Herentzia

eguna-gaua-24Seme-alabak izan edo izan gabe, denok izaten dugu gogoan, noizbait, ondorengoei utziko diegun ondarea. Ondasun materialak izan ezean, poza ematen digu bestelako herentzia utziko diegula pentsatzeak. Heziketa on bat, probetxuzko ikasketak, izan genuena baino gizarte justuagoa, ongizate handiagoa, jaso genuena baino hobea den zerbait, alegia. Ez da harrokeria. Ez da itzala uzteko beharra. Barrutik sortzen den desioa da. Norberak, giza taldeak, belaunaldiak, oinordetzan hartu duena baino gehiago emateko bihotzeko desioa baizik.

Duela gutxi arte, sinestuta geunden gizarte hobe baten bidean urrats eraginkorrak eginda genituela. Uste genuen funtsezko hainbat gizarte lorpen bermatuta zeudela. Egiteko asko egon arren, lortutakoa sendoa zela. Baina, segurutzat jotzen genuen hori galzorian ikusten dugu orain. Ostiraletik ostiralera egiaztatzen dugu domino efektu gaizto baten eraginpean, fitxa guztiak ari direla botatzen. Eta eraiki genuena arrapaladan nola eraisten ari diren ikusteak amorrua ematen du. Eta tristura. Eta beldurra. Beldurtuta gaude. Urdailean sartzen ari zaigu ikara astun bat, izu hotza eta paralizatzaile bilakatzeko arriskuarekin.

Baina ez da beldurtzekoa. Aberats jaio ez ginenok badakigu gazte ginenetik hona ongizatean irabazi dugun hori gabe ere bizi daitekeela. Ez dugu ahaztu orduan genuena, eta ez genuena eta garai hartako bizimodua. Gogoan dugu gurasoek gutxirekin bizitzeko egiten zuten ahalegina eta ahaleginaren emaitza. Ez da beldurtzekoa. Sumindu gaitezen. Euts diezaiogun haserreari. Borrokatu gaitezen gurearen alde. Baina beldurrik gabe.

Eta izan dezagun garbi ondorengoei utz diezaiekegun ondarea kontzientzia dela. Memoria. Lapurren izen eta abizenak eta lapurretaren kontakizuna.

Eta nork daki ez ote den hori herentzia hobea izango, orain arte segurutzat jotzen genuena baino!

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz