GUreak

GUreak

Laura Mintegik zioen Euskadi Irratian eztabaida giroan murgilduta zebilela egungo politikan, eta, bidenabar, egungo bizimoduan ideologiak hartu eta utzi aski erraz egiten direla. Errazegi esan nahi zuela imajinatu genezakeen hitzoi zerien tonuari erreparatuta, halako etsipen ukitu batez aireratzen zituen eta esanok. Izan ere, ideologia batez unatzean beste bat hautatzen da inongo erreparorik gabe, kalera irteteko egunero aukeratzen ditugun erropen antzera: gaur kamiseta urdina, bihar zuria! Horregatik, ez da alferrik behin eta berriz errepikatzen hondarreko denboretan alderdi politikoen ohiko bozka emaileak ja ez direla hain ohikoak, hain betikoak; alderdi politikoen hautesleak ez direla horren fidelak eta bozka bakoitza eskuratzea gero eta garestiagoa dela. Alderdiei eta ideologiei, oro har, zailtzen ari zaie meneko izango litzaieken komunitateak eraikitzea. Nor bere ahotsa, Nia, gailentzen ari delako komunitatearen, GUaren ordainetan.

GUreak

Testuinguru honetan XXI.mendeko abertzaletasunari buruzko hitzaldiak eta mahai inguruak aditzeko parada izan dugu egunotan Zuzeu eta Jakinen bitartez Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ikastaroen abaroan. Euskal independentismoak dituen erronken eta ahul uneen gaineko hausnarketa interesgarriak plazaratu dira bertan eta abertzaletasunaren gaineko planteamendu berrietaz gozatzeko aukera paregabea izan da. Edonola ere, Arnaldo Otegiri eginiko galdera batek ernarazi zidan barneko harra beste ezerk baino gehixeago, GU gehiegi erabiltzen zuela leporatu ziolako galdetzaileetako batek. Galdera entzun ahala nolabaiteko baiezko keinuarekin lagundu nion neure buruari, galdera egin zuenari arrazoi puntu bat onartuko banio bezala; GUaren etengabeko ahoskatzeak neroni ere nekatu izan nau eta nehoiz. Hala ere, Otegiren erantzunak asebete ninduen hein handi batean eta gogoeta sakonagoa egitera behartu.

Alderdi politiko bateko buruzagi eta koalizio bateko Lehendakari gai lez hitz egiten zuela aipatu zuen Arnaldo Otegik, arrapostu horrekin arrazoitu zuen elgoibartarrak GUaren zera. Are gehiago, arrazoiketari erantsi zion berak kolektibo bat ordezkatzen zuenez kolektibo horren iritzia adierazten zuela beti, nahiz eta iritzi batzuekin ados ez egon bere burua heterodoxo disziplinatu gisa definituz. Boladan ez dagoen esapidea eskuarki heterodoxo disziplinatuarena, heterodoxiari gorazarre egiten zaion honetan, norbanakoa ahalduntzeak nor bere ahotsa lehenestera garamatzan honetan. Hasier Etxeberriak berak laburbildu zuen ezin hobeto bukaera aldera ordura arte gertatutakoa. Guztiz egin nuen bat Hasierrekin ikastaroan zeharreko hitzaldiak nor bere talaiakoak izan zirela ondorioztatu zuenean eta Otegiren ekarpenak ordura arteko guztiaren batuketa suposatzen zuela iradoki zuenean.

GUreak

Izan ere, Sortuko idazkari nagusia, ezker abertzalea betidanik batuta mantendu duen GU horretatik jardun zen: kolektibo bateko kide izatetik, erresesistentziatik, militantziatik… Kolektibo izaera oso errotua egon da ezker abertzalean urteetan eta urteetan, GU eta besteak bereizten zituen marra dexente lodi marraztu izan du ezker abertzaleak, halabeharrak bultzatuta seguraski. Garaiak ere bestelakoak ziren, eta, noski, gatazkaren aroak GU sentimendua areagotu zuen. Hartara, berebizikoa izan da nor bere artaldekoak sailkatzeko antsia. Gurea da? Gutarra da? Galderok inguruan entzutea ohikoa zen hango hartaz edo beste batetaz solasean ari ginela.

Aitzitik, eta hasieratik jorratutako ideiari jarraiki, entzuleak Otegiri egindako galdera gizartearen norabide aldaketaren islada baino ez da; hau da, gizartea GUtik baino NItik bizi nahi dugula, alegia. Bozka emaileak erraz aldatuko dira alderdi politiko batetik bestera, inolako damu sentipenik gabe, zure alderdiari lepoa ematearen kontzientzia txarrik gabe, lehen ez bezala. Hori dela eta, ezker abertzalea ataka estuan aurkitzen da gaur egun. Orain arte sendoa izan den baina gaur-gaurkoz jendearengana iristeko balio ez duen GU eustearen eta GU malguagoaren artean hautatu beharko duelako. GU labainkorrari, GU likidoari, joan etorriko GUari bidea utziz. Gizarteak hala eskatzen du, ez dago beste arrazoi ilustraturik. Heterodoxo disziplinatuak gero eta gutxiago direnez mundu honetan, norbanakoak taldearen pean jarduteko aitzakia gehiago bilatzen du; izan ere, denoi gustatzen zaigu besteek nor bere ahotsa entzutea eta aintzat hartzea. Baina, gehiegi ere…

GUreak

Zer duzu buruan “GUreak”-ri buruz

  • “…egunotan Zuzeu eta Jakinen bitartez Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ikastaroen abaroan.” ?