Gauez ez da eguzkirik.

 images4.jpg images-12.jpg
Folklore espainiarrean esaten da Perogrullo izeneko jaun batek ageriko egia borobilak esaten zituela: itxita dagoen eskua ukabila da, edo, hotz egiten duenean ez dago berorik. Perogrulloren egiak dira horiek eta neuk ere badaukat bat gaurko egun seinalatu honetarako: gogoeta eguna primerakoa izaten da gogoeta egiteko. Egin dezagun pare bat, beraz, gure politikarien tamainari traza hartzeko bederen.
Bat. Udal hauteskunde hauetako kanpaina axaletik ikusita eta norbera kazetari lanetan ibiltzen dela kontutan harturik, salaketa bat egiteko aukera pizten da: politikariek ez dituzte errespetatzen kazetariak eta zapaldu egiten dute hauen eskubide profesionala. Komunikabide publikoetan bai, behintzat.
Hara, Administrazio Kontseiluek erabakitzen dute zenbat denbora dagokion hauteskunde kanpainaren barruan aukera bakoitzari. Hori ez dago gaizki berez, azken finean publizitate politikoaren banaketa salomonikoa baizik ez baita izaten. Baina kontua ez da hor bukatzen. Publizitate politiko hori egiteko, komunikabide publikoek kazetari bat edo gehiago jarriko dute alderdi bakoitzaren pausoak jarraitzeko. Baina, ai, ai, ai, kazetari hau ez da kazetari lanetan ariko. Irentsi egin beharko ditu bere irizpide profesionalak eta nahitaez egin beharko du alderdi horren aldeko publizitatea. Beste modu batean esateko, kazetari izateari utzi eta alderdiaren propaganda tresna bihurtuko da kazetaria.
Halako lana egiten duenean, kazetaria alderdietako komunikazio arduradunen menpe egoten da. Honek esaten dio zer esan behar duen eta zer ez. Kontua da, ordea, kazetaria ez duela alderdi horrek ordaintzen, kazetariak ez diola berez zintzotasunik zor alderdi horri, baina, hala ere, kanpainak iraun bitartean, kazetaria alderdi horren mirabe izango da.
Bi. Urrunago ere badoa gauza, ordea. Publizitate politiko hori ez da doaneko tarte elektoralean amaitzen. Komunikabide publikoetan, albistegietan sartzen da publizitate hori guztia eta hala, komunikabide publiko horretako kazetari guztien eskubide profesionalak zapaltzen dituzte goitik behera. Kazetariak, editoreak, koordinatzaileak… denak daude derrigortuta tripak jan eta publizitate aspergarri hori guztia kutsu informatiboz janztera eta emititzera. Egunero. Euren iritzi profesionalen gainetik. Sekula ez dira izaten aspergarriagoak informatiboak.
Eta hiru. Herritarren informaziorako eskubidea ere zapaltzen dute komunikabide publikoetako Administrazio Kontseiluetakoek. Eurak eta ez beste inor izaten baitira zer eman eta zer ez erabakitzen dutenak, interes informatibo guztien gainetik. Albistegietan oso nabarmen joaten dira eguneko kanpainako kontuak, batere interesik ez dutenean ere. Lehen mailako albiste bihurtzen dituzte euren buruak politikariek.
Perogrullok esango zukeen bezala: opilgilea da opila egiten duena. Nolako opila, ordea?
Hasier Etxeberria. El Mundo. 070526

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)