G8ko goi-bilera: batzuk suntsitutakoa guztion artean konponduz

Lantegia, by 3vil.3lvis, Flickr
Lantegia, by 3vil.3lvis, Flickr

2050. urterako, herrialde garatuek gas isuriketak %80a jaistea da ezarri duten lehen helburua. Garapen bidean dauden herrialdeei, ordea, isuriketak %50era jaistea eskatu diete. Horrez gain, planetaren tenperaturaren igoera gehienez bi gradukoa izatea espero dute.

Baina, badirudi G8koek harturiko erabakiek ez dutela harrera ona izan. Hain zuzen ere, paradojikoa dirudi munduan kutsadura handien eragiten duten herrialdeek gainontzekoei zer egin behar duten esatea. Gainera, garapen maila hori badute, asko kutsatu dutelako da. Hori horrela, orain garatze prozesuan erabat murgilduta dauden Txinak eta Indiak, adibidez, ez diote uko egin nahi garapen erritmoari, horrek asko kutsatzea dakarren arren. Txinako agintariek klima aldaketari aurre egiteko konpromisoa agertu dute, baina ez dute G8ko agintariek erabakitakoa onartu, oraingoz. Industrializatzeko, modernizatzeko eta urbanizatzeko bide luzea egiteke dutela gogorarazi dute.

Batzuk G8-koek proposatutako neurriak jasangarriak diren galdetzen duten bitartean, NBEko idazkari nagusi den Ban Ki Moonen ustetan, orain arte planteatutako neurriak eskasak dira. Gizadiaren eta Lurraren etorkizunerako ardura historikoa dutela ere gogorarazi die agintariei.

Zertarako G8ko goi-bilerak?

Halako goi-bileretan hartzen dituzten neurriez gain, hartzen ez dituztenek sortu ohi dute liskarra, askoren aburuz, halako topaketetan argazki irribarretsu asko eta neurri zehatz gutxi izaten baitira. Jada hain aberatsak ez izatea eta gastatzeko nahikoa diru ez izatea da, batzuen ustez, G8koek konpondu nahi duten arazo bakarra. Sloganek, agintariek emandako bostekoek, eta argazkiek milaka egunkariren azalak betetzen dituzte, baina ezin esan ekimen eraginkorrak direnik. “Make Poverty History” 2005eko slogan mitikoa, adibidez, dantzan dabil oraindik askoren belarrietan.

Munduko herrialde garatu eta aberatsenetako agintariengandik gehiegi espero delako agian, edo benetan G8ko goi-bilerek ezertarako balio ez dutelako, atsekabea eta haserrea sortzeko gaitasun handia dute. Agian Lula da Silva Brasilgo presidenteak arrazoi zuen G8ak existitzeko arrazoirik ez zuela esatean. Ezta G5-ak, G20-ak eta gainontzeko G-ek ere. Euren interesak babesteaz gain, haiek mundua konpondu zain egon behar badugu jai baitaukagu.

G8, Gehitu etiketa berria, klima aldaketa

Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude