Gaztaren hiriburua eta Fernando Alonsoren kokotea

Gaztaren hiriburua eta Fernando Alonsoren kokotea

Gaztaren hiriburua eta Fernando Alonsoren kokotea

Gaztaren hiriburua eta Fernando Alonsoren kokotea

Atzo, Donostian izan ginen. Artzainak diren lagun batzuekin gelditu ginen Kursaalera joateko, gaztaren tenplura –halaxe zioten behin eta berriz irratian–; badakizue, gaztak ikusi, dastatu, beste artzain batzuekin hitz egin eta esperientziak trukatu, World Cheese Awards gazta lehiaketaren atzekoak ezagutu… Eta benetan egun harrigarria…

Gazta Market zegoen tokian, postu ugari, mota askotariko gaztak eta jendea postuz postu, jakin-minez. Gazta batzuk benetan ederrak estetikari begira; itxuraz oso ezberdinak, gainera. Dena oso dotore, lan handia zegoen horren atzean, antzematen zen.

Bi gaztagilerekin hitz egiteko aukera izan genuen. Batek behi gazta egiten zuen, baina ez zuen behirik, esnea erosten zuen. Berak esaten zuen horrek bere zailtasuna ere bazuela. Izan ere, esnearen kalitatea ona ez bada… zure gazta… Eta horregatik zela oso garrantzitsua esne ekoizlearekiko konfiantza, haren lanarekikoa. Bigarrenak ardi-gazta egiten zuen, artzaina ere bazen, oso artzain izan ere: 5000 ardi!!! –hau da, guk baino 4860 ardi gehiago–. Assaf arrazakoak, Gaztela aldean bertakotzat dutela arraza hori, orain dela 30 urte sartu zela. Dena ez zuten gasnatzen, esne ona etxerako, eta gainontzekoa saltzen zutela –neuri buruari galdetu nion: eta nori?– Gaztek itxura berezia zuten, moldeko ogiaren forma, eta goxoak ziren; baina zalantza sortzen zidan bere “artisau” eredua; oso urrun, behintzat, nik buruan daukadanetik.

Bisita gidatua ere izan genuen. World Cheese Awards lehiaketan parte hartu zuten gaztak ikusteko eta batzuk dastatzeko ere aukera bazegoen. Gidak –epaile lanetan ibilitakoa zen– oso azalpen interesgarriak eman zizkigun –epaileen lanaz, lan egiteko metodologiaz…–. Niri, halere, sumingarria iruditu zitzaidan eman zuen azken datu bat: han ikusgai ziren 3000 bat gazta –pentsa, tamaina guztietakoak ziren, batzuk egiatan handiak– atzo iluntzean bota egingo zirela– dominadunak eta soil-soilak–. Bai, bai, suntsitu, han zegoen idatzita: destroy.

Lehiaketa hori Erresuma Batuko enpresa batek antolatzen du –Donostiakoa, Artzai Gaztarekin batera–, eta aurtengoa izan da handik atera den bigarren aldia; dena den, han edo hemen, haiek ezartzen dituzte arauak, eta hortxe horietako bat. Eman ziguten arrazoia, hauxe: banatuko balira –adibidez, aterpetxeetan, elikagaien bankuan…–, eta intoxikaziorik balego, lehiaketaren izen ona galduko litzatekeela.

Gaztaren hiriburua eta Fernando Alonsoren kokotea
Atzo goizean erakusgai ziren lehiaketan parte hartu zuten gazta batzuk

Lotsa sentitu dut, handia eta bikoitza. Alde batetik, nik handikeriaren ikuskizun horretan lagundu egin dudalako nire 5€ko sarrera erosita –eta eskerrak 12:30ak baino lehen joan ginen, bestela 12 €ko laguntza–. Bestetik, Donostian bertan, zenbat lagun egongo dira laguntza beharrean? Aste honetan hasi omen dira Elikagaien Bankukoak lanean, janari-bilketaren kanpainarako. Han bazen zer bildu, gero! Gazta batzuk oso osorik zeuden –zulotxo bat baino ez, epaileek gazta-lagina har zezaten–, erraza zen: zatitu, ontziratu eta banatu. Bai, jakina, lana zen; baina ordurako lan gehiena egina zegoen: gaztak bertan ziren! Non zen jatekoari zor diogun errespetua?

Mina ere sentitu nuen, sabela irauli zitzaidan. Nik baitakit zer lan dagoen gazta baten atzean –are gehiago artzaina bazara eta zure abereak zaintzen badituzu–, badakit, halaber, zer ilusioarekin bidaltzen diren gaztak lehiaketetara, eta badakit 53€ balio zuela gazta bakoitzaren izen-emateak. A, eta gaztak Donostiara bidaldi egin behar ziren, hori ere gaztagileak ordainduta –zenbat eta urrunagokoak izan, orduan eta garestiago–.

Ez dakit, ordea, gaztagile horiek jakingo ote zuten nola bukatu behar zuten gazta haiek. Ezetz espero dut. Izan ere, ez nuke asmatuko ulertzen norberarekiko hainbesteko errespetu falta. Eta duintasuna? Non gelditzen da zure gazta horrek –edo horiek; batzuek bat baino gehiago bidaliko baitzituzten– ematen dizun duintasuna?

Nola onartu hilabeteetako lana atzo suntsituko zela , baita norberaren zatitxo bat ere –ez dakit erraustuta, errefusara edota organikora botata–.

Liluratu ninduen gazta bat

Honezkero, ez da gaztarik egongo.

Ito egin nintzen, handik atera behar nuen. Ezin nuen gaztarik probatu, barkatzeko euren altxorrak eraman zituzten guztiek, benetan, baina ezin nuen. Gaztaren orgia bukatu egin zen.

Akaso, egunen batean –agian, bihar bertan– damutu egingo zait, baina atzo eta gaur ez, behintzat.

Handik atera eta taberna batera joan nahi genuen. Nora joan? Bada, alde zaharrera, Fernando Alonsoren kokotea lotsagarri utzi duen tabernara, eta han ere… ustekabea!

Irratiko iragarkia, itzela; baina errealitatea, itzala. Zerbitzariak, erdaldunak; giroa ere…; eta kontua: bi kaña, 6€! Komunak garbiak ziren ala ez, ez genuen egiaztatu.

Beste taberna batera joan ginen, askoz xumeagoa –baina komunak garbiak, e!– eta gustura egon ginen; handikeriarik gabe.

Bidaiak jota utzi gintuen, bi argi izpiek –lagunak eta azkenengo tabernatxoa– nahiko indar ez, egunari buelta emateko.

Gaztaren hiriburua  Gaztaren hiriburua Gaztaren hiriburua  Gaztaren hiriburua
Josebe Blanco

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

2 pentsamendu “Gaztaren hiriburua eta Fernando Alonsoren kokotea”-ri buruz

  • urban ruralist kosmopaleters

  • ganbaratxotik 2016-11-21 18:51

    Zein da munduko lorerik ederrena? Zein zuhaitzen itzala da goxoena? Zein mendi dotoreena? Muxurik goxoena?Kolorerik egokiena?Poesiarik sentikorrena?……
    Gaztarik onena?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude