Gaurkoa ez da lehen armagabetzea

Gaurkoa ez da lehen armagabetzea

Esaldi aski higatua da “Egun historikoa gaurkoa”, erruz erabilia. Askotan entzun izan ditugu hitzok; baina gaurkoan erabili litezke, topikoetan jausi gabe. Euskadi Ta Askatasuna armagabetu egin da. Egun historikoa da gaurkoa, zalantzarik gabe, mugarria geure herriaren ibilbidean. Zilegi da halako egunetan atzera begirako errepaso bat egitea; izan ere, gaurkoa ez baita lehen armagabetzea.

 


ETA PM (VII)

1982ko otsailean Miarritzen eginiko bilera batean borroka armatuarekin jarraitzearen inguruko eztabaidan zatitu egin zen ETA (pm) erakunde armatua. Gehienek (%73) jarraitzearen alde egin bazuten ere, zazpigarrenekoak izena hartuko zuen sektoreak borroka armatua bertan behera utzi zuen. 1982ko udazkenean ETA Politiko Militarreko VII. Asanbladak bere disoluzioaren berri eman zuen Miarritzen, prentsaren aitzinean eta aurpegia estali gabe.  Horietako askok Euskadiko Ezkerran amaitu zuten.

Egia da ez zutela armarik entregatu; baina zenbait hilabete lehenago poliziak polimilien artsenal nagusia atzeman zuen Erandiotik hurbil, bost tonakoa, erakunde hark zeukan armategiaren zati zinez esanguratsua. Bi hipotesi daude gaiaren inguruan: bat, poliziak bere lana oso ondo egin eta artsenala topatu zuen; bi, eztabaida politikoa beren alde posizionatu nahi zutenek biltegiaren kokapenaren berri eman zieten poliziei.

Gaurkoa ez da lehen armagabetzea


Santoñako hitzarmena

(Josu Chuecaren idatzitik)

1937ko abuztuaren 24an  Guriezon, Santoñatik gertu, Euzko Alderdi Jeltzaleko eta Corpo Truppe Volontarieko italiar faxisten buruzagiek hitzarmen bat sinatu zuten.

Bilbo galdu eta Kantabriara pasa ondoren gudari askok ez zuten Euskaditik kanpo borrokan jarraitu nahi. Dena den, Bizkaiaren aurkako erasoaldi betean, EAJko buruek egokitzat jo zuten Italiako diplomatikoen bitartez bake-errendizioaren bidea aztertzea. Bilbo erori baino lehen hasi ziren hartu-emanak, eta elkarrizketa haietan paper garrantzitsua jokatu zuen Ajuriagerrak.

Gaurkoa ez da lehen armagabetzeaElkarrizketen ondorioz honako hitzarmenetara iritsi ziren: eusko gudariek ez zuten erresistentziarik eginen eta Italiako legionarioei Santoña-Laredo eskualdeaz jabetzen utziko zieten. Italiako ordezkari militarrek errendituriko soldadu guztien bizitzaz arduratuko ziren, gerrako eginbehar guztietatik landa laga, eta agintariak erbestera joateko baimena izanen zutela hitzartu zuten. Gudariek, noski, gainean zeramatzaten armak entregatu beharko zituzten.

Gauzak ez ziren nahi bezala atera ordea. Gudariak eta agintariak erbesteratzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak alokatu zituen 14 barkuetatik bi baino ez iritsi ziren portura. Dagoeneko desarmaturik zeuden gudarien barkuratzea eragozteko, italiarrek artilleriaren bateriak itsasontzien aurrean jarri zituzten, eta Santoñako kaietan zeudenak konturatzen hasi ziren hitzarmena betetzea zaila izanen zela. Errenditutako soldaduak babesteko hitza ordu gutxiko kontua izan zen, eta babes hori El Duesoko espetxean eta Laredoko kontzentrazio zelaian eman ziren; baina okerrena heltzear zegoen. Italiar soldaduen menpe zeuden esparru horietan zaindarien txandakatzea egin zen, eta espainiar faxistak sartu.

500 lagun fusilatu zituzten.

*Gaur egun bi euskal preso politiko daude oraindik ere espetxe horretan: Imanol Vicente eta Rafa Diez.

Gaurkoa ez da lehen armagabetzea
El Duesoko espetxea.

Gaurkoa ez da lehen armagabetzea
Karlistak Nafarroan, 1872

Zornotzako ituna

Zornotzako ituna Hirugarren Gerra Karlistari amaiera emateko asmoz Zornotzan 1872ko maiatzaren 24an sinatu zen hitzarmena izan zen, karlistek Orokietako gudua galdu ondoren.Liberalen partetik, ordura arte Espainiako gobernuaren presidente zen Francisco Serrano jeneralak sinatu zuen; karlisten aldetik Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari ziren Fausto Urkizu eta Juan E. Orue izan ziren sinatzaileak, beren izenean eta Antonio Arginzoniz jaunaren izenean. Serranok amnistia emateko konpromisoa hartu zuen Euskal Herriko karlistek armak uzten bazituzten.

Sinatu sinatu zen, baina ez liberalek ez karlistek ez zuten onartu itun hau. Sinatzaileak traidoretzat jo zituzten bi aldeek, eta gerrak jarraitu egin zuen 1876 arte.

 


Bergarako besarkada

Bergarako besarkada Estatu Nagusiko buruzagia zen Maroto jeneralak eta Espartero jeneral liberalak Bergaran sinatutako hitzarmenaren aurkezpen sinbolikoa da, 1839koabuztuaren 31n. Lehen Karlistaldia 1833. urtean hasi zen. Gerratean zehar karlisten taldean bi multzo agertu ziren: batetik gerrak gehiegi iraun zuela uste zutenak; bestetik amoregaitzekoak. Rafael Maroto (espainiarra) jenerala lehen taldekoa zen, eta beste iritzi bat zeukaten lagun asko fusilatu ostean, bidea ireki zuen liberalekin elkarrizketak abiatzeko.

Gaurkoa ez da lehen armagabetzeaHonako puntuak barnebiltzen zituen hitzarmenak:

  • 1. artikulua: Esparterok gobernuari gorteek foruak onar edo alda zitzaten gomendatzeko akordioa hartu zuen.
  • 2., 3., 4., 5. eta 6. artikuluak: Karlista armadan parte hartu zutenen intsigniak, lanbideak eta graduak onartzen ziren. Karlistei armada liberalean sartzeko aukera ematen zitzaien.
  • 7. artikulua: Nafarroako eta Arabako armadeei aurreko artikuluak zabaltzeko aukera ematen zitzaien hitzartutakoa onartzen bazuten.
  • 8. artikulua: Karlisten armak, jantzitegiak eta bizigaiak Esparteroren menpe jartzen ziren.
  • 9. artikulua: Gatibuei, hitzartutakoa onartzen bazuten, aske geratzeko aukera ematen zitzaien.
  • 10. artikulua: Esparterok gobernuari –honek gorteei eskatzeko- alargunak eta umezurtzak bere gai har zitzan eskatzeko akordioa hartzen zuen.

1841. urtean, hitzartutakoaren aurka, Esparterok (ordurako Espainiako erregeorde), foruak deuseztatzeko ekimena egin zuen dekretu bidez. Hala ere, 1844an, Esparteroren erregeordetzaren amaierarekin, foruak mantendu ziren.

Gaurkoa ez da lehen armagabetzea


Gure herriari gatazka gordina ezarri zaio, eta katramilaren korapiloak ez dira askatu oraino, ezta gutxiagorik ere. Euskal Herriak joera berezitua mantendu du mendeetan, izan erresuma, foru edo errepublika baten xerka: bere burua gobernatzeko desira irmoa.

Gaurko armagabetzeak baditu zenbait berezitasun: nabarmenena, euskal herritarrek euskal herritarrei entregatu dizkiela armak, etsaiarekin akordiorik egin gabe, eta irakurketa politiko baten ondorioz. Aldebakartasunez. Bergara, Zornotza, Santoña, Miarritze eta Baionaren arteko ezberdintasunak handiak diren arren lotzen dituen harimuturra garbia da, ene iduriko: gerran jarraitzen dugu. Polisetako politiko politak nahi dutena erran dezatela, diplomatiko diplodokus diplomadunak jarraitzeko antzerkia egiten, hitzak hits: gerran gaude, kito. Parez-pare dauzkagun bi estatuak ahaleginak eta bi egin dituzte historian zehar gu desagertarazteko, eta horretan diraute. Herri honetan gehiengoak sortu eta horri aurre egitea tokatzen zaigu, ez dago besterik.

Ziur naiz inork gutxik pentsatuko duela, baina badaezpada: armagabetzea eta bakea ez dira sinonimo. Historia eta egunerokotasuna testigu.

*Iturriak: Argia, Wikipedia eta Lur Entziklopedia
Gaurkoa ez da lehen armagabetzea Gaurkoa ez da lehen armagabetzea
Gaurkoa ez da lehen armagabetzea Gaurkoa ez da lehen armagabetzea

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.