Euskal politikariak ustel, kazetaritza ustelago

MjUzNQ==

Euskaldunok maiz uste dugu geure hizkuntza motza dela eta ez duela besteetan ezagutu ditugun espresioak esateko gaitasunik. Batzutan hala da zinez. Gaur ere horixe hasi gara pentsatzen gaztelaniazko a río revuelto, ganancia de pescadores esaera etorri zaigunean gogora.

Ez zaigu ganorazko ezer etorri gogora, Gotzon Garate handiaren lanari begira jarri garen arte. Orduan bai, horrela bai. Eta ez bat, baizik eta dozena erdi. Tartean Arrantzaleak ur uherra (desiratzen) arraiñaren atzemaiteko esaldia, eta baita hau ibai nahasia, arrantzaleen irabazia; eta hau ere: edozein da arrantzale, arraina goserik dabillanean

Komunikabide batzuk, Zapateroren gainbeheraz oharturik, beldur dira Patxi Lopezen Lehendakaritza ere ez ote den gainbeheratuko azkar baino lehen, eta berunezkoa bilakatzen dute euren mihia, nahiz eta gustura dantzatuko luketen hil kanpairen bat edo beste alaiki kontatzeko.

Hala diote, bederen, El Correori buruz Arabatik blogean. Alegia, Vocento taldekoak PPzaleak izanik, normalean Lopez Psozialistari erasotzea badagokie ere, beste bide bat hartu dutela euren prioritateek aginduta, eta hitz erdirik ere ez dutela eginen Lopezen aurka, lehendabiziko lehendakari konstituzionalista bati laguntzea baita Vocento taldeak darabilen estrategia. Ikusiko zer gertatzen den, urak apurtxo bat gehiago nahasten direnean, greba orokorra dela eta ez dela, PPk estatuan hogeita hamaika eskutik duela ikusten dutenean. Ni ez nintzateke oso fido.

Era berean, ederki ikusi ditugu tradizionalki EAJren menekoak izan diren euskal komunikabide publikoak PSE-EEren mesedera jarritik, hasi mapak aldatzetik, eta bere amak ere ezagutzen ez dituen arloburu eta arduradunak jarriz han eta hemen agintari eta zentsore. Baina paperaz dihardugu bereziki eta horretan El País aipatu behar, PSOEren alde egotea Publico egunkariari utzi eta han hemenka PSOE ziztatzen hasia bazen ere, ikusi duenean Zapatero benetan dabilela arriskuan eta Lopez ere eror daitekeela pakete berean, EAJ hasi da estutzen, era guztiz eleberritsuan gainera, Cybereuskadik dioen moduan.

Hemen eta gaur kontua da kazetariek ez dutela jada zintzotasunik edo, behintzat, ohartuak direla euren langintza ere, politikariena bezalaxe, ugazabaren zerbitzuko baizik ez dela. Urruti da egia albiste zeneko garaia. Gaur lanbidea mugatzen da soilik ugazabak aurrez hautatutako helburuari ahalik eta eraginkorren laguntzean, baita horretarako Kapusinzky bera ere deitoratu behar bada.

Garate handiarekin jarraituz, beste esaera bat ere badator leku berean, eder askoa, gainera: Zikiña, ustela ta kaka, kakalardoen mauka. Ez da sinonimo txarra kakalardo, egiaren lekua gorotzez bete duen kazteri lanbidearentzat.

Irudia | Kakalardoa | Edans | Creative Commons By SA

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

Zer duzu buruan “Euskal politikariak ustel, kazetaritza ustelago”-ri buruz