Goazen telesaileko bollerak

Goazen telesaileko bollerak

Euskal Telebistako saio arrakastatsuari buruz idatzi du Amelia Barquin irakasleak Kinka blogean: “Go!azen telesaila. Irrikitan nago bollerak noiz aterako diren…”.

Izeba eta ilobaren arteko elkarrizketa EITBko Go!azen telesailaren lehenengo atalaren ondoren:

Izeba: Zer moduz lehenengo atala?

Iloba: Superondo! Bi neska bizki daude eta mutil berarekin gustatzen dira…

Izeba: Aizu, eta lesbianarik, gayrik, transik edo postgenerorik agertzen da?

Iloba: Ez, baina beltz bat ateratzen da.

Izeba: Hara. Eta asko ateratzen da?

Iloba: Beno, ez du ezer esaten; taldean dantzatzen du batzuetan.

Tira, nire ilobak ondo ezagutzen nau eta aniztasunaren ikurra (apurra) bilatu du niretzat: gazte beltza. Esaldirik gabeko beltza, bestalde. Ez zait asko iruditu…

Goazen telesaileko bollerak

Hurrengo atala nire ilobarekin ikusi dut. Hasteko, nire miresmen osoa (itxura batean) horren diru gutxirekin egindako telesail batentzat. Eta funtzionatu egiten du. Nire iloba ostiralean korrika etortzen da etxera “ebatzi gabeko maitasun tentsioaren” hurrengo urratsa ikustera eta abestiak entzutera. 21.30etan txintxo-txintxo eseritzen da telebistaren aurrean. Eta ni, pozez txoratzen, euskarazko kultur produktu bat boluntarioki kontsumitu nahi duelako (eta nerabezaroan gainera; ez da makala).

Ez dut hitz egingo egoeren sinesgarritasunaz. Barnetegiaren zuzendaria aipatuko dut soilik;  munduan jada ikusten ez diren apaiz horietakoa; beno bai, Munilla Gipuzkoako apezpikuak barnetegi bat zuzenduko balu, baliteke antzekoa izatea. Tira, berdin da, sinesgarritasuna bost; produktu bat gustuko dugunean, behin behinean ahazten dugu eta kito.

Gakoa betikoa da: maitasuna (hurbilpenak, zeloak, gaizkiulertuak…) eta gazteen arteko harremana, bere tirabirekin (badaude gazte jatorrak, oso jatorrak, gaiztoa dirudiena baina jatorra dena, gaizto-gaiztoak, gaiztoa eta tontoa, jatorrak eta traketsak…). Gazte guztiak nahiko ondo orraztuta, denda-kate berean erositako arropa jantzita (edo hori iruditzen zait niri).

Lau atal ikusi ditu nire ilobak jada. Pertsonaien arteko gora-beherak gustura laburbiltzen dizkit. Zain nago jakiteko ea barnetegiko bi neska edo bi mutil noiz enamoratuko/enroilatuko diren telesailan. Irrikitan. Eta (ziur nago) gertaera hori ez da gatazkatsua izango, natural-naturala izango da. Edo gatazkatsua bai, baina ez genero bereko bi lagunek osatuta egoteagatik. Ez gure garaian, ez horixe.

Badakizue, Euskal Herrian ez dago lesbofoboa edo homofoboa den inor, baina badaezpada ere, genero bereko bikoterik ia ez ditugu inoiz erakusten gure produktu kulturaletan (Pirritx eta Porrotx, mila esker, gure salbuespena izateagatik). Baina hemen laster agertuko dira, ezta?

Eta ea mutil beltz horrek hurrengo ataletan hitz egiten ikasten duen. Eta izenik eta esaldirik gabe eta jatorri atzerritarra izan dezaketen beste gazte batzuek ere bai (ikasleen %10 dira gazte horiek euskal gizartean, nola ez da bat edo bat gehiago Go!azen -en agertuko, ezta?). Halaber, aniztasun funtzionala duen ikasleren bat barnetegian laster matrikulatuko delakoan nago. Gizartean dagoen aniztasuna islatuko du horrek guztiak, besterik ez, gazte horiek ikusgarritasun ezaren linboan ez gelditzeko. Badakigulako ze garrantzitsua den umeek eta gazteek erreferente positiboak izatea; eta errespetuaren adibideak. Behin eta berriro esaten dute adituek…

Ni hemen nago, hurrengo atalaren zain. Esperantzaz betea. Irrikitan.

Goazen telesaileko bollerak Goazen telesaileko bollerak Goazen telesaileko bollerak
Aniztasuna, euskal telebista, Goazen, Nerabeak
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Goazen telesaileko bollerak”-ri buruz

  • Zeergelakgareneuskaldunok 2016-12-30 18:47

    Hori, hori! Eta mesedez sartu ere bai palestinar bat eta gero begano bat…
    Horrela osatuko dugu euskaldunok hain progresista eta happyguai sentiarazten gaituen fauna.

  • Salabardoa, ea ulertzen dudan…zuk zer nahi duzu, euskaraz egiten den telesail bakarrean euskaldunak kenduta beste edozer azaltzea? Apaizaren ordez iman bat jarri?Ez duzu pentsatuko ba nollywooden (afrikako hollywood) egiten dituzten pelikuletan euskaldun txuri trasngeneroak azaltzen direnik? Aniztasuna bai, baina euskaldunon artean azkenaldian zabaldu den txorohaize honekin aspaldu pasatu ginen eeeee. Gu beti “minoriekin” solidario izaten eta tatxan tatxan!! Hara zer den! euskaldunok gara (bollerak barne) euskal herriko minoria handiena! Ez gara milioi bat ere!! Baina beno jarraitu dezagun horrela, sagardotegiek tofuzko halal txuletak eta alkoholik gabeko sagardoa zerbitzatzen duten arte trikitixarekin beharrean afrikako danbor hots eta regetoiarekin dantzatzen dugun bitartean.

  • Barkatu Salabardoa! Iruzkina Ameliarentzat zen!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude