Fabula garaikidea 2.

karpechenko.jpg Georgi Dmtrievich Karpechenko (1899-1941)

Euskaraz errefaua esan behar ei zaio gaztelaniaren rábano hitzari (ráphanus). Badakizue zer den, noski: arbi mota bat. Hala ba, Georgi Karpechenko genetikari ospetsuari otu zitzaion behin, errefauaren zaina oso zela interesgarria, hantxe baitu aberastasun guztia landare honek, lur azpiko zatian. Aldiz hostoek ez dute fitsik balio.
Gogoeta berdintsua egin zuen azalorearekin ere (brassica), baina atzekoz aurrera. Esan nahi baita, azaloreak lurretik kanpora duela balio, hortxe duela fruitua eta aberastasuna eta, errefauaren bestekora, haren zainek ez dutela baliorik batere.
Buruari jira eta buelta, Karpetxenkok erabaki zuen, azkenean, ondorengo urteetako bere ikerketa izango zena: landare berri bat asmatuko zuen, lur azpira errefauaren zaina emango zuena eta, lurretik gora, azalorearen burua. Raphanusbrassica sortuko zuen berak.
Ez pentsatu dena urre zenik Karpechenkoren bizitzan. 1930eko zientzialarien aurkako jazarpenaren ondorioz, haren zuzendari izandako N.I. Vavilov kartzelan hil zen, fusilatzeko zeukatenean. Karpechenko berak ere Ingalaterran amaitu behar izan zituen bere azken egunak, oso oker ez banaiz.
Kontua da lortu ere lortu zuela Leningradoko Batzorde Zientifikoaren babesa eta baita Errusiako Botanika Aplikatua eta Izate Berrietarako Institutuaren laguntza ere, hain baitzen ona berari burututako asmoa. Munduko gosea ere amaituko zen horrela, hanka eta buru, dena jateko zeukan landarearekin.
Eta joan ziren egunak eta urteak laborategian. Aldaketa genetiko hura bonba eder bat izango zen gizakiaren garapenean. Saio bat eta beste bat, lortu zuen, azkenean, behar zuen hazi berria, eta landatu ere bai, lurrik egokienean.
Denak joan ziren ikustera landare haren jaiotza. Adaxka bat lehenik, hostotxo bat ondoren, bazetorren bai espezie berria. Heldu ere heldu zen landarea azkenerako.
Hantxe zegoen denen begien aurrean Raphanusbrassica delako espezie berria: errefauaren hostoak zituen, eta baita ere azalorearen zainak.

061018

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)