Hau da EiTBk euskarazko katearen alde egin duen apustua

Hau da EiTBk euskarazko katearen alde egin duen apustua –

Hau da EiTBk euskarazko katearen alde egin duen apustua

ETB1 telebista kateak datorren denboraldirako programazio berria estreinatuko du datozen egunetan. Maite Iturbek zuzendaritza hartu zuenean euskarazko katea indartzea jarri zuen helburu, eta emaitza laster ikusi ahal izango dugu. Barne produzkioaren alde egin dute apustu, etxeko baliabideak zukutuz. Zazpi saio estreinatuko dituzte eta hamabi telebista ordu gehiago sortu astero. Guztira: astean 55 zuzeneko ordu.

ETB1eko arratsaldeko programazioak igarriko du aldaketarik handiena. Irailaren 23tik aurrera atzemango dira berrikuntzat. Albistegiaren ostean ‘Txoriene‘ sukaldaritza saioa emitituko dute, Pili Manterola sukaldariarekin. Jaime Otamendik segiko du, ‘Airean‘ gaurkotasun magazinarekin. Zazpirak baino lehen hasiko da ‘Hizkamizka’ lehiaketa, Zuhaitz Gurrutxaga aurkezle lanetan duela. Gaueko albistegiari bide egingo diona ‘Euskal Herria Zuzenean‘ saioa izango da, gaurkotasuna bertatik bertara etxeraino ekartzeko. Sara Gandarak ekingo dio lan horri.

Hauez gain, Julian Iantzik ‘Bost Baietz‘ lehiaketaren atal berriak ekarriko ditu. Umorez bustitako albistegia ‘Kontrako Eztarria‘-rekin etorriko da (Xabier Euzkitze, Anjel Alkain, Iker Galartza, Jon Plazaola). Berriz ekingo dio Sautrela literatura saioari Hasier Etxeberriak.

Arratsaldeko estreinaldiez gain, ETBk ordutegi-nagusian ‘101 Gaztelu‘ abenturazko reality berria eskainiko du, Julian Iantzirekin. Jada lehenbiziko atalak eskain dituen ‘Tumatxak‘ saioak segida izango du, Zuhaitz Gurrutxagarekin. Musikariekin egongo da eta euren musikaren arrakastaren giltza aztertzen saiatuko da. Kike Amonarrizek  ‘Tribuaren Berbak‘ euskararen alderdirik deigarri eta ezezagunenak agertuko ditu, modu entretenigarri eta dinamiko batean.

Goenkale‘-k ez du bere 20. urteurrenean hutsik egingo, astelehen eta astearte gauetan. ‘Irrikitown‘-en umorea izango da protagonista, laster hasiko dira atal berriak prestatzen.

Gaueko programazioarekin jarraituz, abenturazko ale berriak ekarriko ditu Alex Txikonek ETB1eko gauera ‘Txikon Xtreme‘ saioan. Larunbat gauetan, ‘Gure Zinea‘ izango da. Nazioarteko zine onenaz gain, euskal zinearen erakusleihoa izango da. Besteak beste, Amaren eskuak, Dragoi ehiztaria, Bypass eta Bertsolari emitituko dituzte.

Hau da EiTBk euskarazko katearen alde egin duen apustua

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

16 pentsamendu “Hau da EiTBk euskarazko katearen alde egin duen apustua”-ri buruz

  • Bazen garaia ETB1-en alde egiteko!!!
    Galdera bat, su artifizialak, Villakonejoseko jaien zuzeneko luzeak, dantza klasiko eta kulturismo txapelketak, 399 bider errepikatutako saioen errepikapenak, eta antzerako betegarri jasanezinak kenduko dituzue?

  • Ba ez dakit Itzain, baina programazioa nahiko interesgarria dela dirudi. Nafarroan TDT bidez ikusteko aukera izango bagenu… gehiegi eskatzea ote?

  • Aitortu beharra daukat, oro har, programazio berria interesgarria iruditu zaidala, eta nahiko globala, publiko mota ezberdinak erakartzeko modukoa. Espero dut apostu sendoa eta epe luzerakoa izatea… etb1 hondoak jota dago, eta egoera ez da egun batetik bestera aldatuko… baina gauzak ondo egiten badira, pausoz pauso, euskal komunitatearen erreferente bihurtu daiteke. Espero dut horrela izatea… animo asko eta zorte on!!!

  • Urrutitik, halako 7 saiok “hamalau” dirudite. Ea sikiera “lau” izatera heltzen diren…

    Bestetik, aipagarria iruditzen zait SAUTRELA saioaren itzulera. Ni ere irrikitown!

  • Bueno, itxura ona du, eta ni behintzat pozten naiz kanpoko fikzioak (filmak) ere lekua baduelako. Ez diogu beti egurra emanen ETB 1-i!
    Dena dela, iradokizun bat: niri gustatuko litzaidake ETB 1-en Euskararen Herri osoa hartzea kontuan. Orain dela egun batzuk, Irrikitown-en, euskaldunen arteko lehiari/zirikei buruzko esketx bat eman zuten: gipuzkoarrak hau-ta-beste esaten zuen, bizkaitarrak gipuzkoarren kontrako zerbait, eta arabarrak Baskoniaren aldeko beste zerbait. Eta kito.
    Atzo, “Kontrako eztarrian” hasi omen ziren: “zer konpetentzia dugu ordu honetan?” “Cuatron, hau, Sextan beste hori…” Denak Espainiako kateak. “Bost baietz” saioan: “zer programatako maskota zen Ruperta kalabaza?” Euskaldun batzuentzat zentzurik gabeko galdera. Tira, euskarazko katean sentsibilidade handiagoa izan zitekeen, nahiz eta batzuetan zaila izan.

  • Kontrako eztarria ikusi nuen atzo. Gustatu zitzaidan. Niri bakarrik ez… etxekoei ere bai, txikiak barne, ufff! Baliabide gutxi baina talde talentuduna osatzen dute.
    Hori bai, BNaparroanek arrazoi osoa du. Gero eta nabariagoa da, EITBren kate guztietan (eta Radio Euscañi-n lotsa gabe), Espainiarekiko erreferentziak eta komuneko markoaren edo “marko komunaren” azpimarra. Negargarria, besterik gabe. Salatu beharrekoa, “beste erkidego politikoetako” euskaldunak bazterrean uzten baitira, komunitatea zatitu eta elkarrenganako erreferentziak urrundu. Aski da politikeo merkeaz EITBn ere.
    Eta nik ere itxura ona antzematen diot programazio berriari, eta zorterik onena opa diet… gure buruei, EITBk “gurea” behar bailuke, eta guretzat, euskaldunontzat, PSOE, EAJ ala Bildu (noizbait) hariak mugitzen ibili arren. Hortaz, guretzat onena nahi dudalako, onena nahi dut EITBrentzat ere, eta orain arteko zabor programazioko hainbeste saio betegarri mantentzen badituzte, horrek kalte handia egingo die, egun egiten dien bezala, kalitatezko saioei.

  • Arkaitz Goikoetxea 2013-09-18 10:51

    ‘Kontrako eztarria’ ez dut osorik ikusi, zatitxo bat baino ez, Nahieran. Deigarria egin zait aurkezle taldearen osaera (lau gizonezko). Aztertzekoa litzateke horrek zenbateraino baldintzatzen duen umorea egiteko modua. Bestalde, atal batean, langabeziaren datua eman dute, EAEkoa soilik, eta hori ere deigarria egin zait. Esan bezala, ez dut osorik ikusi programa, eta ez dakit nik ikusi gabeko zatian eredu ‘orekatuagoa’ erabili ote duten, nolabait esatearren.

  • Peru Dulantz 2013-09-18 10:57

    Itzain, kontrako eztarria gustatu? Bada, guk alde egin genuen 10 minutu pasa baino lehen, “de puta madre” gora eta “de puta madre” behera… Gustu txarreko txantxak, gaztelania eta Espainiako erreferentziak etengabe erabiliz… Hori al da euskal umorea? Shin Chanen bihurrikeriak (ETB3) nahiago izan genituen, barre gustura egin eta haserretu gabe.

  • Ze puristak garen batzuetan, amatxo maitea. “De puta madre” esatea eta Espainiako erreferentziak sartzea gure gizartean isla dela esango nuke, hori ukaezina da. Horrelako hitzak erabiltzen dituzte euskaldun gehienek eta euskaldunon gehienak Espainia aldetik datozen erreferentzietaz inguraturik bizi gara eta hori ere euskaldunon telebistan agertu behar da zergatik ez.

  • Peru Dulantz 2013-09-18 13:32

    Ez dut esan ez direnik agertu behar. Baina umorearen % 99a horretan oinarritzeak atzera botatzen nau. Ni behintzat haserretu eta aspertu egin nintzen. Eta bai, saiatu beharko lukete zerbait orijinalago eta landuagoa egiten, eredu ere badirela ahaztu gabe. Euskal umorea bada, eta ETBn horren erakusgarri asko izan ditugu, baina atzoko lehenengo minutuak (ez nuen osorik ikusi) lotsagarriak iruditu zitzaizkidan.

  • Peru Dulantz 2013-09-18 13:40

    Duela urte batzuk euskaldunak omen ziren pailazo batzuk ikustera eraman nituen haurrak. Ikuskizuna hasi eta 20 minutura edo, ustez nire golkorako baina, nahi gabe, ozenki esan nuen: “azkenean txiste bat euskaraz!!”. Ordura arte, “La Pantoja está coja” bezalako perlak botatzen aritu ziren etengabe. Zer nahi duzu esatea? Espiritu kritiko minimo bat duen aita euskaltzale gisa…

  • Peru Dulantz 2013-09-18 13:49

    Kontua da ETBko esatari askori ere izugarri nabari zaiela ez direla euskaraz bizi, eta kultur erreferentzia nagusiak Espainian dituztela. Gatz eta piper minimo bat erantsi nahi duten bakoitzean nahitaez Espainara eta espainerara jo behar dute. Badakigu hori gure gizatearen isla dela, zoritxarrez, baina balio erantsi bat eskatu beharko litzaieke. Eta lehenengo ardura beraiek hartu beharko lukete: ETBn euskaraz lan egin behar baduzu, euskaldun ona izan behar duzu, eta euskaraz eta euskal kulturaz blaitu.

  • EITBn lan egiteko behar luke, taldeko edozein hedabidetan. Baina beste alderako bidea hartu dute nabarmen. Radio Euscadi entzutea euskaldunaren belarrientzat tortura saio bikaina izan ohi da, hasi euskal kulturari eskainitako tarte hutsaletatik, eta segi euskarazko hitzen ahoskeratik: Olach, Muniaín, Iraizóz, Archiniega, aberchale…
    Radio Euskaditik Radio Euscañira, hemen ere.

  • Peru Dulantz 2013-09-18 16:05

    Eta norbaitek esango al die EITB taldeko irratietako programatzaileei munduan badela musikarik ingelesez egidakoaz aparte (euskal musika ere ba omen da!). Nahiko esanguratsua da EITB irratian “Euskal Kanta” izeneko tartetxoa egotea: gustiz anormala!

    • Deus baino lehen, suerterik onena opa diet “Kontrako eztarria” egiten dutenei. Hasi berriak dira, eta ikusi egin behar. Dena dela, nik Peru Dulantzek izan duenaren antzeko sentimendua izan dut: ez gustatu eta ezin osorik ikusi. Formatu “berria” badu ere, badirudi ETBk azkeneko bolada honetan (bizpahiru urte?) ustez arrakasta izan duen umore estilo baten aldeko apustua egin duela. Segi eredu berarekin… Nik apustu eginen nuke ikus-entzuleen artean egiazki ez duela telebistagile horiek usten duten bezalako onarpena. Ez dut uste dagokionak behar den bezala aztertu duenik jendearen harrera.

      Estilo horren oinarria, nire iritziz, mintzamolde bat da. Eta mintzamolde horrek bi ezaugarri ditu, niri atzera eragiten didatenak: bat, hemen aipatu dena, gaztelaniaz eta Espainiako “kultur” erreferentziez baliatzea (beraz, ez bakarrik erdarazko hitzak eta hitz jokoak); bi, euskalkiaren erabilera itxi-behartua (espainolez ikusiak gara gisakoak: andaluz analfabetoa, arrunt gutti ulertzen zaiona, etab….). Eta bi aukera horiek, niretzat, oso desegokiak dira eta, gainera, baztertzaileak: lehena espainoletik aparteko euskaldunez ahanzten da; bigarrenak ikus-entzule anitz (hainbertze euskaldun zahar eta euskaldun berri guztiak) kondenatzen ditu ulertu gabe gelditzera (argi geldi dadila: ez naiz euskalki hori erabiltzearen aurka ari). Baliabide horren dosi ez handi bat onargarria litzateke, baina programaren ardatz gisara erabiltzen bada, problema larria dugu. Hala ere, zinez, animo eta suerte on. Badakit ez dela erraza asmatzea…

      Bertze programak, zer? “Bost baietz”: ez nuen fede handirik, baina nik espero baino hobeki ikusten dut. Hori bai, hemen ere lotsagarria iruditzen zait gidoigileek Espainiako erreferentziak barra-barra horrela erabiltzea. Eta aurkezleak izugarri balio du, dohain handiak ditu horrelako lan bat egiteko, baina jakin behar luke alderdi horretan ere (erreferenteak, hitz jokoak…) hobetu behar duela.

      “Tumatxak”: hagitz ona iruditu zitzaidan joan den asteko programa, alderdi guzietatik.

      “101 gaztelu”. Onartezina Mikel Goñi hautatzea lan horretarako. Programa grabatua eta egina dago, baina mutil horrek ez badu euskara lantzen ezin du horrelako saio batean halako presentzia izan. Horretaz aparte, errealizadoreak jakinen du zergatik ematen dituen “oso eztabaidagarriak” iruditzen zaizkidan irudi batzuk (kapitain horixe bera protagonista zenbaitetan). Hori kenduta, programa entretenigarri eta ikusgarria izan daiteke, baina iruditzen zait egileek bertze zerbait lortu nahi zutela.

      Eta kitto

  • Peru Dulantz 2013-09-19 10:33

    “Kontrako Eztarria” dela-eta, esan behar dut bigarren programa oso gustura eta barre algaraz ikusi genuela (gainera, ETB3ko Shin Chanen atala, oso ona, baina mila aldiz ikusitakoa zen).