Ez da kerik gabeko mus partidarik

Purua, by daquella manera, Flickr
Purua, by daquella manera, Flickr

Ez da mus partidarik, ezta pilota partidarik, pururik gabe. Ez, Euskal Herrian ongi errotutako ohiturak dira horiek. Batera doaz hitzok. Ohituraren aurka egin nahi du tabakoaren aurkako legeak.

Legerik gabeko lurraldeak dira, bai elkarte gastronomikoak, eta baita frontoiak ere. Zerekin lagundu patxaran kopa? Nola ezkutatu museko keinuak kearen atzean ezin bada? Gainera elkarte gastronomikoak leku pribatuak izaki, noraino heldu liteke tabakoaren legearen eskumena?

Zail du, zinez, legeak puruak eta zigarroak elkarteetatik desagerrarazteko. Legea aplikatzeko neurriak ere ezin ditugu imajinatu. Udaltzainak elkartez elkarte multak jartzen ezin ditugu irudikatu. Eta egoera beltz jartzen bada istiluen kontrako polizia bidaliko al dute? Pilotakada eta borra kolpe bidez desegingo ote dituzte erretzaile klandestinoen bilerak? Agian eraginkorragoa litzateke suhiltzaileak mahukarekin eraso egitea…

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.