Gakoa, arduraz jokatzea

gakoa, arduraz jokatzeaAlbiste ona da, zalantzarik gabe, edozein administraziorekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea, kolaborazioan aritzeko bide emankorra zabaltzen duelako. Ez da, ordea, kontu isolatu hutsa izan behar, pertsona guztion eskubideak babestea eta bermatzea helburu duten politiken ondorioa baizik. Eta sarri, gehiegitan, irudipena daukat politika horiek ez gaituztela euskal hiztunok kontuan hartzen.

Euskaraz aritu nahi izaten dugu udaletxera joaten garenean, medikuarenean, gobernuen aurrean gestio bat egin nahi dugunean, enpresa berri bat sortzeko prozesuan. Euskara ikusi nahi izaten dugu gure kaleetan dauden herri-lanetan. Euskara ikusi, entzun eta jardun nahi izaten dugu administrazioek antolatzen, sustatzen edo-eta diruz laguntzen dituzten ekimenetan.

Egunotan, Gasteizko Udalarekin sinatu dugun hitzarmenaren harira, harremanetan ari gara hirian antolatzen diren eta administrazioen (diru)laguntzak jasotzen dituzten ekimenetako kudeatzaileekin. Inork ez die onartutako hizkuntza irizpideen berri eman,  inork ez die hizkuntza bat edo beste erabiltzeko azaldu, nahiz eta legeak, ordenantzak, hizkuntza ofizialen eskuliburuak eta irizpideak dauden. Bestalde, berriki, Gipuzkoako Foru Aldundian eta beste zenbait udalerritan gertatu denaren albiste ere izan dugu. Kasu hauetan, kontratazio publikoetarako legez onartuta dauden hizkuntza irizpideak ezartzeagatik helegitea jaso dute.

Erabaki hauek guztiek alor sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragin zuzena dute. Berebiziko garrantzi estrategikoa du arlo sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Horregatik, administrazioak ere eredugarriak izan behar dira, lidergoa bere gain hartuz eta arduraz jokatuz. Erantzukizunez.

 

[Lehenengo aldiz, BAISAREAN blogean argitaratua]

Euskaltzalea

Zer duzu buruan “Gakoa, arduraz jokatzea”-ri buruz

  • Pello Andrearriaga 2014-03-22 00:40

    Gakoa, arduraz jokatzea. Zer da arduraz jokatzea? Euskal Herriko instituzio batera joan, berdin zait zein instituziora, eta bertako langileak erdaraz hartzen gaituenean euskaraz hitz egin nahi dugula esatea? Eta “oraindik” euskaraz ez dakiela esaten dizunean zer egin arduraz jokatzeko? Erdarara jo edo jarraitu euskaraz nahi duzula esaten? Orduan, itxaron egin behar duzula esango dizu, lagun bat etorriko zaizula eta hark euskaraz egingo dizula. Bitartean, zure atzetik etorritakoak nola aurreratzen zaituzten ikusiko duzu, eta zu ergel aurpegiarekin geldituko zara. Ikusiko duzu beste horiek nola begiratzen zaituzten, eta, pentsatuko duzu, arduraz jokatzen ari naiz?
    Nire ustez, eta ikusirik zenbat axolagabe daukagun euskal instituzioetan, euskarak zenbat etsai dituen inguruan ?Urquijok Gipuzkoako Udalekin egindakoa?, gure eskubideak nola etengabe zapaltzen dizkiguten arduraz jokatzea oso zaila da; beraz, gakoa hori ote den…