Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatuko da Legazpin, apirilaren 10ean

Apirilaren 10eko egitaraua ekintzaz bete-bete izango da: goizeko 10.30ean Legazpiko plazan elkartuko dira Gipuzkoa osotik etorritako haurrak; 11.00etan ongietorri-aurreskua egingo dute Korosti eta Sustraiak dantza-taldeek eta 11.15ean taldekako jolasak izango dira. 12.30ean kalejira egingo dute Legazpiko Batukadaren, Doinua Musika Eskolaren eta Legazpiko Bertso-olarien eskutik. Bazkaria izango da gero 13.30ean. Arratsaldeko egitaraua hasteko, zezenak eta ponyak izango dira Legazpiko trikitilari gazteek alaituta, 14.30ean. 16.00etan ikuskizuna izango da Legazpiko frontoian eta 18.00etan emango zaio amaiera aurtengo edizioari.

NDg5NA==

Irudia | Bertso Eskolen Eguneko prentsaurrekoa Legazpin | Gipuzkoako Bertsozale Elkartea | Creative Commons By SA

Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna ospatuko da Legazpin, apirilaren 10ean

Gipuzkoako Bertso Eskolen VII. Eguna ospatuko da datorren igandean, apirilaren 10ean, Legazpin (Goierri). Gaur goizean izan da Egunaren aurkezpena Legazpiko udaletxean, eta bertan izan dira Xotero Plazaola Legazpiko alkatea, Legazpiko kultura zinegotzia, Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Transmisio eragilea, Julen Agirreburualde Bertso-olariako Bertso Eskolako kidea eta Bertso Eskolako haurrak.

Bertso Eskolen Egunaren helburua izango da Gipuzkoako Bertso Eskolen arteko harremanak sendotzea eta elkar ezagutzea. Apirilaren 10eko egitaraua ekintzaz bete-bete izango da: goizeko 10.30ean Legazpiko plazan elkartuko dira Gipuzkoa osotik etorritako haurrak; 11.00etan ongietorri-aurreskua egingo dute Korosti eta Sustraiak dantza-taldeek eta 11.15ean taldekako jolasak izango dira. 12.30ean kalejira egingo dute Legazpiko Batukadaren, Doinua Musika Eskolaren eta Legazpiko Bertso-olarien eskutik. Bazkaria izango da gero 13.30ean. Arratsaldeko egitaraua hasteko, zezenak eta ponyak izango dira Legazpiko trikitilari gazteek alaituta, 14.30ean. 16.00etan ikuskizuna izango da Legazpiko frontoian eta 18.00etan emango zaio amaiera aurtengo edizioari.

Igandean parte hartuko dute ondorengo taldeek ere: Legazpiko Batukada, Goiz-Deia txistulari taldea, Sustraiak dantza taldea, Korosti dantza taldea, Doinua musika eskola eta Legazpiko trikitilari gazteak.

NDg5Mw==

Ekimenari babes zabala

Gaur goizean egin den prentsaurrekoan, Xotero Plazaola Legazpiko alkateak herriko Bittor Agirre eta Iñaki Azarola bertsolari nekaezin beteranoak goraipatu nahi izan ditu, herriko Bertso-olariak Bertso Eskolak egiten duen lanarekin batera. Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen lana ere goretsi du Plazaolak, “Bertso Eskolen mugimendua oso ilusionagarria baita Euskal Herriarentzat”.

Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Transmisio eragileak egungo Gipuzkoako Bertso Eskolaren sarearen inguruko egoera azaldu du. “Hezkuntza Arautuko proiektuan, Gipuzkoako 8.733 neska-mutiko (joan zen ikasturtean baino mila gehiago) inguruk jasotzen dituzte bertsolaritza-eskolak Gipuzkoako bederatzi bailaratan, eta 49 herritan banatuta dauden 130 ikastetxetan”, argitu du Soraluzek. Honen harira, Hezkuntza Arautuko proiektua ahalbidetzen duten udal eta ikastetxe guztien lana eta konpromisoa eskertu nahi izan du. Datuen interpretazioari dagokionez, Edurne Soraluzek gaineratu du “guztira, 884 pertsonek parte hartzen dutela Gipuzkoa osoko bertso eskoletan. Horietatik %38,80 emakumeak dira eta %61,20 gizonezkoak. Parte hartzaile kopuru altuena haurren bertso eskoletan dago, %68,67; helduetan, berriz, %31,33 dira”.Haurren estatistikei begiratuta, berriz, honokoak dira datuak, Soraluzeren hitzetan: “parte hartzaileen %47,45 neskak dira eta %52,55 mutilak. Bukatzeko, Soraluzek eskerrak eman nahi izan dizkie ekimenaren babesle izan direnei: “urtero bezala, eskerrak eman behar dizkiogu Gipuzkoako Foru Aldundiari transmisio proiektuari ematen dion sostenguagatik. Baita, Kutxaren Gizartekintzari ere, Bertso Eskolen Egunari laguntza emateagatik”.

Prentsaurrekoarekin amaitzeko, Julen Agirreburualde Bertso-olariak Bertso Eskolako kideak Bertso Eskolen Eguna antolatzeko izan duten ilusioa eta gogoa nabarmendu ditu, antolatzaileekin izandako harremana gorestearekin batera.

Irudia | Bertso Eskolen Eguneko prentsaurrekoa Legazpin | Gipuzkoako Bertsozale Elkartea | Creative Commons By SA