Gu ez gara espainolak

Gu ez gara espainolak

Ziur nago Euskal Herrian ere badagoela korrupzioa, baina ez dut uste Espainiakoaren maila berekoa denik. Ez hainbeste lapurtutako kopuruari begira, ez biztanleen araberako ehunekoetan kalkulua eginda; ez, lapurretaren kontu hori Espainian sistemikoa da, estrukturala, kulturala. Espainiaren diseinua Gaztelatik sortzen da. Ez da kasualitatea Tormeseko itsumutilaren kontakizuna euren erreferente literario nagusienetakoa izatea.

Gu ez gara espainolakEspainiak mundu osoan zabaltzen zen inperioa hedatu zuen; hanka non jarri, han zeuden ondasun guztiak arpilatzeko. Inperioa besteen aberastasunak harrapatzeko diseinatu zuen. Gaur egun ere Gaztelako Madrilen egoitza duen estatu arkitektura osoa, haren jarraitzailea da. Ekonomia “extraktiboa” garatzen du boterea indarrez inposa dezakeen lurralde orotan.

Gure kultura politiko-ekonomikoa, berriz, ekoizpenean eta zerbitzuetan oinarrituta dago. Gure erreferente kulturala, besteak beste, Obanoseko infantzoien aldarrietan dago: “Aberriaren askatasunagatik, herria, izan libre” eta “legeak erregearen eta agintarien aurretik”.

Gure estatu-instituzio diseinuetan, bai Nafarroako Erresuman eta bai haren seme-alabak diren Espainia eta Frantziaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Gobernuan eta Iparraldeko Herri Elkargoan, ez dago lekurik lapurreta sistematikorako. Ez dut uste gure herrian onartuko zenik Espainiako PPren pareko mafiarik, ez Mariano Rajoyren antzeko bat berriro presidentea izaterik. Gu ez gara espainolak; baina haiek bezalakoak bihurtuko gara euren mendean jarraitzen badugu.

Gu ez gara espainolak

Euskara irakaslea

8 pentsamendu “Gu ez gara espainolak”-ri buruz

  • Seguru?
    Espainiako liga, egutegia, Telebista-kateak, Cultura Vasca, Euskadi Gaztea, AHTaren egituraketa zentripetoa, hemengo hizkuntza nagusia, chacolí, Unibertsitate-sistema, once apellidos vascosa, San Sebastián, demokraziaren eredu kortesanoa, sistema judiziala, politikoa, ustezko elebitasuna, turismoa egiteko hautatzen dugun mapa, Tu al Norte y yo al Sur…

    Gehiago nahi?
    NANAa, kotxeen matrikulak, Eliza hegemonikoa, nuestros ídolos nacionales, eskola-sistema, jubilatu guztiek maitatzen dituzten INSERSOko bidai-sareak, euskal omen diren telebista-programen diseinua, Sebillako finitoak, prozesioak, aireportuak, entzuten dugun música, Lepeko hizkeraren hurbiltasuna (zubererari eskaini ez dioguna), LOMCEa…

    Gehiago?

    • Hain zuzen ere, hori esaten da azken parrafoan. Zuk ongi antzeman dituzu espainol egiten gaituen jarrera mentalen zerreda horretan. Hau da, Ez dituzu aipatu bertsolariak, Berria, Ez Dok Hamairu eta abar. Alegia, edo estatu independea berreskuratzen dugu edo Frantziak eta Espainiak jan egingo gaituzte.

  • Eta guztiaren gainetik, mentalitatea!

    • Zuk zein mentalitatetan ikusten duzu zure burua: Beñik aipatzen duenean edo zerorrek deskribatzen duzuna? Denok egin beharko genuke galdera da.

  • Beñat Hach Embarek 2016-10-14 11:51

    Aupa Beñi! Hein batean konpartitzen dut esaten duzuna, Gaztelan beti egon da pikareskaren kultura hemen baino errotuagoa. Dena den, lapurrak bazter guztietan. Amaieran diozu euskal jendarteak ustelkeria kasuetan sartutako norbait ez lukeela berriz hautatuko. Markel Olano berriro hautatu zuten gipuzkoarrek ahaldun nagusi izan zedin, eta baditu epaiketa dezente atzetik: Bidegi (Eneko Goia bezala), Erreala, SWAP klausulak… Gauza batzuk legal gisa katalogatuak egon arren zikinak dira oso. Angulitak, edo porlanaren negozioak, edo hondakinenak, edo…Arabako EAJ-ren zati handi bat epaitegietatik pasa da eta horretan dihardu, eta lehen indarra izan dira herrialdean hala eta guztiz ere; eta ziur adibide mordoa ahazten zaizkidala.
    Ondo izan!

    • Beñi Agirre 2016-10-14 12:17

      Ados, Beñat. Ez daukat zalantzarik euskaldunok ere lokatzetan sartzeko beste edonor bezain makurrak garela eta ziur adibide mordoa ahazten zaizkidala. Hala ere, zuk aipatzen dituzun adibideak Espainiako estatu estrukturapean gertatzen dira. Inoiz euskal-nafar estatua berreskuratuko bagenu horren berdina litzateke? Ahal bada ez, ezta?
      Beñi

  • Tira, alderdi guztietan ardi galduak daude, gauza da alderdi horrek ardi galdu horiekiko zer nolako jarrera duen jakitea, Espainia mailan jada ikusi dugu nola alderdiek akusatuak defendatzen duten. Ez dut uste alderdi batek ardi galdu batengatik ordaindu behar izana zilegia denik, lehenik alderdi horren jarrera baloratu beharko da.

  • Espaina eta Frantziatik ateratzeko lehen ikasgaia:

    http://www.babintonpip.com/hamabost/hiru/videohiru.html