Gonak buruan jarrita ibili nahi dugu

Gonak buruan jarrita ibili nahi dugu

“Gonak buruan jarriko ditugu, inork altxatu gabe”, aldarrikatu du Malen Aldalurrek Klitto! agerkari feministan.

.

Gonak buruan jarrita ibili nahi duguNoiz erasotu zintuzten lehenengoz? Eta noiz sentitu zinen erasotua aurreneko aldiz? Norbaitek pentsa dezake bataren eta bestearen erantzunek berdina behar luketela izan. Hau da, erasoa ez dela eraso hala dela sentitzen duzun arte.

Orain gutxi, Twitterren emakume batek bere ilobaren kasua kontatu zuen: sei urtetxo zituen neskatoak eta badirudi jolas orduetan ezin jolastuta geratzen zela gelako mutikoek gona igotzen ziotela-eta. Gona igotzen ziona jotzeko gomendioa eman zion antza izebak; eta umeak ezetz, hala egiten bazuen irakasleak zigortu egingo zuelako.

Alicia Murillori Irutxuloko Hitzan egin nion elkarrizketan argi aipatzen zuen: “Txiki-txikitatik erasotzen gaituzte gure adineko mutikoek: gonak igoz, txiza egiten ari zarela atea irekiz… ez gara guzti horretaz ohartzen”. Erasoa normaltasun bilakatzen denean forma anitzak hartu ditzake: kasu honetan umekeria dela esatea litzateke ohikoena. Baina mutiko txiki horiek hasiera hasieratik ikasi dute gelako neskatoen baimenik gabe hauen gonak altxatzen. Eta ez diot bere horretan ekintzak txarra behar lukeenik izan. Hau da, umeak mundua deskubritzen ari diren neurrian zilegi eta beharrezko deritzot gona-azpiak eta galtza-azpiak ezagutu nahi izateari. Baina kontuz, maiz oso marra lausoa baitago plazeretik erasora, jakin-minetik bortxara.

Beste adibide bat izan daiteke gizarteak hain normalizatua duen diskurtsoa: “Ez izan esajeratua, piropo soil bat izan da”. Piroporik gozoena ere izan daiteke biraorik okerrena bezalakoa, testuinguruaren eta subjektuaren arabera. Galdera hauxe planteatu behar izan nion Murillori eta ez neuk argitzea behar nuelako, sentitzen nuenari hitzak jartzeko sekulako beharra nuelako baino.

Zerbeza eta kafe bueltan sarri argudiatu behar izaten ditugu halakoak eta maiz ez da erreza hain gorpuztua eta sinistua dugun hori azaleratzea; zeure baitan hain barneratuak eta hausnartuak dituzun argudio ezin sendoagoak behar bezala ahoskatzea. Sarri, abesten hasten naizenean gertatzen zaidana gertatzen zait halakoetan: barrutik ari naizenean ederki irteten zait, baina ahoz gora egiterakoan desafinatu egiten da (bai, bera bakarrik). Beno, esaten ari nintzen bezala, piropo eta erasoen arteko ezberdintasunaz galdetu nion Murillori:  “Erasoarekin gizonezkoak bere eremua markatu nahi du, espazio publikoa eta kalea maskulinoak direla aldarrikatu. Testuinguruak eta momentuak garrantzi handia dute. Ezagutzen ez duzun pertsona bati kalean deiadar egiteak bestea molestatu besterik ez du egiten. Ondo dago gauza politak esatea, baina beti ere besteak entzun nahi dituela jakinda. Dena den, uste dut ligatzeko moduak aldatu behar ditugula”. Hara, horratx nire kantua ezin afinatuago.

Izan ere, espaloiaren beste aldetik ezin modu zakarragoan garrasika zure gorputz zatiren baten edertasuna goraipatu nahi duen horrek ez du, normalean, zurekin larrua jotzeko inongo asmorik, Murillok ondo azaldu bezala, kale guztiaren atentzioa deitu, zu lotsarazi eta territorio maskulinoan zaudela gogoraraztea baino.

Eta bai, agian ligatzeko moduak aldatu beharko genituzke. Izan ere, liburutegian ondoan duzunak zurekin txortan egin nahi badu ez da ausartuko modu egoki batean bere nahiak azaltzen. Baina agian goizeko lauretan etxera bidean oihu egingo dizu kalearen beste aldetik ohean harrapatuz gero zer egingo lizukeen esanez.

Honela azaltzen zuen Murillok: “Emozionalki eta sexualki oso gaizki hezita gaude. Ligatzeko eta lotsak galtzeko bi kopa hartu behar ditugu. Harremanak gehienetan alkohola eta drogak tarteko direla egiten ditugu. Ligatzeko modu onak ikastea ezinbestekoa da, eta jakina da orain behintzat ez dakizkigula; hori aldatu beharra dago. Ez dut uste horretarako bat-batekotasuna galdu beharko genukeenik; norbaitek gurekin larrua jo nahi izatea ez da ezer txarra, ona baizik. Akaso politika egiteko modu berriak asmatu nahian gabiltzan moduan, ligatzeko modu berriak asmatu beharko genituzke”.

Ba horixe, ligatzeko moduak eta moldeak aldatu beharko ditugu; geure artean konfiantzak garatzen, desirak normaltasunez eta modu egokietan azaltzen, bakoitzaren espazioak errespetatzen. Jarraitu beharko dugu gona-azpiak eta galtza-azpiak deskubritzen eta konkistatzen, baina geuk nahi moduan eta geuk nahi dugunarekin. Murillok hainbeste gorroto duen mikroa makroa baita bere horretan. Matxismoa mailakatu beharrik gabe baita handi bere adierazpide guztietan.

Gonak buruan jarrita ibili nahi dugu, inork altxatu beharrik gabe.

Gonak buruan jarrita ibili nahi dugu / Gonak buruan jarrita ibili nahi dugu

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Gonak buruan jarrita ibili nahi dugu”-ri buruz

  • Zenbat analisi feminista behar ditugu? A zer diskutrso aspergarria, birziklatua, behin eta berriro anekdoten inguruan bueltaka, haien ideologia osotasunean onartzen dutenen artean zabaltzeko aproposa baino ez den ximaurra.
    Feminismoa ez da iraultzailea Euskal Herrian. Guztiz kontrakoa dela argudiatuko nuke, egunkarietan eta politikari ororen hitzetan entzun dezakegun ideologiarik seguruena dela, alegia. Polemika sortu nahi ez duen orok mantra feministak errepikatu edo isilik egon beharko du. Zuek zarete sistema, konformismo hutsa.
    Euskarazko internetean bereziki, monopolio itotgarria du feminismo posmoderno “iraultzaile” delakoak.

    Artikuloari dagokionez:
    “Txiki-txikitatik erasotzen gaituzte gure adineko mutikoek: gonak igoz, txiza egiten ari zarela atea irekiz… ez gara guzti horretaz ohartzen”

    Plazer hutsa izan behar da horrelako tontakeriak airera botatzea, frogarik gabe, azalpenak eskatzea bera insumisio matxista balitz bezala.
    Ez, nik bizitakoak ez du tesi honekin inolako antzik. Neska mutikoen artean joko eta bihurrikeria txiki pila izaten zirela gogoratzen dut. Sexuari buruz ezer jakin baino lehenago, jakinmin bihurriak bultzatzen zituen hainbat ume ipurdiak ukitzera, zakilak ikertzera, besteengan eragin barregarria izan zezakeen edozer egitera.
    Nork bere anekdotak izango ditu, eta horrelakoak bizi zituzten artean asko deseroso sentitu ziren, dudarik gabe. Horregatik erakusten zaie umeei zein diren errespetatu beharreko mugak, norberaren gorputzari dagokiotenak batez ere.
    Giza portaera naturalak azaldu ditzakeen arazoak ulertzeko zertarako behar ditugu konspirazio matxista patriarkalak?

    ” “Erasoarekin gizonezkoak bere eremua markatu nahi du, espazio publikoa eta kalea maskulinoak direla aldarrikatu. Testuinguruak eta momentuak garrantzi handia dute. Ezagutzen ez duzun pertsona bati kalean deiadar egiteak bestea molestatu besterik ez du egiten. Ondo dago gauza politak esatea, baina beti ere besteak entzun nahi dituela jakinda. Dena den, uste dut ligatzeko moduak aldatu behar ditugula”. Hara, horratx nire kantua ezin afinatuago.

    Izan ere, espaloiaren beste aldetik ezin modu zakarragoan garrasika zure gorputz zatiren baten edertasuna goraipatu nahi duen horrek ez du, normalean, zurekin larrua jotzeko inongo asmorik, Murillok ondo azaldu bezala, kale guztiaren atentzioa deitu, zu lotsarazi eta territorio maskulinoan zaudela gogoraraztea baino.”

    Berriro, ohiko moduan, inongo daturik gabe azaltzen zaizkigu gizonen portaera ulertzeko azalpen bitxiok , Feminismo(TM)-k onetsiak.
    Piropo gutxi samar entzun ditut nire bizitza motzean, baina neska erakargarri askok tona bat jasotzen dituztela erraz sinetsi dezaket.
    Nire kasuan, gehienetan gizon homosexualak izan dira nire gorputzeko ezaugarriren bat garrasika goraipatu dutenak, baita lekuz kanpoko broma gehienak bota dituztenak ere. Festa inguruan eta humore onez ematen direnean., horrelakoak barre eginez eta keinu pare batekin konpondu ohi dira. Zintzoa izango banaiz, sarritan autoestimuari kalte gutxi egiten diote. Batzuetan, ordea, gertakari hauek giroa zapuztu eta tentsioa eta urduritasuna sortzen dute.

    Idatzi dudanarekin ez ditut piropoak defendatu nahi, ezta gizonen eta emakumeen egoerak parekatu ere. Inongo gozotasunik gabe, algaraka, norbaiten gorputza goraipatzea errespetu falta da, portaera troglodita. Gainera, ukaezina da emakumeek askoz maizago entzun behar dituztela horrelako perlak. Gizonak emakumeak baino indartsuago izan ohi direla kontuan hartuta, lehen aipatutako tensioa beldur bilaka daiteke.
    Dena den, elkarrizketatuak ez ditu arazoaren kausak zintzoki aztertzen. Horren ordez, etxetik zekarren narratiba feminista asetzeko erabiltzen du gaia, konspirazioaren teorikoen eta erlijioso fededunen antzera.
    Gizonen piropoak ez dira “eremua markatzeko” tresnak. Helburua ez da emakumeak lotsaraztea eta “territorio maskulinoan” dagoela gogoraraztea. Santi Millan Antropologia departamentuko buru izendatu dutela dirudi, hizkerari erreparatuz.

    Azalpen sinple eta aspergarria: Gizonek oso gogoko dute emakumeen (edo beste gizonen) fisikoa. Gizonak emakumeak baino erasokorrago eta oldartsuagoak izan ohi dira, gutxiago pentsatzen dute erabakien ondorioei buruz. Azkenik, gizonezkoek konfiantza handiagoa izan ohi dute euren buruan, eta enpatia (adimen interpertsonala) txikiagoa, epe motzean behintzat.
    Ezaugarri horiek ezagunak dira, eta patriarkatu maltzurraren hipotesiak faktore guztiak baztertu eta azalpen alternatiboa du, “a priori” dogma: Gizon/emakumeen arteko edonolako desoreka dagoenean, indoktrinazio matxista da erruduna. Hemendik abiatuz, feministek ondorio hori sustraitzeko argudioak garatzen dituzte, zentzuzkoak batzuetan, endredatuak gehienetan.
    Buruz bera planteaturiko prozesu hau funtsean dago oker, eta galdera gutxi batzuk erantzuteko baino ez du balio.