Gaur 20 urte Aznar Espainiako presidente, EAJrekin sinatutako akordioari esker

Gaur 20 urte Aznar Espainiako presidente, EAJrekin sinatutako akordioari esker

1996ko maiatzaren 4an, gaur 20 urte, Jose Maria Aznar Espainiako presidente izendatu zuten, PPk eta EAJk aurretik adostu zuten hitzarmenari esker.

Iñaki Anasagastik akordioa nola gauzatu zen kontatu du bere blogean.

Asteon bukatu da Espainiako azken legegintzaldia (historiako laburrena izan omen dena), eta Presidente faltan, datorren ekainaren 26an berriro hauteskundeak izango dituzte; edo ditugu, gutariko askok oraindik-orain ere.

“Antzerkia bukatu da”, adierazi du PPko agintari batek, gainontzeko alderdiek akordiorik lortu ez dutenez berriro bozkatu beharra izango zela-eta. “Orain, hautesleak informazio gehiago izango du, jendeak badakielako alderdi bakoitza non dagoen eta nork-norekin gura izan duen elkartu”, erantzun dute Podemosetik, alderdi gehienak akordio ezaren errua batak besteari botatzen dion bitartean.

Espainiar alderdiak gobernua osatzeko adostasuna lortu ez izanari porrota iritzi dio Andoni Ortuzarrek ere. Izan ere, akordio kontuetan ez dago EAJ baino alderdi trebeagorik. 1996tik 2000ra, Jose Maria Aznarren PP babestu zuen, CIU eta CC alderdiekin batera.

 

Gaur 20 urte Aznar Espainiako presidente, EAJrekin sinatutako akordioari eskerDeia bankariari

Azken hilabeteotan Madrilen PSOE, Ciudadanos eta Podemosek egin dituzten saiakeren harira, orain hogei urteko kontuak gogorarazi dizkigu Anasagasti jeltzaleak Deia egunkarian duen blogean -otsailean eta kapituluka-, eta zehaztasunez kontatu ditu PPrekin gobernu akordiora heltzeko burutu zituzten bilerak -izango da gorde duen konturik ere-.

Besteak beste, eta gobernua sortzeko saiakeran, EAJ eta PPren arteko lehen bilera formala 1996ko martxoaren “14an, ostegunez” gauzatu zela kontatzen du Anasagastik gazteleraz, bi egun aurretik Aznarrek Xabier Arzalluzi telefonoz hots egin eta horrela adostuta. “Madrilera jo genuen Ansotegik, Ollorak, Ardanzaren Gobernuan lehendakari-orde zen Ibarretxek, Egibarrek eta bostok. Autopistan, Milagros izeneko toki batean gelditu ginen, eta argazki bat egin genuen ea miraria gauzatzen zen esanez, zail ikusten genuen arren”. 

“Donostiar baten jatetxean genuen egina hitzordua, Genova 13tik gertu, Lur Maitean (…). Gu heldu eta gutxira han sartu ziren Rato, Montoro, Rajoy eta Mayor Oreja (…). Txantxen ostean, ohartu ginen eskuak sakeletan zekartzatela; paperik batere ez. Rajoy, zigarro ikaragarri batekin. Oreja, jarrera bateratzaile eta atseginarekin. Montoro, arlo teknikoa lantzeko asmoarekin eta Rato, zirikatzaile”. Lehen enkontru horrek izango zuen segida, eta hilabeteko lanaren ondoren heldu zen akordioa.

Baina kontakizunetik, Anasagastik pasadan aipatzen duen aipamen batek deitu dit atentzioa. Aznarrek agintari jeltzaleari deitu ostean, PP eta EAJren lehen batzarra baino lehen, Xabier Arzalluzek Emilio Ibarrari deitu ziola esaten duenekoa. “BBV-k gobernu sendo bat nahi zuela-eta, Aznarrekin ituna sinatzea iradoki zion” bankariak.

Atzo, gaur bezala… “pertsona helburu”.

Gaur 20 urte Aznar Espainiako presidente, EAJrekin sinatutako akordioari esker

Zer duzu buruan “Gaur 20 urte Aznar Espainiako presidente, EAJrekin sinatutako akordioari esker”-ri buruz

  • Ez dakit artikulugilea gogoratuko den baina urte batzuk geroago 1999an EAJk ituna egingo zuen eta norekin ba ezker abertzalearekin. Hauek ere bankeroak?