Hala Bedi irratia, babes eske

Hala Bedi irratia, babes eske2011n abiatu zen Irrati lizentzien lehiaketak hamaika buruhauste eragin dizkie Euskal Herriko hainbat irratiri. Azkenekoa, Hala Bediri; Izan ere, lehenengo eskaera egin zuenetik 5 urte inguru pasa direnean, lizentziarik ez diotela emango jakinarazi baitiote, nahiz eta, esan bezala, aurre esleipenetan bat egokitu.

Erantzuna azaroaren 22an egindako gobernu kontseiluan jaso zuen. Bertan, irrati-lizentzien lehiaketa bertan behera utzi izanagatik errekurtsorik jarri ez zuten irratiei lizentziarik ez emateko erabakia hartu zuten. Kontuan hartu behar da, errekurtsoa jarri zuten irrati batzuek jada badutela lizentzia, eta zenbait emititzen ere ari direla, Antxeta irratia kasu.

Ibilbide gorabeheratsua izan du Irrati Lizentzien lehiaketa honek, artean Patxi Lopez lehendakari zela martxan jarri zenetik. Hasieratik bertatik Hala Bedi kide den Arrosa Sareak salatu zuen lehiaketa ez zela modu egokian planteatu, Irrati komunitario eta euskaldunei ez baitzieten aukera egokirik eskaintzen lehiaketa honetan parte hartzeko, eta, beraz, lizentzia bat lortzeko. Euskararentzako ere, halaber, ez zen gutxienekorik ezarri.

Hala ere, Arrosa Sareko zenbait irratik aurkezteko erabakia hartu zuten eta irrati komertzialekin lehiatu ziren. Azpimarratzekoa da lehia honetan sartzeak irratiei eragin zien diru xahuketa handia eta buruhausteak. Hala Bedik, adibidez, publikoki eskatu behar izan zuen bermeak jarri ahal izateko dirua, ez baitzuen aukerarik bere kabuz jartzeko. Orduko hartan ere hainbat kolektibok eta norbanakok babestu zuten proiektua.

Lehiaketa ebatzi zen eta Hala Bedik lizentzia bat lortu zuen, eskatu zituen bietatik bat, Euskara hutsezkoa. Ordurako 30 urtez emititzen ari zen emisio elebidunak, ordura arte bezela jarraitu beharko zuen, babes legalik gabe, eta artean sortzeko zegoen Hala Bedi Bik izango zuen baimena.

Jakina da, ordea, lehiaketa bertan behera utzi zuela PSEko gobernuak, hauteskundeak izan aurreko egunetan, eta bertan behera utzi izan hau, hain zuzen, izan da hainbatek errekurritu dutena. Hala Bedik ere izan zuen aukera errekurtsoa jartzeko, baina lehendik eragindako trabei beste batzuk ez gehitzearren, ez errekurritzea erabaki zuen azkenean.

Geroztik, eta gobernu aldaketa eman bazen ere, lehiaketa bertan behera utzi izanak bere horretan jarraitu du. Irratiek eskatu moduan, lehiaketa utzi zen leku beretik abiatu beharrean, EAJren gobernuak, “koherentzia” arrazoituta, epaitegien bidea hartzea erabaki zuen. Bide horretan, lehenago aipatu moduan, irrati batzuk dagoeneko lortu dute baimena emititzeko, beste batzuei, ordea, ezezkoa eman zaie.

Lehiaketaren prozesua, hainbatek salatu dutenez, irregulartasun teknikoz eta politikoz josia izan da, gainera. GARA egunkariak 2013ko martxoan argitaratutako artikulu batean horietako batzuk jaso zituen, besteak beste, puntuazioen esleipenak. Horiek zuzendu beharrean, ordea, EAJ-k lehiaketa bertan behera mantentzea erabaki zuen inolako arrazoirik eman gabe.

Azkeneko hilabeteotan, epaileek arrazoia eman diete helegitea jarri zuten irratiei. Hau da, lehiaketa bertan behera utzi izana legez kontrakoa zela baieztatu dute. Baina Eusko Jaurlaritzak, horretarako ahalmena badu ere, ez du inolako borondaterik agertu akatsa zuzentzeko. Modu honetan, helegitea jartzeko gaitasunik izan ez zuten gurea bezelako irratiak, bidegabeki lizentziarik gabe utzi nahi ditu.

Azkenik, lizentzia prozesuaren espediente osoa eskatu duela jakinarazi nahi du Hala Bedik. Eusko Jaurlaritzak azaldu nahi izan ez dituen arrazoiak eta datuak bere kabuz aztertu nahi ditu. Prozesuak hasieratik sortu zizkion susmo txarrek arrazorik bazutela frogatu nahi du. Finean, Eusko Jaurlaritzak (PSEren zein PNVren esku) irratien lizentzien prozesuan izandako jarrera azaltzen duten erantzunak bilatu nahi ditu Hala Bedik. Hori dela eta, expediente osoa aztertzen duenean publikoki bertan aurkitzen duenaren berri emateko (informatzeko) konpromisoa hartzen du. Eta beharrezkoa bada, helegitea jartzeko eta gaia Parlamentura eramateko prestutasuna adierazi du irratiak.

Ezezko honen aurrean, Hala Bedik argi dauka lizentzia behar duela, eta lortu arte ez duela etsiko. Lizentziarik ez izanda, besteak beste, lege babesa falta baitzaio eskubide osoz  orain arte egin duena egin ahal izateko; hala ere, instituzioek ematen ez dioten legitimazioa entzuleek eta halabelarriek (bazkideek) ematen diotela adierazi nahi du.

Irratiko kideak eta bazkideak dira irrati bat baino gehiago den proiektu hau posible egiten dutenak.

Hala Bedi irratia Hala Bedi irratia Hala Bedi irratia Hala Bedi irratia Hala Bedi irratia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.