliko bat egiteko asmoa izan lezaketen gainerako enpresei “lehiarako eskabidea” aurkezteko epea zabaldu zen; eta hogei eguneko eta hurrengo hilabeteko epea aspaldi amaitu bada ere, Eusko Jaurlaritzak ez du proiektu horri buruzko ebazpenik argitaratu –hala egin du, aldiz, tramitazioa maiatzaren egun berean hasi zuen Bergarako Basalgo Zentral Eolikoaren proiektuaren kasuan, proiektu hori uztailaren 23ko EHAAn argitaratutako iragarki berri baten bidez “hautatua” izan bait da (5).

Horrek esan nahi du, segur aski, Eusko Jaurlaritzak Madrilgo Gobernuari bidali behar izan diola afera hau, hark erabakia har dezan eremu horretan proiektatutako konplexu eolikoari buruz; izan ere, 100 MW-ko potentzia duen instalazio-multzo bat osatzen da, eta bi autonomia-erkidegori eragiten dienez, Estatuko Administrazioa da bi proiektuen Ingurumen Inpaktuaren Baterako Adierazpena eta izapideak egiteko eskuduna.

Bi proiektuek espazio geografiko berean eragitea ekarri duen egoera hori, enpresek itxuraz modu deskoordinatuan lan egitearen ondorio izan daiteke, edo negozioa elkarren artean banatzeko aldez aurretik diseinatu duten estrategia baten parte izan daiteke. Dena den, tramitazioa atzeratzea ekar dezake egoera honek. Baina, adi, egoera honetan Estatuak energia berriztagarrien proiektu handienak bizkortzeko aukera ematen dion “express prozedura” aplikatzea ere gerta bait daiteke –20/2022 Errege Dekretua, alegia (6)–, hain zuzen ere Estatuari parte-hartze publikoko eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioko prozesua ezabatzeko aukera ematen diona.

Nolanahi ere, gai honi heltzeko ordua iritsi da.

 

HERNANI ETA ARANO INGURUAN PLANTEATUTAKO MAKROPROIEKTU EOLIKOEN AURKAKO TXOSTENA.pdf

 

Hernani eta Arano inguruan planteatutako makroproiektu eolikoen aurkako Txostena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude