Ez, zoritxarrez, ez gaude "erabakiaren aroan"…

 Aurreko sarreraren ildotik -Gure Esku Dagoren ekainaren 21eko ekimena eta ondorengo eztabaida- beste hausnarketa bat dakargu; honakoan Xabier Etxaniz Rojok ekainaren 25ean “Ate adina maratila”-n idatzia, uda dela medio blog-a “stand-by egoeran utzi” baino lehen.
Ez, zoritxarrez, ez gaude "erabakiaren aroan"....
«(…) Baina ez nuke agur esan nahi joan den igandekoari buruz pare bat hitz esan gabe.
Kritika eta iritzi asko irakurri ditut egunotan eta denak balekoak iruditzen zaizkit: bateko “hunkigarrismoa” eta besteko “superpotentzia emozional bat gara”, bateko  “aulki huts horiek bete behar ditugu” eta besteko “bada masa zibil handi bat”…  Eta guztiak  balekoak iruditzen zaizkit, hain zuzen ere, guztiek egiaren parte bat daramatelako barnean ezkutaturik. Ziurrenik naif-egiak gara orain. Ziurrenik irrienlagunizaturik gaude, oro kolore eta oro marrubizko musu. Ziurrenik lehen baino gehiago gara, bai, baita behar baino gutxiago ere. Ziurrenik garenak baino ez gara eta ez dakigu nola bete aulki huts horiek…
Alabaina, iritzi uholde honen erdian bada asebetetzen ez nauen esaldi bat, desiratik gehiago duena errealitatetik baino. “Erabakiaren aroan” gaudela dioen horretaz ari natzaizue.
Ez, ez gaude “erabakiaren  aroan”. Ezta “behin betiko fasean” ere.
Zoritxarrez.
Eta bai, galdeketak egin ditzakegu Diman eta Ispasterren, galdeketak egin ditzakegu Goierrin eta Etxarri Aranatzen. Egin ditzakegu, eta egin beharko ditugu, zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Eta emaitzak txalotuko ditugu. Eta poztu egingo gara. Baina galdeketa horiek ez gaituzte de-facto “erabakiaren aroan” jartzen.
Nago ezen garaipenak bainoago porrotak behar dituela GED-k.
Nago ezen alferrik izango dela Diman galdeketa egitea baldin eta Guardian galdeketa hori bera egiteko gai ez bagara. Eta are: ez gara “erabakiaren aroan” egongo harik eta Guardian galdeketa egin eta Espainiari lotuta jarraitzeko aukerak galdeketa erraz irabazi arte.
Egun horretan bai. Egun horretan de-facto egongo gara “behin betiko fasean”.
Bada, ordea, beste arrazoi bat “behin betiko fasean” ez egoteko. Erabakitzeko eskubidea gure esku dago, bai, baina buruan EAJk agintzen du. Badakit errazkeria dela EAJ eta Ezker Abertzalearen arteko batuketa batek dena konponduko lukeela esatea. Eta badakit, halaber, Gemma Zabaleta (chapeau, Gemma, chapeau) gehiago beharko ditugula ezer lortuko badugu. Baina gauza bat argi daukat: EAJrekin izango gara edo ez gara izango.
Eta oraingoz EAJ ez dago prest. Arzalluz eta Ibarretxe bai, baina EAJ ez. Egia da EAJk deialdia egin zuela iganderako, baina Andoni Ortuzarren jarrera nik euskaltegiko arduradunak HABEko burokrazia betetzeko esaten didanean izan ohi dudan berbera izan zen: egin, egiten dut, gogorik gabe baina, bertan pasio tanta bat bera ere jarri gabe, ahalik eta azkarren bukatzeko gogoz. Gutxienekoa egin eta aurrera.
Ortuzarrek berdin: alderdia martxan jarri beharrean, txio bat bidali zuen Twitterrera.
Edonola ere, ez nau harritzen: oreka instituzional betiereko batean bizitzeak txaloak jasotzeko balio du, baina, izugarri nekatzeaz gain, denbora kentzen dizu txikikerietarako.
Ez, ez gaude “behin betiko fasean”, baina izan gaitezen baikorrak: orain ez egoteak ez du esan nahi egongo ez garenik eta zorionez gurean badago bidea zein den dakienik: “Erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioa masiboa eta jarraitua izango da independentziaren aldeko apustua ongizatearen aldeko apustua dela gizarteratzen denean” esan zigun Jule Goikoetxeak joan den asteartean Berrian eta ni guztiz bat nator berarekin.
Izan ere, gizarteari ikustarazi behar diogu independentziarekin hobeto biziko garela».

artikulu interesgarriak ...

5 pentsamendu “Ez, zoritxarrez, ez gaude "erabakiaren aroan"…”-ri buruz

  • Jendeari ikustarazi behar diogu Independentziarekin ondo biziko garela?
    Espainia bere historian zehar 15 aldiz jo du kiebra, zorra asmatu zun Gaztelako errege batek, azkeneko 200 urteetan 5 aldiz jo du kiebra Espainia ta bere historian zehar betidanik izugarri atzeratua egon da, ekonomikoki, sozialki….Bere gizartearen zati haundi bat ia beti gosea pasa du….

    Espainia da erakutsi beharko zuena berarekin hobeto egongo ginatekela, orain arte ez delako gai izan gosea ekiditeko, Espainiako urterik hoberenak eskubide ta ekonomiari dagokionez, suposatzen da azkenko 35 urteak izan direla, ta kaka bat besterik ez dira izan.
    Ta gu frogatu behar dugu argi dagoena ta beti kiebran dagoena, hiritarren pobrezia sustatu dutenak, klaseen arteko banaketa itzela eragin dutenak aldiz, demostratu dute beraiekin hobeto geundekela?

    Ta halare hori inori ikustaraztea gezurra litzateke, inor ez daki etorkizunean nola egongo da zure ekonomia, kiebra joko dezun (Nazio indartsuenak ere kiebra jo dute)….
    Ikustarazi dezakezu posible dela, baina ez horrela izango dela.

    Kataluniakoa aprobetxatu beharko genuen berdina egiteko, ez digutenez galdeketarik egiten utziko, talde abertzaleak Independentzia eraman behar zuten programan, baina aldebakarrekoa ezarriko dutela irabazten badute argi ta garbi.
    Hori jada galdeketa litzateke, hobeto da hau bi edo 3 lurralde batera egiten badegu, bat egin beharrean.
    Nafarroari dagokionez, ezin bada gerorako utziko nuke, indar gehio egin genezake gero estatu propioa izanda, ez izanda baino.

    Baina argi dago ez gaudela erabakitzeko eskubidean ez Independentziatik hurbil.

  • Espainola eta frantsesa ofizial dituen Euskal Herri (beno euskal-espainol-frantses Herri) independiente batean nik ez dut bizi nahi. Gure esku dagok ez du ni bezalako euskaldunik nahi beraien ahulki hutsetan. Beharbada horrela pentsatzen duen gutxienetarikoa naiz, baina hori da nire arrazoia.

    • Ba maila batean edo bestean izango beharko lirateke ofizial, kontuan eduki behar da zonalde erdaldunak daudela EHko mapan.

  • Zonalde erdaldunak? nik zonalde euskaldunak ez ditut ezagutzen jada. Hori da lortu dena beste hizkuntzak ofizial izaten inposatuz. Eta era bakarra euskara salbatzeko.

  • Euskaldun bat 2015-07-02 15:18

    Jendeari independentzia saltzeko modurik hoberena ekonomia baldin bada gureak egin du. Independentziaren arrazoi nagusia euskara eta euskal kultura salbatzea ez baldin bada independentzia saldu iezaiozue beste bati nik ez dut erosiko eta. Euskara eta euskal kultura azukre koxkor bat bezala disolbatzen ari dira. Hiztunen masa kritikorik ez dagoenez geroz eta okerrago hitz egiten eta idazten da euskaraz. Jendeari geroz eta gehiago kostatzen zaio euskaraz hitz egitea eta esaldiaren erdia gaztelaniaz eta beste erdia euskaraz hitz egiten dutenak geroz eta gehiago dira, eta betidanik euskaldunak izan direnen artean gainera! Baina jendea ez dago arduratuta horrekin, zergatik ote? Euskal nortasuna desagertzen ari delako, besterik gabe. Idazle bati entzun nion behin: “espainiar izan nahi ez duten espainiarrez beteta dago herri hau”. Egia biribila! Kolonizazioak mendeak dirau, kolonizazioa aurreko urtean hasitakoa izan balitz erabat ezberdina izango litzateke. Baina mendeak dira! Independentzia lortuta, euskara hizkuntza ofizial bakarra bezala jarri ordez, hiru hizkuntza jarriko liratekeenaren beldurra dut. Anitzak omen gara eta modernoak eta ez dakit zer gehiago. Baina G7ko estatu modernoek hizkuntza ofizial bakarra dutela ikusten dut nik eta norbait “tontoarena” egiten hasten bada hauzitara laister jotzen dute eta naziotasuna lortzeko ezinbesteko bezala dute hizkuntza ofiziala menperatzen duzula azterketa baten bidez ziurtatzea. Eta hori guztia munduko estaturik garatuenetan gertatzen da, jendeak hainbeste miresten dituen estaturik demokratikoenetan. Baina gu aldiz hor gabiltz inork ere sinesten ez duen aniztasunaren definizioarekin. Ez zuen alferrik esan Merkel-ek aniztasunak porrot egin zuela.