Gaur, Rolexetara…

http://alteretaego.wordpress.com

 

63_smurf etxea

Argazkia: Smurf etxea
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 3840×4588 px (5:6)
Sortze data: 2013/11/18
Latitudea: 43º 16,740´ N
Longitudea: 2º 00,944´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 100mm f/2.8L Macro IS USM
Distantzia fokala: 100 mm
Irekidura: f5,6
Esposizio denbora: 1/60″
Sentikortasun eskala: 3200 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Gauzak asko aldatu dira azken urteotan, baina oraindik, onartzea gogorra bada ere, mundua ez dago emakumeentzat egina. Are gutxiago, norbere egunerokotasuna gizonezko hutsez osatua dagoen gizarte baten baitan aurrera atera beharra suertatu zaienentzat.

Horren aurka euren ahotsa jasoz hasi zirenak ere, amorrazioa nabari dute orain beste edozeren gainetik eta, laster, etsiaren zurrunbiloan harrapatuta geratuko direnaren beldur dira.

Goizero, begiak lehen aldiz irekitzerakoan, pentsamendu hori buruan hasten du eguna Pottokinak. Etsiak astundu dituen maindireak gainetik kendu eta, eguneko lehen erabakia hartzeko ordua iristerakoan, etortzear dagoena ere ildo beretik joango dela badaki, aurretiaz. Izan ere, jantziko duen tangaren kolorea adostu ezinda dabilela, nahitaez etorriko zaio burura betiko mamua: total, zer axola du? Neuretzako baino ez dut jantziko eta…

Erregina bat bailitzan hartuko dute denek, hori egia da, berataz maiteminduta dauden printze urdinak baino ez baititu inguruan, baina zenbaitetan, aukeran, nahiago luke emagaldu bat izan. Beti printzesa bat izateaz ere nazkatu egiten da bat, azkenean.

Ez, bada: noizean behin hastea hain gustuko duen bere iraultza partikularretako bat hasiko du gaurkoan. Neurri berean tolestuta dauden tangak gordetzen dituen tiradera bere horretan itxi eta bitsdun bainu batekin hasiko du eguna gaur. Komuneko ispiluan bere gorputz biluziari begira, normala dela denak berarekin txora-txora eginda egotea aitortuko dio bere buruari. Ur berodun bainua prest dagoela erdietsitakoan, bertara sartu eta begiak itxiko ditu, askotan, begiak ixte hutsak, asko laguntzen baitu ikusten ari garena erlatibizatzerako orduan.

Arrazoi osoa zuen emadazue euste-puntu bat eta mundua mugituko dut esan zuenak. Begiak itxita bakarrik ikus daitezkeen munduetarako bidaian, eskuma eskuko hatz luzeko ermamia du bidelagun. Mantso hasieran, eta gorputzak hala eskatzen dion abiaduran gero.

Aspertuta dago jada berarekin bizitza osoa igaro nahi dutenez: horrelakoetan, bere egin nahi dutenak baino ez datozkio burura. Gargamel, horretan behintzat, zintzoa izan da beti. Komuneko leihoan irudikatu izan du, behin baino gehiagotan, bere gozatuari so. Ez litzaioke batere axolako, gaur behintzat, bertan balego. Lasai asko luzatuko litzateke hain intimoak diren lanetan, tarteka, begietako bat erdi ireki, eta bere aurpegia ikusteagatik baino ez balitz ere.

Beherantz datorren arrasto umelaren beroak esango dio bainuontziko ura hoztu egin dela eta, horrenbestez, handik irteteko ordua iritsi dela. Prest dago, hortaz, eguneko bere bigarren iraultza partikularrari ekiteko: gaurkoan ez du ez kulerorik, ez tangarik aukeratzen denborarik galduko. Bainuak eman dion askatasun puntutxo hori mantentzea erabakiko du.

Ondo esaka etortzear dagoen pottoki andanari aurre egin orduko, erreka ondora osteratxo bat egiteko tartea aurkituko du. Ahora eramateko ur fresko apur bat biltzekotan makurtzean, ohi baino aztoratuago nabarituko du Azrael bera ere.

Bide onetik doa, dirudienez, gaurko iraultza. Agian, gaur ez du bere etxean lo egingo.

 Ego dixi.