Gidabaimena euskaraz

Gidabaimena euskaraz

Urtean zehar B1 gidabaimena ateratzen duten herritarren %85 inguru 18 eta 19 urteko gazteak dira. Aipatu eskualdean adin horretako gazteen %90 elebidunak dira eta gehien-gehienak D ereduan egin dituzte ikasketak. Horrekin batera, eskolaz kanpoko jardueratan, kirol arloan eta antzeko jardueratan euskarazko eskaintza jasotzen dute. Alabaina, gidabaimena ateratzeko orduan, ia denek gaztelaniaz egin behar izaten dute. Orain arte bazen aukera gidabaimena euskaraz ateratzeko, baina aukera hori ez zen bideragarria, material egokirik ez zegoelako (eskuliburua, testak…).

Gidabaimen arrunta (B1) ateratzeko eskuliburua eta programa informatikoa garatu ditu euskaraz AEOL (Autoescuelas On Line) enpresa valentziarrak. Material hori Debagoienako Mankomunitatearekin eta eskualde horretako udalekin elkarlanean prestatu eta garatu dute.

Material horretan Trafikoko Zuzendaritzak erabiltzen duen terminologia eta hizkera erabiltzen dute eta, beraz, egokituta dago.

gidabaimenerako ikasmateriala

AUTOESKOLEN ETA UDALEN ARTEKO HITZARMENA

Udalak eta autoeskolak hitzarmen bat sinatu dugu gaurko agerraldian. Etengabeko elkarlanari ekin nahi diogu, aurrera egin eta gidabaimena euskaraz landu eta ateratzeko zerbitzua eskaini ahal izateko.

Hitzarmenaren konpromisoak:

1. Udalak eta Udal Elkartea:

•    Sustapen kanpaina egingo dute udalek eta Udal Elkarteak, gidabaimena euskaraz ateratzeko aukeraren berri emateko: agerraldi publikoa, kartelak, 18-19 urteko gazteei gutuna…

•    Euskarazko 500 eskuliburu banatuko dizkiete eskualdeko autoeskolei, euskaraz gidabaimena atera nahi duenari doan emateko.

•    Konpromisoa elkarlanean jarraitzeko eta gidabaimena euskaraz ateratzeko bidean sor daitezkeen arazoei irtenbidea emateko (harremanak Trafikoko Zuzendaritzarekin, bitartekaritza, elkarlana beste erakunde publikoekin…).

2. Autoeskolak

•    Gidabaimena euskaraz atera ahal izateko zerbitzua eskainiko diete herritarrei.
•    Gidabaimena euskaraz atera ahal izateko aukeraren berri emango diete herritarrei.
•    Konpromisoa hartzen dute horretarako egin behar diren aldaketa eta lanak egiteko.
•    Elkarlanean ariko dira udalekin eta Udal Elkartearekin eta proposamenak egingo dituzte gidabaimenen arloan euskararen erabilpena normalizatzeko.
•    Gidabaimena euskaraz atera duten herritarren inguruko datu estatistikoak emango dizkiete udalei eta Udal Elkarteari.

(Urola Kostako Udal Elkartearen Euskara Zebitzua)

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.