“Guardia Civilekin” elkarrizketak (I): Dentistatik bueltan…

Todo por la patria - Gabriel Villena
Todo por la patria - Gabriel Villena cc

2006.urteko eguardi bero bat. Uda hastear da baina oraindik ez da iritsi. Unibertsitatea amaitzear da, baina oraindik ez da amaitu. Une nahiko aldrebesa bizi duzu. Larunbata da eta Bilboko Abandoko tren geltokitik metrora sartzera zoaz, nola da posible hori? Bai, dentistari bisita egin behar zenion, eta horregatik goizean goiz Zarauztik trena hartu, eta bi orduko bidaia ekologikoa egin behar izan duzu Bizkaiko hiriburura.

Ahoa oraindik mindua duzu, eta ezkerreko masailaren zati bat lokartua. Ez duzu piperrik bazkaldu eta Bolueta aldera zoaz; trena hartu eta zure herri maitera itzultzera. Normaltasuna nahi duzu, larunbat hori nola bait normaldu, lagunekin edo.

Tripa hutsik tiketa hartu eta lehen bagoira sartu zara, denak hutsik daude, zertarako aldatu… Jesarleku gogorretan eseri, eta zure ipur-masailek lortu dute soilik lo hartzea Durangora iritsi zarenerako. Logura duzu baina ezin lo egin, nekeak jango zaitu bazkaltzeko.

Jendetza sartu da Zaldibarren, hankak pareko aulkitik kentzera behartu zaituen amona bat ere bai tartean. Akabo.

Bizkaiako lautada igarota, Anboto eta bere anai arrebak ikusita jada, Gipuzkoa usaintzen hasi zara paisaieko pinuetan. Euskal selekzioaren kamisetaren azpitik izerdia usain dezakezu. Izerdi freskoaren usaina gustuko duzu. Mobila atera eta ordua begiratu, Ermuan zaude eta hirurak pasa dira.

Halako batean han non sartzen diren lau musker berde, trikornioa eta guzti. Ez gezurra diot, trikornio bereizgarririk ez daramate, lau gazte dira; balen kontrako txalekoa jantzita, hanka puntetaraino armatuta eta txapel okerrarekin: “antiterroristak ziurrenik” pentsatzen duzu. Mehatxu begirada serio batekin begiratzen dute etengabe, zerbait bilatzen ari balira bezala. Zure begirada une batez haienarekin gurutzatu da. Une batez soilik. “Joder!”

Nola ez! Zuregana doaz, beste inori ez diote molestatzen. Badirudi zuk haiek molestatzen dituzula. Hurbildu eta “me da la documentaciĆ³n” lehor bat botatzen dizute zutitzeko keinua eginaz. “PĆ³ngase contra la pared con las manos arriba”, gorputza ikutuz miatzen zaituzte, eta bitartean miatzailearen lagunak zure marikonera darama izkin batera. “A donde vas?”, “A Zarautz”. “De donde?”, “De Bilbao”. “Y por que motivos?”, “No, es que he estado en el dentista, y ahora vuelvo a casa a Zarautz.”, “Ya…” Lagunari begiratu eta honek belarrira zerbait esaten dio. “Si ya! Otro graciosito! jaja…”, zugana doa berriz. “Tienes el DNI caducado, te vamos a meter una multa porque hay que tener el documento nacional en regla. O no sabes eso?”, “Si, es que no me he dado cuenta.”. “Y que es este papelajo?!”, dio EHNA eskuan hartuta. “Este no lo tienes caducado eh! Pues que sepas cual es el inportante.”. Oraindik eskuak pareten kontra ipinita, eta trenaren mugimenduekin mareatzen hasita, alboko muskerra zure mobila begiratzen ari dela ikusten duzu.

Debara iristerakoan marikonera itzuli eta eseritzeko esaten dizute, ondoren trenetik atera eta alde egiteko. Lehen bagoiko jendeak kontsolazio keinuak egiten dizkizu lasaitzeko. Baina urduri jarraitzen duzu, ez dakizu non zaren. Ez dakizu zer zaren.

Ekaitza bainuontzi batean

Zer duzu buruan ““Guardia Civilekin” elkarrizketak (I): Dentistatik bueltan…”-ri buruz