Gutun publikoa Maria Chivite Nafarroako presidenteak eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak

Gutun publikoa Maria Chivite –

Kontzertu ekonomikoen defentsa egin dute Maria Chivite Nafarroako presidenteak eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gutun publiko batean.

Gutun publikoa Maria Chivite

Erantzukizuna, elkartasuna eta arriskua gure autogobernuaren finantzaketan

Kontzertu Ekonomikoa eta Hitzarmen Ekonomikoa gure gaurko autogobernuaren osagairik berezienak dira. Autonomia maila gorena dute zerga-federalismoan oinarritutako ereduaren baitan. Kontzertuak eta Hitzarmen Ekonomikoak zerga-autonomiari lotuta dauden sustrai historiko sakonak dituzte. Izan ere, Erdi Aroko erregistro juridiko historikoak ere eskuragarri daude. Demokraziara igarotzeko trantsizio-prozesua eta foru-lurraldeen Eskubide Historikoen onarpen konstituzionala dira egun duten formulazioaren iturriak. Kontzertuak eta Hitzarmenak Gernikako Estatutuan eta Foru Hobekuntzan dute bere lege-esparrua, eta erabateko egonkortasun eta segurtasun juridikoa dute.

Gainera, indar handiena duten Espainiako eta Europako auzitegien onarpena dute. Hau da, Justizia Auzitegi Nagusiek, Auzitegi Gorenak, Konstituzio Auzitegiak eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak babesten dituzte. Hori horrela izanik, Luxenburgoko Auzitegiak Azore uharteen auzian baliatu zuen doktrina bera aplikatuz, Auzitegi horiek guztiek ondorioztatu dutenez, autonomia instituzionala, prozedura autonomia eta autonomia ekonomikoa dute foru-lurraldeek; eta, beraz, funtsezko zeregina betetzen dute enpresen ingurune politiko eta ekonomikoa zehazterakoan; horren ondorioz, Kontzertu Ekonomikoa eta Hitzarmen Ekonomikoa guztiz bateragarritzat jotzen dira Europar Batasuneko Zuzenbidearekin.

Kontzertu Ekonomikoa eta Hitzarmen Ekonomikoa, hortaz, foru-tradizio historiko horren jarraipena dira, eta, gaur egungo legedian erabateko babesa dute juridikoki, politikoki eta jurisprudentziari dagokionez; hala eta guztiz ere, aldian-aldian araubide hauek kritikatu egiten dira, eta erabilera alderdikoia jasaten dute. Kritika horiek guztiek agerian uzten dute Zuzenbide Konparatuan bereziak direla eta ezaugarri zeharo desberdinak dituztela araubide komuneko autonomia-erkidegoen finantzaketa-erregimenaren aldean.

1980. urtetik hona, Autonomia Erkidegoak Finantzatzearen gaineko Lege Organikoa (AEFLO) onartu zenetik, oraindik, ezin izan da Autonomia Erkidego guztien finantzaketa egokia ahalbidetuko lukeen formularik aurkitu, eta, benetan, horixe da arazoaren muina; izan ere, batik bat, azkenengo bi hamarkadetan, gastuaren ikuspegitik begiratuta, Autonomia Erkidegoak zerbitzu publiko garrantzitsuenen emaile bihurtu dira, besteak beste, osasunaren, hezkuntzaren edo gizarte-zerbitzuen kasuan.

Europako jurisprudentziak eta Espainiako Konstituzio Auzitegiak argi utzi dutenez, Europaren, Konstituzioaren, legeen, politikaren eta ekonomiaren babes gorena dute Kontzertu Ekonomikoak eta Hitzarmen Ekonomikoak. Babes- eta segurtasun- juridikoko hori foru-lurraldeei bakarrik aitortu zaie, hau da, Arabari, Bizkaiari, Gipuzkoari eta Nafarroari. Horrek ez du esan nahi, ordea, araubide erkideko Autonomia Erkidegoen, araubide aldeanitza duten erkidegoen edo aldebikotasun-maila handiago edo txikiagoa duten erkidego horien finantzaketa-sisteman mekanismorik egituratu ezin denik, gure eredu bereziaren ezaugarri batzuk imitatuta edo gure ereduaren antza hartuta; edozein kasutan, beste horiek ez lukete izango foraltasun ukiezinaren berme instituzionalak Kontzertuari eta Hitzarmenari denboraren joanean eskaintzen dien segurtasuna eta egonkortasuna.

Kontzertu Ekonomikoak eta Hitzarmenak beren lurraldeetarako autonomia-araubide bat egituratzen dute. Horri esker, lurralde hauetan Estatuarena ez bezalako zerga-politika propioa garatu daiteke zuzeneko zergapetzeari eta udal-zergei dagokienez, bai eta zeharkako zergapetzearen figura zehatz batzuetan ere. Hala, normalean Estatuen Administrazio Orokorren esku bakarrik egon ohi den politika fiskaleko tresna hori eskura dute erakundeek. Hain justu ere, Espainiako Estatuaren barruan bost zerga-sistema orokor eta bost zerga-administrazio oso egotea dakar Kontzertu Ekonomikoaren eta Hitzarmenaren ereduak; nazioarteko testuinguruan ez dago gisa honetako adibide gehiagorik.

Sistema hauei esker, lurralde hauetan zerga-politika propioa garatu ahal da; eta, hortaz, zerga-tresna hori lurralde bakoitzaren idiosinkrasiara egokitu daiteke, eta tarte handiagoa eduki, jarduera ekonomikoa dinamizatzeko eta hazkunde ekonomikoa bultzatzeko. Hortaz, gizarte-politika gehiago garatu daitezke. Honek herritarren ongizatea hobetzea dakar eta sistema jasangarria izatea bermatzen da.

Bigarrenik, Kontzertuak eta Hitzarmenak zerga-administrazio integraltzat jotzen dituzte Foru Ogasunak; zentzu horretan, Zerga-administrazio modernoak eraiki dira, guztiz informatizatuta daudenak; horretaz gain, hurbilekoak dira, eta ahalegin guztiak egiten dituzte zergadunei eta eragile ekonomikoei segurtasun juridikoa eskaintzeko. Era berean, herritarrei laguntza hobea emateko edo iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko apustu irmoa egin da; horri esker, denek aitortzen diete zerga-administrazioei fidagarriak, seguruak, gardenak, bizkorrak eta gertuak direla. Horrek guztiak jarduera ekonomikoa indartzeko eta herrialdearen aberastasuna handitzeko aurrera eraman diren era bateko edo besteko zerga-politikako neurriak osatzen ditu.

Hirugarrenik, komeni da Kontzertu Ekonomikoaren eta Hitzarmenaren ezaugarri nagusi bat nabarmentzea, alegia, alde bakarreko arriskua. Foru Ogasunek Estatuko zerga-sistemaren parte diren zerga guztiak biltzen dituzte, inportaziorako zergak izan ezik. Bitarteko horiek erabiliz, eta arriskua alde bakarrekoa dela, Estatuko Administrazio Orokorrarekin dituzten betebeharrei erantzuten diete (Kupoa, Ekarpena eta bestelako finantza-fluxu batzuk), bai eta gastu publiko propio osoari ere. Hori horrela izanik, beti azaltzen dugu Ogasun propioa aurrera eramateak, kudeaketari begira, erantzukizun, zorroztasun eta autoexijentzia handia eskatzen dituela.

Eta oraindik beharrezkoa den pedagogiaren ildotik, gogora dezagun, era berean, Kupoak eta Ekarpenak ez dutela zerikusirik Foru Ogasunek bilketa gehiago edo gutxiago egitearekin, ez baita kalkulatzen bildutako baliabideen zati alikuota modura; horren ordez, Estatuko Aurrekontu Orokorretan Erkidego bakoitzak bereganatu gabeko eskumenekin bat datozen gastu publikoko partida guztiak identifikatuz kalkulatzen da. Horrela, bereganatu ez dituen eskumen horietan Estatuak gastatu nahi dituen guztizko zenbatekoak hartzen dira, eta Erkidego bakoitzak Estatu osoan duen pisua islatzen duen egozpen-indizea aplikatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, indize hori %6,24 da; eta Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, %1,6. Bi ehuneko horiek EAEko eta Nafarroako biztanleek Estatu osoko biztanleen barruan duten portzentajea baino handiagoak dira.

Laugarrenik, Estatuarekin finantza-harremanak izateko moduarengatik, Estatuko gainerako autonomia-erkidegoekin solidarioak dira kontzertuaren eta hitzarmenaren araubideak. Izan ere, Estatuarekiko elkartasuna elikatzeko norabide horretan, elkarren osagarri diren lau elementu daude: lehenik, Estatuak Lurralde arteko Konpentsazio Funtserako zuzkidura gisa ezartzen duen urteko ekarpena; bigarrenik, Estatuak jaulkitako zor publiko guztiaren finantza-kargari egindako ekarpena, 2008. urtetik Likidezia Funts Autonomiko garrantzitsuei atxikitako erregimen komuneko autonomia-erkidegoen gastuak finantzatzeko jaulki dena barne hartuta; hirugarrenik, EAEko edo Nafarroako erakundeek ez dugu aparteko finantzaketarik jasotzen krisi ekonomikoko garaietan, horren ordez, alde bakarretik, geure gain hartzen ditugu zerga-sarreren murrizketaren ondorioak; eta, azkenik, laugarrenik, kupoaren eta ekarpenaren egozpen-indizea, funtsean, lurralde bakoitzak Estatuarekiko duen errentaren arabera zehazten dira, hor diferentzia bat dago, eta, beraz, alde horrek esan nahi du EAEk eta Nafarroak baliabide ekonomiko gehiago transferitzen dizkiotela Estatuko Administrazio Zentralari, Administrazio Zentralak gainerako Autonomia Erkidegoetan gastu publikoak finantza ditzan.

Bukatzeko, nabarmendu behar da Kontzertuaren eta Hitzarmenaren araubideek modu zehatz batean konpontzen dituztela zerga-jurisdikzio desberdinen arteko harreman-arauei lotutako gai unibertsalak, batik bat merkatu bakar baten barruan garatzen badira edo ekoizpen-faktoreen mugimendu- edo zirkulazio-askatasunak errespetatzen dituen unitate handiago baten barruan garatzen badira. Era berean, zergapeko beraren edo enpresa-talde beraren gainean diharduten jurisdikzio desberdinen arteko eztabaidak konpontzeko mekanismoak jasotzen dituzte; horretaz gain, Administrazioen arteko elkarrizketarako eta harremanetarako irtenbideak eta ereduaren elementu dinamikoei buruzko akordio-betebeharrak eskaintzen dituzte, eta, horrela, denboraren eta inguruabar juridiko, politiko, ekonomiko edo sozialen bilakaerara erabat egokitzen direla bermatzen da.

Zentzu horretan, federalismo fiskalaren esparruan bi eredu hauek onartzen dira;  eta, hain justu ere, biak ala biak aitzindariak izan dira une honetan nazioarteko foroetan edo Europar Batasuneko erakundeetan jorratzen ari diren zenbait arazori irtenbideak ezartzeko orduan.

Kontzertua eta Hitzarmena, beraz, gure politika publikoak aurrera eramateko aukera ematen diguten funtsezko elementuak dira EAEko eta Nafarroako erakundeontzat; izan ere, araubide horiei esker, Foru Ogasunek normaltasunez bete ditzakete beren eginkizunak, eta harreman-esparru egokia ezarri Estatuaren eta beste herrialde batzuen zerga-administrazioekin. Araubide hau Historiak babesten du, bai eta Estatuaren eta Europar Batasunaren egungo egitura juridiko-politikoa arautzen duten funtsezko legeek ere; era berean, maila goreneko onarpen judiziala du; eta, hain justu ere, araubide honek duen egonkortasunari eta segurtasun judizialari esker eraiki ahal izan dugu gaur egun bizi dugun ongizatearen gizartea.

Azken batean, kudeaketari dagokionez, eredu honek erantzukizun eta konpromiso handia eskatzen ditu; era berean, guztiz ezinbestekoa da fiskalitatean ere ardura handiz jokatzea. Sistema hau ez da inola ere inoren aurka egituratzen, aitzitik, osagai solidario sakona du, eta bere lege-babesak instituzioen arteko harremanak indartzen ditu, izan ere, Konstituzioan bertan ainguratuta dago. Beraz, araubide hauek lekua dute gure estatu-ereduaren barruan, edozein delarik ere araubide erkideko autonomia-erkidegoen finantzaketa-eredua egungoa ez den beste eredu batera eramateko prozesuaren hausnarketaren ondorioa.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da araubide hauek balioestea, errespetatzea eta defendatzeko konpromisoa berrestea, gure Autogobernuaren giltzarria eta Eskubide historikoa baitira.

 

Maria Chivite Navascués Nafarroako presidentea

Imanol Pradales Gil Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Gutun publikoa Maria Chivite  Gutun publikoa Maria Chivite  Gutun publikoa Maria Chivite  Gutun publikoa Maria Chivite  Gutun publikoa Maria Chivite  Gutun publikoa Maria Chivite  Gutun publikoa Maria Chivite  Gutun publikoa Maria Chivite  Gutun publikoa Maria Chivite  Gutun publikoa Maria Chivite

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude