Gure esku dago

gure esku dago— Konturatzen al zara  “Gure esku dago”  ekimenak proposatzen digun bidea jai bat antolatzea dela?  – diost Goiurik -. Gogoratzen dituzu garai ilun haiek non “jaia bai, borroka ere bai” oihu egiten genuen?
— Egun ilunak? Ez ote genuen iraultza ia ukitzen garai hartan? Egun ilunak euskal iraultza artean indarrean zegoenean? — ironiaz, ia sarkasmoz.
— Ai, Aginako. Betiereko gaztetasunaren truke ere ez nuke itzuli nahi garai hartara. Ez dago gauza ilunagorik argitasun faltsua baino. Garai hartan “borroka zen bide bakarra” oihu egiten genuen. Bide bakar hori iraultza politikoaren bidea zen. Iraultza ala hil! Eta hori ez genuen esaten jende ezjakinak; aitzitik, ilustratuenek ere tesi horiek defendatzen zituzten. Garai hartan iraultza ez zen utopia bat, are gutxiago, gaur bezala, erokeria; iraultza zen biderik arrazionalena, ia zientifikoa. Eta gaurtik begiratuta ziurtasun haiek ametsen sendotasuna zuten. Eta, ametsak bezala, esnatu orduko, berehala ahaztu ditugu.
— Esnatzea ez da gutxi. Baina esnatzerakoan aurkitu dugun giroa ez da batere argia izan. Etsipenak jota dabiltza aspaldiko iraultzaile asko. Eta beste batzuk, amesgaitz batetik askaturik sentitu arren, ilusio handirik gabe bizi gara. Iraultza ezinezkoa bada, kondenaturik gaude berdinaren inguruan bueltak eta bueltak ematera.
— Etsi samarra ikusten zaitut, Aginako. Amets ero haietatik gauza asko ikasi ditugu eta esnatzerakoan, ametsak desegin ondoren, bi ideal edo ekintza-printzipio geratu dira grabaturik gure gogoan; bata, independentzia lortu behar dugula: bestea, gure nazioa eta gure herria eraiki eta eratu behar dugula.
— Hori aurretik ere bagenekien. Zertarako hainbeste borroka eta hainbeste sufrimendu! — amorruz diot —. Eta zer ikasi dugu? Ikasi dugun bakarra lehen bezala ezin dugula aritu. Hori da gure eskarmentu guztia — aldarte beltzez.
— Hor duzu “Gure esku dago”, kontrakoa adierazteko.
— Baina, zuk esan duzunez, GEDeko lagun horiek jai bat baino ez dute proposatzen — diotsot eszeptizismoz — . Eta jai hori, mundiala izan arren, nola erakarriko ditu iraultzaren ardoa gozatu dutenak? Ekimen horrek arin samarra dirudi jendearen entusiasmoa pizteko. Ekintza iraultzaileekin konparatuta ez dirudi gehiegi. Jai bat besterik ez
— Jai bat besterik ez! Gutxi iruditzen al zaizu? — erasoz —. Horretan dago, hain justu, mugimendu horren jenialtasuna. Kolpe batez bi helburu lortu ditu. Politikaren nagusikeriatik askatzen gaitu eta, bide batez, iraultza eta demokrazia gauzatzeko, nazioa eta herria ezinbestean eraiki behar ditugula gogoarazten digu.
— Azkarregi zoaz. Politikaren nagusikeriatik askatzen gaituela diotsu. Zer esan nahi duzu?
— Lehen esan dizudana, hain zuzen. “Borroka da bide bakarra” esanez, gure nazioaren eta gure herriaren biziraupena ziurtatzeko bide bakarra politikarena dela azpimarratzen da.
— Eta ez da hori egia?
— Ez. Gure nazioa eta herria eraikitzeko beste eremu batzuk bilatu behar ditugu. Eremu horiek, demokrazia eta iraultzaren eremuak izango dira.. Politika bide bakarra baldin badago, hor iraultza eta demokrazia kokatu behar dira ezinbestean. Eta iraultza eta demokrazia eremu politikoan kokatuz gero, eromena eta gehiegikeria agertzen dira, alde batetik; ustelkeria eta endekapena, bestetik.
— Esan nahi didazu — diotsot ironia apur batez — zuk, korrontearen kontra, iraultzan eta demokrazian sinesten jarraitzen duzula?
— Bai horixe. Iraultza, nire ustez, euskaldunon komunitatea eraikitzea da. Demokrazia, berriz, gure nazioa. Eta eraikitze bikoitza hori ez da eremu politikoan gertatzen, beste eremu batean baizik. Iraultza, komunitatearen eremuan gauzatzen da; demokrazia, berriz, nazioaren eremuan.
— Baina diozunak ez du zentzu handirik — erantzun diot Goiuriri —. Gaur arte iraultza guztiak politikoak izan dira! Are gehiago esango nuke: iraultza berez politikoa da. Zer esan demokraziari buruz. Izan ere, nazio Estatuaren bereizgarria demokratikoa izatea da. Nola deslotu, jatorriz loturik dagoena?
— Ondo esan duzu: orain arte egindako iraultza eta demokrazia guztiak. Baina iraultza horiek “diruaren iraultzak” izan dira — zehazten du — . Horiek guztiak, bai, iraultza eta demokrazia politikoak izan dira. Baina, zein da iraultza horien ondorioa? Sozialismoa, agian? Zein da demokrazia horien ondorioa? Nazioaren askapena ote? Herriak egindakoak, noski, burgesiaren onurako. Aurrerapen ekonomiko, sozialaren izenean eta askatasun demokratikoaren bila burutukoak, baina gaur argi ikusten dugun zertan den aurrerapen miragarri hori et zertan geratu den askatasun demokratikoa.
Goiurik esandakoa onartu behar dut. Aurrerapena eta askatasuna, iraultza politiko horien helburuak, azkenean diruaren nagusikeria ekarri du. Eta hori ez da iritzi bat, historian gertatu dena baizik. Iraultza batek, irabaziz gero, “talde kapitalista” berri bat jartzen du boterean. Eta iraultza guztien fruiturik helduena gaurko “finantza kapitalismoa” da. Eta galduz gero, haren fruitu saminak gehiegikeria eta eromena dira, guk hain ondo dakigun bezala. Eta demokraziaren bidez zer lortu da? Gu bezalako herrien askapena ala nazio handien nagusikeria eta inperialismoa? Bai, eredu demokratiko eta iraultzaile hori, non iraultza eta demokrazia Estatuan jartzen zen, agorturik da. Hori litzateke gure garaiaren ezaugarri nagusia.
— Eta zein dira iraultzaren eta demokrazia eremu berri horiek ? – galdetzen diot Goiuriri.
— Eremu horiek komunitatearen eremua da, alde batetik; eta nazioaren eremua, bestetik. Ez dira berriak, noski. Komunitatea Estatua baino askoz zaharragoa da; nazioa, bai, askoz berriagoa da; baina, kontuan hartuz gero nazioen aurrekariak erlijio handiak izan zirela, nazioa Estatua bezain zaharra — gehiago ez bada — dela ondoriozta liteke.
— Estatua, nazioa eta komunitatea, horiek lirateke, bada, gizarte bat eraikitzeko landu behar ditugun hiru eremuak. Baina, gaizki ulertzen ez badidazu, nazioak eta komunitateak , nor bere erara, Estatuaren botere nahia eraldatzeko eta gidatzeko balioko lukete. Eta botere izugarri hori bideratzeko eta eraldatzeko jaiaren bidea proposatzen duzu.
— Bai, komunitatea nahiz nazioa jaiaren inguruan sortzen dira eta. Ez da jaia berdina. Komunitatearena idazkera akustikoarekin loturik baitago; eta nazioarena idazkera grafiko-akustikoarekin.
— Hala bada, idazmenaren bideak ez dira bi, hiru ordea: akustikoa, grafikoa eta, haien arteko bitartekaria, grafiko-akustikoa.
— Halaxe da. Eta idazkera grafiko-akustikoa, erlijioek asmaturikoa, ez da beste bien arteko nahasketa bat, beste idazkera mota berri bat baizik. Hortik dator erlijio handien garrantzia. Idazkera grafiko-akustikoari heldurik dago erlijioen ahalmena. Nazioa eta komunitatea, biok, jai baten inguruan antolatzen dira. Jai horiek ez dira berdinak, baina paper antzekoa jokatzen dute: komunitatea eta nazioa sortu eta eratzea. Horregatik nazioaren eta komunitatearen bideak jaiaren bidea dira.
Irribarre gupidatsuz erantzuten diot:
— Jaiaren bidea? Ez dezatela entzun iraultzaile zaharrek zuk diozuna, bestela presta itzazu belarriak txistuak eta barreak jasateko. Esazu iraultza ez dela posible edo asmatu populismo hegemoniko berri bat, baina jaiaren bidea iraultzaren bidea dela esatea aspaldiko iraultzaileek isekatzat hartuko dute.
Barre egiten du Goiurik, nire beldurra ikusterakoan.
— Iseka? — diotsot hoztasunez —. Agian bai. Badakizu, nik heroiak ez ditut gehiegi estimatzen. Liburuetan ondo daude, baina errealitatean behartu samar geratzen dira: historiak epaituko gaitu! Ozena eta polita da, baina hoztasunez begiraturik erretolika hutsa. Erretolika metafisikoa, gainera. Zein da “historia” hori? Historia, jakina denez, garaileek idazten dute; eta garaileek — bukatzen du suge mihiez — iraultzaileak epaitu eta kondenatu ditu. Akabo itxaropen guztia. Iraultza politikoan sinesten jarraitzen dutenak ez dira haien printzipioekin leialak, temati irrazionalak baizik. Eta gauza bera esan liteke ideal eta asmo demokratikoei buruz.
— Ez al dituzu temati horien burlazko erantzuna entzuten: “Egin dezagun jaia eta iraultza egokituko zaigu!”
— Logikoa. Haiek borrokaren bidea baino ez dute ezagutzen. Eta bide horretan nahia eta boterea nagusia dira. Baina jaiaren bidean “botere nahia” ez da nagusi, “komunitate nahia” edo “nazio nahia” baizik.
— Botere nahia, komunitate nahia, demokrazia nahia. Kontrakoak al dira nahi horiek?
— Ez, osagarriak. Gizarte konplexu bat osatzeko, hirurak ezinbestekoak dira eta.
— Baina Estatuaren bidea jende guztiak ulertzen du, begietatik sartzen baita, nolabait esateko. Bizirik irautekoa, Estatu independente bat behar dugula esaten baduzu, jende guztiak zuk esan nahi duzuna ulertzen du. Baina nazioa eta (euskaldunon) komunitatea eraikitzeko eremuak Estatutik kanpo daudela gehiago kostatzen zaie ulertzea. Are gehiago, iraultza komunitateari eta demokrazia nazioari loturik daudela. Eta imajina ezazu haien harridura iraultza eta demokrazia lortzeko bidea jaia dela esaten badiegu.
— Logikoa. Izan ere, kristautasunaren eta diruaren poderioz, jaiaren bidea, komunitatearen bidea alegia, baztertuz eta ezabatuz garatu da mendebaldeko zibilizazioa. “Borroka da bide bakarra”, hau da, politika da bide bakarra, dogma bilakatzen da gure zibilizazio kristauan. Hala bada, ikuspegi horretatik, hain da ulergaitza “Gure esku dagok” proposatzen duen bidea.
— Zer egin daiteke bide hori ulertarazteko? Zer esan lekieke iraultzaile eszeptiko horiei?
— Ez bakarrik iraultzaileei, boterean bakarrik sinesten duten guztiei hau esango genieke: etor zaitezte Ekaineko 8an eta begiak ireki eta belarriak zabaldu. Harrituta geratuko zarete ikusi eta entzungo duzuenarekin.
Begiak ixten ditu Goiurik 8an gertatuko dena hobeto atzeman nahiko balu bezala. Eta, begiak poliki irekiz, gaineratzen du:
— Jaiaren lehenengo eta funtsezko eragina gure buruan sinestaraztea da.Gure nazioa eta herria eraikitzeko eta askatzeko gai garela sinestaraztea. Hori da, hain justu, jaiaren bidean lortzen den lehenengo garaipena: Gure esku dago! Badugu gure herria eta nazioa eraiki eta askatzea!
— Eszeptizismoaren aurkako antidotorik onena, bada — erantzuten diot, eszeptizismo apur batez.
— Bai horixe, Aginako laguna. Zuk ere antidoto horren koilaratxo batzuk behar dituzu.
— Han egongo naiz, bada. Baina…
Desagertu egin da. Agertu den bezala, deitu gabe, alde ere egin du.

 

FILOSOFO OHIA