Galdera guztien ama

images5.jpg
Hainbeste buelta alferrik.
Bai, hainbeste buelta ematen ditugu  alferrik, arazoa berez oso sinplea denean. Atzera eta aurrera gabiltza, eta transbertsalitatea bezalako hitzetan galdurik, beti morokil berean harrapatuta.
Barkatuko didazue atrebentzia eta zuhurtziarik eza, baina gaurko zutabe hau Lehendakariak atzo esandakoak jakin aurretik dago idatzita. Lepoa jokatuko nuke aurrez genekiela denok zer esan behar zuen Ibarretxek, gutxi gora behera: urtebeteren buruan, Espainiako Parlamentura bidaliko duela euskal alderdien artean lortutako akordioa erreferendumaren inguruan, Ibarretxe Plan berritu bat, alegia, eta horrelakorik lortu ezean, edo Parlamentuak ezezkoa ematekotan, erreferenduma ez baina, herri kontsulta egingo duela geure etorkizuna erabakitzeko ahalmenaren inguruan, 2008ko amaiera aldera edo 2009ko hauteskundeetan, seguruenera.
Bon, bon, bon. Eta hori horrela gertatu bazen atzo —ederra erridikulua bestela egiten ari naizena!—, gure kezka nagusia izango da orain zein galdera demonio egingo zaigun erreferendumean edota kontsultan. Nola arraio formula daiteke galdera, demokrazian eta euskaldunon benetako borondatean sakondu nahi bada? Autonomia berri baten edo independentziaren alde ote gauden, federalismoa nahi dugun… denak eta gehiago erabiliko ditugu hitzetik hortzera, esan bezala, berez galdera oso erraza denean: Espainiako Konstituzioa bai ala ez? Horixe da galdera guztien ama, horixe da modua demokrazian benetan sakontzeko, gure borondatea argiki ezagutzeko.
1978 garren urtean,  661412 pertsonak esan zion baietz Espainiako Konstituzioari Hegoaldean, %34.55ak hain preseski. Nafarroa kontatu gabe nahi bada, 479205 pertsonak, %30’86ak, alegia. Gainerako guztia joan zen abstentzio, zuri, baliogabeko eta ezezkotan. Hamarretik hiruren borondate hori izan da, beraz, handik hona gauzatu eta statu quo bilakatu zaiguna: monarkia bat daukagu, bandera bat, ejerzito bat geu zaintzeko, autonomia estatutu bat, Lehendakari bat eta Foru Presidente bat. Konstituzioa da funtsean Espainiarekin daukagun kontratua. Bere bidez antolatzen dira gure kontu guztiak, eta bere izenean ez dira betetzen amesten ditugun gainerako zerak. Bera da kontu guztien ama.
Zergatik ez galdetu Konstituzio horrekin konforme gauden ala ez? Seguru asko, 78tik hona gauzak asko aldatuko ziren eta hamarretik hiruk baino gehiagok emango luke haren aldeko botoa. Demokrazian sakontzeko modu bat izango litzateke hori jakitea eta agian baietz esango luke erdiak baino gehiagok gaur. Baina ezezkoa aterako balitz, ez gaudela konforme Espainiara lotzen gaituen negozioarekin,  orduan etorriko litzateke gainerako galderen garaia. Eta, hala ere, indarrean ezarriko balitzaigu, horixe agertuko litzateke mundu guztiaren bistara: Espainiako Konstituzioa ez dela gurea, eta borondatearen kontra gaudela haren mendean. Nori beteko litzaioke orduan ahoa Demokrazia hitzarekin?
Hasier Etxeberria. El Mundo 070929

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)