Fadoaren ispilua


Alfama, Lisboa. CC-by: Allie-caulfield
Alfama, Lisboa. CC-by: Allie-caulfield

Lisboa hiri modernoa da, kosmopolita, Bartzelona ekarri dit gogora hainbatetan. Europako hiriaren eredu bat da egun. Baina modernitate horren baitan iragan denbora bateko hiria ere bizi da.

Politak dira kaleak harri laukidun txikiez eginak, Portugal osoko zigilu egiten dute. Eraikin handi eta dotoreak ditu, 1755. urtean lurrikara handi batek suntsitu ondotik monumentala da hiria. Baina eraikin hauek hutsik dira. Etxaurreak zaharkituak ageri dira, leihoetatik argirik ez, ilargiaren argitasunak agerian uzten du etxe horietan denetan ez dela inor bizi. Turisten bisita gogaikarri eta nekagarriek bakarrik hartzen dituzte (ditugu) Lisboako kale ezagunenak. Hiriaren ezkutuko aurpegiak jakin-nahi handia sortzen dit. Abuztuak eguneroko errealitatea ezagutzen utzi izan ez balit bezala sentitzen dut.

Turista tipikoak bilatuko lukeen bezala, fadoa entzuteko ilusioa genuen guk ere. Gau batez eta beste batez bila aritu ginen, eta zaila zirudien, bada, ezaugarri berezkoenetakoa aurrez aurre ikustea. Azken saiakeran, behingoan, fado abeslariak izaten omen ziren taberna elegantea aurkitu genuen. Gure piura bertakoarekin ezin ezkondu zela ikusi arren, diru goseak nonbait, bertako jabeak sartzeko gonbita egin zigun. Barruan, musikariak urrutian sumatu orduko bota zigun nagusiak baldintzen zerrenda; horietan zurrunena, gutxieneko diru kopurua gastatu behar zuela norberak edaritan. Diru-kutxaren «klin!» soinuak hartu zuen giroa. Salerosketa erakustaldi zikin hark arrapaladan abiarazi gintuen ostatu ilun hartatik.

Lisboak hain berea duen folklore elementua turismoaren atzaparrak bereganatu eta hondatu du. Berez tradiziozkoa den kultur adierazpen bat kontsumoaren merkatuak irentsi eta diru makina egiten ari da harekin. Pena da gaur egungo turismoaren legeak nola arindu duen kultura moduen balioa. Berezko izatetik «nahitaez» irentsi behar izatera pasa dira ikustekoak. Zoritxarrez. Ziur nago tradiziozko txokoren bat izanen dela oraindik zutik, baina guk ezagutu ez.

Portugalen iparralderantz egin ahala bertako jendea ikusten hasi ginen. Berri ona. Egiazko Portugal ezagutzen hasiko ginela iruditu zitzaigun orduan, herri txikiagoak, euren hizkuntza barra-barra besteenekin nahasi gabe… Utzi ezinezko geldialdia orduan: Oporto.

Bere portu txiki bilduak, etxe pilatuek, kolore sail aldiak, alde zaharraren herrikoitasunak, arreta deitu zigun. Vila Nova de Gaiatik, alegia, upategi guztiak dauden tokitik, postal itxura du itsas-hiri honek.

Nire buruarekin barne hausnarketetan, Gizateriaren Ondare izendatu zuten orain urte batzuk. Altxor txiki bat da, bai. Zer harrotasuna izan behar duen zure hiria edo herria Unescok honela aitortzeak. Guk ere ez ote dugu gisa honetako altxorrik izendapen horietako bat edo beste jasotzeko? Hiri honek gure kostaldeko beste hainbat herrixka ekarri zidan gogora. Zer dela eta ez dugu guk Gizateriaren Ondarerik?

Erakunde publikoetatik honelako deklaraziorik lortzeko saiakera seriorik egiten ote den zalantza naiz, zilegi duen balioespena ematen ote zaion gure ondareari, kasu honetan materiadunaz ari garela. Bizi dugun egoera minorizatuak autoestimu falta nabarmena eragiten du eta ondorioz, geurea aitortzeko zailtasunak agertzen dira. Gainean dugun tutorearentzat ere gureak baliorik ez.

Gauza bat on du Portugalek. Garaian bere kabuz bizitzea erdietsi zuen, eta horrek salbatu ditu hainbat gauza. Gurean berriz… ametsak baino ez, momentuz. Tranbia zaharretan bidaiatzean amesten den bezala.

Gaueko hamaikak. Lotara joan aitzin leihotik begiratu nituen beste behin kalez bestaldeko etxeak. Oportoko La Baixa auzoan etxeak ilunpetan, dotore, isil, giroa misteriotsu. Gaua gau. Azken orduak nituen Portugalgo lurretan. Ez nintzen nekatzen begiratzeaz. Nobela beltz bati ekiteko agertoki ezin hobea eskaintzen du hiri hark.

(Ana Telletxea)

iritzia, Lisboa, turismoa

Erregistratu gabeko erabiltzaileak dira esteka edo sarrera hauen egileak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude