Gasteizko Hauteskunde sorpresak

maite berrocalMaite Berrocal PSEko alkategaiaren uko egitea bozen atariko sorpresa izan da. Harakiri perfektua. Alderdiaren miseriak agerian utzi ditu. Disimulatzeko indarrik ere ez dute izan.

Gasteizen, lehiaren koordenatuak argitu dira (Ahal Dugu-ren faltan). “EH Bildu ala PP”, dio alkateak. Abertzaleak, aurrenekoz, gobernu alternatiba dira, Miren Larrionekin. Irabazteko kanpaina egin dezakete, bertigoak jotzen ez baditu. Biek norgehiagokatik at utzi nahi dute EAJ, baina Urkulluren erdigune errentagarrian dago. Jeltzaleak dira auzoka presentzia orekatuena dutenak; inkestak alde dituzte. Ahulgunea: Gorka Urtaran garaipenetik urrun gelditu zen 2011n.

“Gasteiz da garrantzitsuena, odolean daramaguna. Nere siglak PPrenak dira, baina nere bandera Gasteiz. Nere lurra defendatuko dut”. Esaldi mesianiko hauek dira Javier Marotoren aurkezpen txartelak. Ideia, sinplea: Marotok irabazten badu, Gasteizek irabaziko du, hots, Maroto da Gasteiz. Horregatik errepikatu du EAJ Bilboren morroia dela, eta EH Bilduk Gasteiz Hernani bihurtu nahi duela. Daniel Eskibel aholkulari politikoarena da: hobe dela argudio indartsu bat hamar baino.

Marotoren hitzak ke lirateke heldulekurik gabe, baina untxiz beterik du xistera: autobus geltokia, Gasteiz Hiribidea, udaletxe berria, Salburuko Gizarte Etxea, Azoka Plaza, Euskararen Etxea… aurkari amorratuenak ere ez dio ukatu abilezia politikoa, akatsak disimulatzekoa barne. Galduko balu bai sorpresa.

Arabako Alea-n argitaratutako iritzi artikulua

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra