Falange y Tradición, Espainiaren batasuna defendatuz

cc Francisco Javier Martin
cc Francisco Javier Martin

Duela hiru aste EAE eta Nafarroan eginiko 25 ekintza aldarrikatu zituen Falange y Tradición taldeak. Tartean, Sonia Polo Bilboko Aste Nagusiko txupinerari bidalitako eskutitza, barruan bala bat zuela. “Aviso por carta a la separatista etarra Sonia Polo”, zioen komunikatuak. Gure hizkuntzan mehatxua, argi eta garbi.

Eta ez bakarra. Antsoaingo NaBaiko zinegotzi den Koldo Plak ere bere etxean talde ultraeskuindar honek sinatutako heriotza mehatxua jaso zuela salatu baitzuen atzo bertan.

Ekintzak aldarrikatzeko Falange y Tradiciónek igorritako komunikatuan mugimendu espainiar abertzale gisa definitu zuen beren egitekoa. Espainiar estatuan egiaz kristaua eta nazionala den erregimen politikoa ezartzeko egoki iruditzen zaizkien metodoak erabiliko zituztela argi utzi zuten. Baita “aberriaren etsaien” aurka egingo zutela. Etsaiak: “separatismo terrorista”, “komunismo kriminala” eta “kristautasunaren aurkako liberalismoa”.

Pintadak, erasoak, heriotza mehatxuak…  oraingoz erabili dituzten metodoak.

Gaurko manifestazio deia egin du talde ultraeskuindarrak Nafarroako hiriburuan, “Espainiaren batasunaren alde”. Sare Antifaxista taldeak ere mobilizaziorako deia egin die herritarrei. Ondorioak zeintzuk izan daitezkeen badakigu.

Eta Aresek, bitartean, saiatuko dela, ultraeskuindarren ekitaldiak debekatzen, baina ez duela ezer agintzen. Guztiekin esfortzu berak egingo balitu, aspaldi leudeke Falange y Tradición elkarteko kideak Audientzia Nazionalean ilara egiten…