Euskal hedabideen sektorearen datuak

Euskal hedabideen sektorearen datuak

– Euskal hedabideen sektorearen datuak –

Zabalpen handia, borondate publikoa eta elkarlanerako asmoa

Euskal hedabideak ia Euskal Herri osoan zabaltzen dira, paperezkoak dira gehienak, eta tokikokak dira hirutik bi. Gehienak Hekimen Euskal Hedabideen Elkartean daude, eta ekoizpen tamaina esanguratsua dute: urtean 57 mila orrialdetik gora eta 30 mila telebista eta irrati emisio ordu sortzen dituzte. Papera, gehiena ordaindutako harpidetzen edo zuzeneko salmenten bidez banatzen da.

Hedabide gehienek ekoizpena handitu dute azken bost urteotan, eta, krisiak eta diru laguntzen beherakadak gogor jo duen arren, nabarmentzekoa da berrikuntza arloan egindako ahalegina, eta aurrera begira erakusten duten konpromisoa: lan prozesuaren eta produktuen gaineko berrikuntzak aurreikusten dituzte gehienek –aurreko urteen antzera, nahiz eta produktuetan berrikuntzak sartuko dituztenak gutxiago izan aurreko urteetan baino–. Banaketaren eta marketin eta sustapenaren gaineko hobekuntzak, aldiz, areagotu egingo dituztela azaldu dute hedabideek.

Euskal hedabideen sektorearen datuak

Datu hauek Euskal Hedabideen Behategiak (behategia.eus) eman ditu. Hekimen elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak elkarlanean sorturiko erakundea da Behategia, eta bere helburuetako bat da euskaraz diharduten hedabideen datuak jaso eta interpretatzea.

Datutegia (http://datutegia.behategia.eus), beraz, sektorea ikustarazteko eta haren etorkizuneko lan ildoak diseinatzeko ezinbesteko tresna da, hiru datu mota biltzen eta bilduko dituena: Euskal Herri osoko datu sozioekonomikoak —lurraldea, demografia, azpiegitura, administrazioa, ekonomia, heziketa eta hizkuntza—; euskal hedabideen sektorearen egiturazko datuak —ekoizpen-maila, banaketa eta merkaturatze sistema, sustapena eta marketina, enpresa egitura eta azpiegitura teknikoak, berrikuntza-maila, gastu eta aurrekontuak, diru iturriak eta finantzazioa—; eta Euskal Herriko administrazioen hainbat datu publiko —audientziak, diru laguntzak eta Europako beste hizkuntza gutxituen inguruko datuak—. Datutegia Gaindegiaren laguntza teknikoarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzarekin garatu da.

Orain arte inoiz egin gabeko datu bilketa handi honek garrantzi estrategikoa dauka euskal hedabideentzat, eta Datutegia eta Behategia bera sektorearen elkarlanerako apustuaren froga bikainak dira, Hekimeneko bazkideek datuak partekatu eta ikerlarien eta administrazioen esku jartzeko erakutsi duten borondatea dagoelako proiektuaren oinarri berean.

Zabalpen handia

Euskal hedabideen sektorearen datuak

 

Euskal hedabideen sektorearen datuakDatuok euskal hedabideek lurralde osoan duten zabalpen handia nabarmentzen dute. Gipuzkoako ia udalerri guztietara iristen dira paperezko tokiko hedabideak, eta Bizkaian, berriz, euskaldunen erdia bizi den herrietan zabaltzen dira. Nafarroan, batez ere iparraldean zabaltzen da eskaintza, eta telebista emakiden ugaritzea eta Euskalerria irratia eta Xaloa Telebista komunikabide historikoen legeztatzea izan da azken urte honetako gertakaririk garrantzitsuena. Araban, lurralde osorako komunikabidea sortu berri da, Alea. Ipar Euskal Herrian, tokiko irratiek tradizio handiko ibilbideari eusten diote, federazio batean bilduta.

Hedabide hauek, funtzio sozial garrantzitsua betetzeaz gain —legez aitortuta dagoen eskubidearen bermea, alegia euskaldunok euskaraz informatuak izateko eskubidearen bermea—, sektore ekonomikoa ere egituratzen dute. 530 zuzeneko lanpostu sortzen dituzte Hekimenen baitan dauden 57 elkarte edo enpresek. Hamar langiletik sei emakumeak dira, eta portzentaje hori handiagoa da tokiko hedabideetan. Enpresa egiturari dagokionez, enpresa gehienak oso txikiak dira, bost langiletik beherakoak, eta 25 langile edo gehiago dituzten hiru enpresa daude. 23,5 milioi euro inguruko aurrekontua kudeatzen dute denen artean. Zuzenean kontratatutako langileez gain, 600 kolaboratzaile-freelance inguru eta mila boluntariotik gora ari dira lanean sektorean.

Trukean ordainik jaso gabe beharrean ari diren gizon-emakume hauen ekarpena funtsezkoa da sektorearentzat, eta ondo irudikatzen du euskal hedabideen sortzezko izaera: herri ekimenak sortuak eta herri ekimenetik gertukoak. Ordaindutako harpidetzak dira, paperezko hedabideen kasuan, diru iturririk nagusienetako bat, baina nabarmentzekoa da doaneko harpidetzen kopuru altua: %47. Horrek irisgarritasuna ziurtatzen du, etxe askotara iristeko gaitasuna. Interneteko jarduna, berriz, gora ari da etengabe. 2014. urtean, 12.5 milioi sesio (bisita) izan ziren Hekimeneko webgune desberdinetan. Batez-beste, hileko milioi bat pasatxo beraz.

2011. urtetik 2014. urtera bitartean, %32an igo ziren bisitok, eta azken urtean goranzko joera indartu egin da. Lehen seihilekoak soilik kontuan hartuz gero, 2011. urtetik 2015. urtera %73.6 igo ziren bisitak. Joera horren erakusgarri, 2015. urteko maiatzean bildu zuten Hekimeneko webguneek inoizko bisita gehien: 1.784.677 hain zuzen ere. Euskal hedabideek osatutako Hekimen Analytics tresnari esker, Interneteko kontsumoen hileroko jarraipen estua egin dezakete hedabideek, bai norberaren datuena zein sektore osoarena, bai Hekimeneko gainerako hedabideena ere.

behategia-4

Publizitate instituzionala diru sarreren %10etik beherakoa izan zen 2014an, eta urte hori galerekin itxi zuten hamar hedabidetatik zortzik. Hedabide gehienek adierazi dute, hala ere, jarduerari eusteko konpromisoa, eta banaketan eta marketin eta sustapenean hobekuntzak egingo dituztela iragarri dute. Sektorearen autofinantzazioa %63,7 da, eta portzentaje hori %70era iristen da hedabide nazionalen kasuan. Diru laguntza publikoei dagokienez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (HPS) da iturri nagusia (ekarpen publikoaren %54 inguru), eta udalen ekarpena %25koa da.

behategia-0

hekimen2

Euskal hedabideen sektorearen datuak Euskal hedabideen sektorearen datuak Euskal hedabideen sektorearen datuak Euskal hedabideen sektorearen datuak
euskal hedabideak
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Euskal hedabideen sektorearen datuak”-ri buruz

  • ” Euskal hedabideen sektorearen datuak”…
    Artikulua irakurri eta ipar euskal herriko hedabideez, datu gutxi ikusi dut “sare moduan antolatuak direla gogoratzeaz gain….
    Badakit Bidasoaren alde honetako hedabideez zein beste arlo askori buruz biziki zaila dela datu zehatzak ezagutzea, izan ere Euskal Herriko gure zati honek ez du inungo ezagupenik beraz hemengo datuak bildu ala aztertuko dituen inungo egitura ofizialik…;
    Baina Euskal hedabide batean , euskal hedabideak aipatzen dituen albiste batean errealidade hori exisitizen ez balitz bezala jokatu ordez edo azaleko datu “ez adierazgarriak” sinbolikoki jarri ordez … zuzenago iduri litzaidake errealitate gordin baina ulergarri hura gogoratzea eta bide batez salatzea …
    Euskal Herriaren errealitatea osotasunean aipatzeko zailtasunak oso handiak eta ainitzak dira…. zer erranik ez iparraldeko egoera zehazten hasi nahi dugunean (goian erran zergatiagatik)… ikusteke dao orain Frantziak proposatzen duen herri elkargoaren sasiezagupen horrek hemengo datuak zehazteko balioko duen …..

    Nik uste zailtasunen aurrean , edo indar bat egiten da datuak lortzeko eta emateko edo ezin da indar hori egin (badakit oso zaila dela eta lan handia eskatzen duela horrek) eta kasu horretan titularrean zehazten da nungo datuez ari garen “Euskal” jarri ordez , Bidasoa alde honetako irakurle interesatuok jakin dezagun hasierratik zer espero dezakegun…
    Gure eguneroko arazoak izkutatuz ez gara aitzinatuko … Euskal Herria eraikitzeko beharraz ari garenean , barne sartzen ditut nik Frantziar estatuan dauden ezagupenik gabeko EHko 3 lurraldeak oraindik… Ongi noa edo ?????

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude