Gradignan

Hemen behean ageri den argazkia ez da ezer, ez da polita, ez du deus adierazten… Zementu eta burdinazko eraikin anonimo gotor bat da, auskalo non jasoa. Kontua da argazki hau ateratzeagatik Bordele ondoko Gendarmerian amaitu genuela inozo batzuk hilabete honen hasieran. Badu, beraz, zerbait argazkiak. Eduki behar du balioren bat hain ezinezko bihurtu nahi badute. Zer ote ezkutatzen duen hori? Begira iezaiozu ondo, erreparatu lauki zuri-zuriei…

gradignan.jpg
(Gradignan)

…eskuineko aldetik hasita, goiko ilaran osorik ageri den lehenengo lauki zuriaren gainean, juxtu zutabe erdibitzailearen alboan, orban zurizta txiki bat ageri da (luparekin behatzen baduzu). Gure lagun baten eskua da, agurtzen ari zaigu. Bi urte t’erdi daramatza hor eta beste bat egin beharko du, gutxinez, estraditatuko duten ala ez jakin artean. Duela 24 urte baino lehen egin omen (eta omen eta omen…) zituen gauzengatik epaitu nahi du Garzonek… Prerskripzio guztiak beteta, urteak dira gure laguna gizartean txertatuta eta lanean ari zela: enpresa handi baten jabe, nazionalitate frantziarra eskuratuta, familia eder bateko buru… Hortxe erakusten digu eskua barroteen artetik. Estraditatzen badute, akabo. Eta estraditatzen ez badute, sekulakoa kaltea, ekonomikoa, soziala eta morala. Bidegabekeria latza.
Gure lagunaren izena, gainera, ez dago inongo zerrendatan argitaratuta, ez presoen aldeko elkarteetan, ez ustezko negoziaketetarako agertu den zerrendetan… Bere argazkirik ere ez, inongo taberna edo herriko etxetan zintzilikatuta. Partaide izan omen zen gaztetan erakunde armatu batean, eta seguru asko halaxe izango zen, gainera, baina Komando Antikapitalistak desagertu zirela ere hogeitaka urte dira…
Horixe edukiko du, seguru asko argazkiak ezkutatzeko: bidegabea ez-ezik, estatua zein izan daitekeen mendekuzalea erakusten duela.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)