Hamairugarren jardunaldiko apunteak

  • Partida on batek erakusten duena. Bere neurria emateko erronka polita zuen Athleticek. Goruntz zetorren taldea, sentsazio onak trasmititzen zituen eta maila oneko aurkari baten aurka jokatuko zuen San  Mamesen. Aurpegia eman zuen partidan, Muniainek iaioaren gola sartu zuen, baina Villak berdindu zuenean, atzean sartu zen talde zurigorria. Valentzia aurrekontuan eta jokalarien izenei erreparatuta Athletic baino gehiago da, eta kalitate hori (Villa eta Pablo Hernandezen jokoak desorekatu zuen balantza) une berezietan erakusten da. Azken emaitza? Puntu bat gutxienez ateratzeko aukera izan arren, galdu.
  • Golak ez jasotzea ia irabaztea da. Osasunari gol bat sartzen badiote, lanak izaten ditu partidak irabazten. Frogatua dago. Osasunak golik ez jasotzera jokatu beharko luke: atea hutsean mantendu eta atzeko sendotasunetik hasi aurrera begira. Atzeko sendotasunik erakutsi ezean talde arrunta da gorritxoa. Kontuan hartu beharreko datua da Iruñeako taldeak egin baino gol gehiago jaso izana. Capellok esan bezala, Osasunarentzat golik ez jasotzea ia irabaztea da. Golen bat sartzen dioten ia guztietan bezala, berdindu egin zuen azkenaren aurka.
  • Zigic, Larrazabal, Villa eta San Jose. Taldeek jokatzen dute futbolera, baina zelaian 11 jokalari daude. Eta talde jokoak ia pisu guztia izan arren jokalarien abilezia indibidualak partidak desorekatu ditzake. Emeryk Zigic atera zuenean aurrean erreferentzia handi bat izan zuen Valentziak. Athleticen defentsak asko nabaritu zuen hori. Zigicek bakarrik, edo bere legendak bakarrik, garaipenaren erdia eman zion Valentziari. Beste erdia Larrazabal bezalako jokalari bat ez izateak kendu zion Athletici. Larrazabalek erretiroa hartu zuenetik ez da penalti jaurtitzaile fidagarririk izan talde zurigorrian. Zenbat puntu galdu ditu Athleticek huts egindako penaltiekin? Villa bezalako jokalariek beldurra ematen dute. Aukerarik izan gabe ere gola sartzeko abildadea dute. Urrezko baloien sasoian, Villa bezalako jokalari gutxi daude. Eta jokalarien kalitateaz ari garela, azken bi partidak jokatu dituen San Joseri kalitatea ikusten zaio, baina jokalarientzat ezinbestekoa den zerbaiten falta ikusten zaio: konfidantza.
  • Emery. Futbol talde serio bat baino azoka baten itxura handiagoa zuen Valentziak denboraldi hasieran. Gaur gaurkoz hirugarren dago sailkapenean eta joko definitua du. Gauza asko kritikatu dakizkioke Emeryri (Zigicen bazterketa, adibidez), baina berari esker du taldeak duen jokoa. Langilea eta saiatua da, eta taldeak gidatzeko psikologia baduela erakutsi du. Presidentetzan arazorik ez duen talde sendo batean, kalitatezko jokalariekin ikusi nahiko nuke.
  • Gainbehera datozenak. Pasa den astean jaisteko aukera gehien zituztenak aipatu nituen. Ligaren herenean gaudenean, gainbehera datozen taldeak aipatu nahiko nituzke. Almeria, Zaragoza eta Espanyol zuloan sartzen ari dira.  Aterako al dira dinamika horretatik?

Athleticek Valentziaren aurka galdu egin zuen

Irudia | Athleticek Valentziaren aurka galdu egin zuen | Ezezaguna | LGPL