Euskara ofizialtzearen aldeko manifestazioa Baionan

cc-by-sa:jesus-abizanda
cc-by-sa:jesus-abizanda

2008ko maiatzaren 7ko Legebiltzarreko bilkuran, Christine Albanel Frantziako Kultura ministroak jakinarazi zuen frantses gobernuak lurralde hizkuntzen aldeko lege bat proposatuko zuela 2009an.

Zenbait aste berantago lurralde hizkuntzak Konstituzioan sartzen ziren, lehen aldiz, 75-1. artikuluan hain zuzen: “Lurralde hizkuntzak Frantziaren ondarearen parte dira”.

Iragarpen hori eta bozka hori historikotzat jotzen ahal badira ere, bere historia osoan zehar lurralde hizkuntzen kontrako hizkuntza-politika eraman duen Frantzia bezalako Estatu batean, mementoko konkretuki ez da deus irabazia.

Euskalgintzarentzat argi da euskarak zer behar duen: ofizialtasuna eta hizkuntza-politika ausart eta eraginkorraren martxan jartzea.

Iragarri legeari dagokionez, lehen aldia da frantses Gobernua bere lurralde hizkuntzen aldeko lege bat proposatzera engaiatzen dela. Aukera paregabe hori baliatu behar dugu euskararen beharrak zein diren oroitarazi eta goraki aldarrikatzeko. Lege horrek ez du gaur egun egiten diren gauza apurretara mugatu beharko: lege-koadroak zabala izan behar du eta hizkuntza-politika eraginkor baten ezartzeari ateak ireki behar dizkio.

2009an oraino euskara desagertzeko arriskuan da. Larritasun egoera honen aitzinean eta prestatzen ari den legea kontuan harturik, garaia da mobilizatu eta indarrak batzeko, deiadarra jotzeko.

cc-by-sa: Deiadar.org

Informazio gehiago: SudOuest, BerriaKazeta.info

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.