Ez zaidazu jarraitu (galduta nabil)

Ez zaidazu jarraitu (galduta nabil)

Ez zaidazu jarraitu (galduta nabil)“Abestiak sortzen jarraitzen duzun bitartean, beti egongo da norbait entzun nahiko dituena”. Horixe zioen Bobby Bare semearen abenturakideetako batek, honen “azaldu ezinezko” arrakasta ezaz ziharduela. Aita famatuaren itzaletan hotz egiten baitu sarri. Bare aitaren izenak pisu handia du alajaina, eta itzal luzea. “Don’t follow me (Im lost)” dokumentalak dantzan jartzen zaitu musikariaren frustrazioetan, taberna zuloz-zuloko jira bueltan. Teloneroaren azalean. Eskergabeko lanean dabiltzan musikarien lekuan, eta halakorik ez zaigu falta Euskal Herrian.

Bare semearen abenturak era oso pertsonal batean kontatzen ditu William Millerrek zuzendutako dokumentalak. Zuzeneko irudi narrats bezain errealak eguneroko bizitzako pasarteekin nahastuz, Estatu Batuetako taberna giro musikalean sartzen zaitu, eta era berean musikari estatu batuarra biluzten dizu zeharo. Walk the line, Johnny Cashen bizitzaren inguruko fikziozko filma gogoratzeraino. Hau ordea erreala da.

Munduko musikari zopa kontzentratuena dagoen lekuan jaio zen Bobby Bare Jr. Nashvillen. Haurtxoa zela, aitarekin batera Grammy sarietarako izendapena jaso zuen ‘Daddy What If’ abesti ederragatik. Baina Macaulay Culkin sindromeak jota desagertu zen gero. Bare Jr berpiztera datorren dokumentala, hain zuzen, protagonistak arrakastaren zaporea probatu zuen une bakarrarekin hasten da. Beheko bideoko haurtxo xarmangarria da Bobby Bare Jr bere aitarekin abesten platoren bateko fokoen azpian.

—-

Bobby Bare Jr-ek ez dio izenaren pisurik emango Isabella Bare alabari, abizena soilik geratuko zaio zintzilik. Eta aitonaren itzala ez zaio oin puntetara iritsiko. Baina ez da geratuko pantaila handian atera gabe,  ‘Daddy What If’ abestia aitarekin abesten. Atzo ikusi genuen, Dock of The Bay jaialdiaren barne, Donostiako Trueba zinemetan  filmaren kredituetan. Akaso musikari eta dokumentalen loop baten hasiera da “Don’t follow me (Im lost)” ;)

 

—-

Dokumentalaren fitxa:

  • Zuzendaria: William Miller.
  • Herrialdea: AEB
  • Iraupena: 90 min.
  • Urtea: 2012
  • Jatorrizko hizkuntza: Ingeles. J.B.A
  • Protagonistak: Bobby Bare Jr., Bobby Bare Sr., My Morning Jacket, Justin Townes  Earle, Hayes Carll, David Vandervelde, Blue Giant,  Duane Denison, and Carey Kotsionis.
  • Editorea(k): Erin Nordstrom.
  • Kameralaria: William Miller, Soopum Sohn.
  • Produkzio etxea: Terzo Creative.
Ez zaidazu jarraitu (galduta nabil)

Ekaitza bainuontzi batean