Hermeneutika, herensugeak eta kaleratzeak

Hermeneutika, herensugeak eta kaleratzeak; zerikusirik bai euren artean?

Momentu honetan sentsazio arraro xamarrarekin hasi dut artikulua, oraindik hitz hauek idazten ari naizen bitartean indar harremana nire alde dagoelako. Zergatik? Nik hermeneutika zer den badakidalako eta zuek ez!!! HA HA!

Beno, ZUZEU inguruan dagoen mailarekin ziur naiz oker nagoela (eta google garai honetan meritu handirik ere ez dut), baino nik behintzat duela egun gutxi jakin izan dut, berriz ere, zer den hermeneutika; unibertsitateko apunte batzuen artean azaldu zait.

Hermeneutika arte bat da. Testuak azaltzea, itzultzea edo interpretatzea ahalbidetzen duen artea, bereziki testu sakratu, filosofiko eta artistikoak. Eskoriatzako HUHEZI fakultatean Jon Sarasua aretxabaletarra izan genuen Filosofia irakasle, eta bere arabera, hermeneutikak beste diziplina kurioso bat barnebiltzen du: mitoen irakurketa eta interpretazioa. Hau da, herri batek belaunaldiz belaunaldi transmititutako mito bat sakon aztertuz gero, herri horren jendarte garaikidearen sustrai soziologiko eta antropologikoen zantzuak topa ditzakegula.

Adibidez, herensugea eta printzesaren kondaira. Mito hau ia Europa osoan errepikatzen da, tokian tokiko aldaera ezberdinekin, baina oinarri bertsua dute guztiek. Herensuge batek herri bat mehatxatzen du, eta eskatutako zergak ordaindu ezean bere kobazulotik irten eta herria erreko duela agintzen die guztiei. Kondizioa urtean behin neska gazte bat herensugeari eskaintzea da, piztiaren plazererako. Baina orduan, tatatatxan!, printze urdina agertzen da, norgehiagoka hunkigarri eta epikoan herensugea zerraldo utzi eta neska bereganatzen du; eta denok zoriontsuak gara, ale.

Lehenik eta behin, argitu behar da hau mito protesta bat dela. Erdi Aroan jauntxoek euren buruari eskubidea eman zioten beren lurretako emakumeak legalki bortxatzeko. Braveheart ikusi zenutenok oroituko zarete, prima nocte; eta nola aurkakoa esatea antikonstituzionala zen, jopuak, jo puntua galdu gabe, aldarrikapenaren forma aldatu zuen errepresioa saihesteko: ipuina, kondaira, mitoa.

Herensugea jauntxoa da, hori garbi. Humanitatearen historia klase borrokaren historia dela ere begi bistakoa da, herri xeheak ezin baitu bere eskutik ezer lortu, printze bat etorri behar da horretarako. Ziurrenik, istorio honen jatorria herri xehean dagoela kontutan hartuta, bere klasearen aurka diharduen norbaitengan pentsa dezakegu. Erdi Aroan jopuek printzeei gorazarre egiten zien ipuinak asmatzen zituzten, eta egun langile askok eskuinari ematen diote bozka eta boza; ezberdintasuna da bigarrenak irudimen gehiago eskatzen duela. Emakumea? Ba hori, herensugea eta printzearen artean dagoen kutixia; ea nork joko ote dion larrua, jauntxoak ala senarrak, alegiyeah. Ez dakit hermeneutika zuzen erabili dudan, baina egungo jendartearen ispilu nahiko argigarria da, ezta?

hermeneutikaKontua da Arrasaten kondaira hau aldatu egiten dela. Herensugea, mehatxua, eskaera… dena berdina da. Baina emakumearen bila ez doa pertsona bakarra, talde bat baizik; eta gainera, jauntxo edo nobleak izan beharrean, metaleko langileak dira. Euskal Herrian taldean, kolektiboan bizitza egiteak sozialki garrantzi handia izan omen du; beste kultura batzuetan norbanakoaren lidergoa oso garbia izaten zen bezala, hemen taldearen erantzukizuna handiagoa omen zen. Gaztelar nobleziak ez zuen lan egiten (ezta orain ere), eta diotenez, hemengoak bai (…?), lanaren beste pertzepzio sozial bat zegoelako. Emakumea? Ba hori, herensugea eta gizonen artean dagoen gutizia; ea nork joko ote dion larrua, jauntxoak ala senarrak, alegiyeah.

Pentsatzen dut Arrasateri kondaira honen harira deitzen diotela Mondragon gazteleraz.

Azterketa hermeneutikoa aplikatuz gero, ondoriozta dezakegu ez dela kasualitatea Debagoiena munduko gunerik aktiboenetako bat izatea kooperatibismoari dagokionez, esaterako. Auto-eraketan ibilbide luzea egindako eskualdea da. Debagoiena eta inguruko pertsona oso esanguratsuek urteak daramatzate kooperatiba mugimenduak daraman ibilbidea aztertu eta horren gaineko kritika egiten. HUHEZI fakultatean bertan kokatzen den Lankidetza Ikertegia (LANKI) izan daiteke adibide bat; bertan kooperatiba munduaren parte direnak mugimendu kooperatiboaren ikerketa daramate aurrera, euren hitzetan, giza garapen iraunkorraren alde.

Zeren eta, ez dezagun ahaztu, Laboral Kutxa mugimendu kooperatibista batetik sortutako bankua da. Beste balore batzuetan oinarritutako banku bat.

Ormaiztegin, nire herrian, Anek okindegi bat dauka, Aitziñe. Okindegia erosi ahal izateko mailegu bat eskatu behar izan zuen, eta berme bezala bere etxea eta gurasoena jarri behar izan zituen. Ordaindu beharreko diru kopurua eta epeak zehaztu zituzten Anek eta Laboral Kutxak. Zorraren %80a zintzo demonio ordaindu du, baina Euskal Herri osoan kafetegi, okindegi eta gozotegi zerbitzua asko handitu da, bereziki frankizien eskutik. Horrek bere diru sarrerak murriztu zituen denborak aurrera egin ahala. Kontuz, horrekin inongo unetan ez zion ukatu bankuari zorra itzultzea, ordainketa epeak malguagoak izatea baizik. Laboral Kutxaren erantzuna: okindegia, etxea eta gurasoen etxea kentzeko prozedura abiatzea (orain gurasoen etxea errespetatuko diotela zin egin dute). Hori egitea legala da.

hermeneutika
Faureciako langileak protestan

Laboral Kutxak oso gogor estutu dezake. Miren Peñaren senide, lagun, Faureciako lankide eta LABeko adiskideek oso ondo dakite hori. Bankuak ohar bat atera zuen, “Antsoaingo kasuaren” harira. PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Nafarroako Plataformaren arabera, bere hipoteka ezin izan zuen parametro berri batzuetan negoziatu. Laboral Kutxak plazaratutako oharraren azken puntuan honakoa dio: “bere banku-jarduera aurrera eramaten du pertsonekiko ahalik eta errespeturik handienarekin eta indarrean dagoen legeria betez“. Azken hau lehenengoa baino gehiago sinesten diet.

Badakidalako Laboral Kutxak nola jokatu duen Anerekin, eta ezin dudalako sinetsi kasu solte bat denik.

Azterketa hermeneutikoa berriz aplikatu, eta zuek ikusi zein den herensugea.

P.D.- Kontraesanez beteriko tipoa naiz, zuek bezala, zer uste zenuten ba. Telefonoa Movistarrekin daukat, energia Iberdrolarekin eta bai, dirua Laboral Kutxan. Bidean noa, energia Goienerretik jaso, sosak Fiaren izan eta mugikorrarekin dauden aukerak aztertzen. Alternatiben eraikuntzan pauso pertsonalak ematen ditut eta eman beharko ditut, eman beharko ditugu, asko, bizitzan zehar.

http://www.fiarebancaetica.coop/eu

http://www.goiener.com/eu/

 

 

 

 

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.