Euli, arto eta oilo kontuak.

images1.jpg
Batzuetan egundoko ezustekoak hartzen dira liburuetan. Gaurko zutabetxo hau idazteko No ser capaz de matar una mosca euskaraz nola esaten den nahi nuen jakin. Halako gauzek errazak dirudite lehen begiratuan, baten batek esan lezake: idatzi ez da euli bat akabatzeko gai eta kito. Baina gauzak ez dira horrela, zinez, luma apur bat zorroztuta idatzi nahi duenarentzat. Horregatik jo dut lehenik Gotzon Garateren Atsotitzak liburura, hamaikatxotan bezala, baina, ez eulien artean, eta ez hiltzeari buruzkoaren artean, ez dut kausitu baliokiderik. Ontasunari buruzkoetan aurkitu dut zerbait: ezin gaitzez da on. Bere laburrean aparta iruditu zait, Starlux kontzentratu baten antzeko zerbait. Iruditu zait no ser capaz de matar una mosca esaldi horrek adierazten duena, ezin hobekiago aipatzen duela hizkuntzaren beraren mekanismoak apartaki erabiliz. Baina ez da nik nahi nukeen bezain grafikoa. Irudiaren indarra duen zerbait nuke nahiago.
Beti beldurrez hartzen dudan Koldo Izagirreren Euskal Lokuzioak liburukotera jo dut orduan. Galdu egiten naiz liburu honetan, hastapenetik baitauka indexazio arazo handi bat: egon asko eta ondo dagoen arren, zailak dira gauzak topatzen. Halako batean argia egin zait buruan eta Susa argitaletxeko txindurri langile horiek liburu berau sarean jarrita dutela oroitu naiz, Intza izeneko proiektuan. Klik bat eta klik bi, berehala aurkitu ditut Ontasunari buruzko lokuzioak. Baita eulidunak ere: euliari hegoak kentzeko gauza ez izan, esate baterako. Bingo.
Baina beti gertatzen den lez, zutabea idatzi beharrean hitzekin geratu naiz jolasean, entretenimendu hutsean, eta zuei datorkizue orain ordaina, beste esamolde batzuk ere aurkitu baititut, polit askoak. Esate baterako: atso bat hiltzeko gauza ez izan. Edo gaskoinetan ere adiskideak egin, edota ogi puska izan, zeruko txaloa izan
Hala ere, pertsona bat on puska dela adierazteko orduan, gehien gustatu zaidana, beste bat izan da: arto zatia lakoa izan. Horixe iruditu zait egokiena no ser capaz de matar una mosca esateko. Begitantzen zait arto zati batek ezin diola egin inolako kalterik inori, nahita ere. Izatekotan, jaten hasi eta kontrako eztarrira joanda, edo baten batek artaleak sudurretik indarrean sartuta, bestela ezin dut imajinatu nola. Gainera oso grafikoa da artaburu zati baten irudia. Ez esan niri ezetz.
Honez gero pentsatzen hasita zaudete zer demoniokeriari buruz idatzi behar ote nuen gaurko zutabean. Esango dizut: islamdarren eta gure arteko amildegi kulturalaz. Horrexetaz hitz egin nahi nuen, lehengo batean, Martxoaren 11ko atentatua dela eta Madrilen egiten ari diren epaiketan, testiguetako batek bere anaia arto zatia lakoa zela esan nahi zuen. Zeruko txalo bat, euliari hegoak kentzeko gauza ez zela, ezin gaitzez zela on… Badakizu hori nola esan zuen?: nire anaia ez da gauza oiloa paretaren gainetik pasatzeko. To lokuzioa. To amildegi kulturala.

Hasier Etxeberria. El Mundo 070421

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

7 pentsamendu “Euli, arto eta oilo kontuak.”-ri buruz

  • “Nire anaia ez da gauza oiloa paretaren gainetik pasatzeko” esan baldin bazuen, orduan uste dut esan zuela bere anaia ez dela oilo bat lapurtzeko ere gauza. Alegia, ez dela azeri bat, ez dela delinkuente bat, ez dela gaiztagin bat. Esan horretan, beraz, ez dut amildegirik nabari, alderantziz baizik: kultura “beretsukoak” garela, iruditeria rurala erabili ohi dugula gauzak adierazteko.
    Piarres Larzabalen “Senperen gertatua” antzezlanaren hasieran, adibidez, irakurri dut hau: “horiek baino gaxtoagoak, gure artean bizi diren batzu dira… Horien odol berekoak. Hasteko, Etcheberry eta Salaberry deitzen diren guziak horien arrazatik dira… Badakit nik hori… Eta horiek denek elgar aditzen dute, oilo eta lapinen ebasteko… Eta gero, partzuerkoan jateko”.
    Espainolez arrunta da “roba gallinas” esatea inori, edo “salta cercos” esatea inori. Ez al da berdin esaten frantseses?: “voleur de poule” (ez dakit).
    Mundu osoko antzinako ipuinetan badira oilo-lapurrak, ezta?
    Ez genuke amildegirik sortu behar ez dagoen tokian.

  • Nik ere irakurria dut M-11ko epaiketan testigu batek bere anaiari buruz esan zuena, baina ez galdetu non. Tostadora piztu eta bertan mila altxor irakurtzeko aukera dudanetik, nork zer idatzi duenari kasu gutxi egiten diodala iruditzen zait.
    Niri ere grazia egin zidan, guretzat gaiztoak hil egiten bait du (eulia bada ere), haientzat lapurtu besterik ez.

  • “arto zatia lakoa izan” horretan, nik, “ogi puska bezalakoa izan” ikusten dut, hau da, arto-irinez egindako ogia, ez artabururik. Baina, aizu, irudimena librea da, ez?
    Segi horrela.

  • Arto ez bada lasto 2007-04-26 17:17

    Arrazoi Irenek. Usadioz artoa ogia da. Besterik ez. Hala ere, horixe, irudimena librea da. Eta merkea gainera.

  • Ba ni gaur bertan jarri nau ikasle batek ataka estuan. David Meca igerilariaren gorabeherak kontatzen ari zitzaidan eta halako batean esan dit: -Nola esan dezaket “es un hombre hecho a sí mismo”? Eta hor utzi nau ahoa zabalik, euliak eta arto aleak irensteko arriskupean, zer erantzun ez nekiela.

  • Balio ote dizu: “bere kasa zaildua”, “bere kabuz zaildua”. Hiztegietan halako adibideak ageri direnez… “borrokan zaildu”, “lanean zaildu”, “nekazari zaildua” eta abar.
    Kirolari loturik, adibidez, Labaienen “Jokua ez da errenta” antzezlanean irakurriko duzu: “Larraungo Txikia aspaldidanik zebilen saiaketan eta, noski, zailduago dago oraingoz ni baino”.
    Beste adibide bat, Kamiñazpiri hartua: “laurogei kilotik gorako gaztea zen, pilotan ondo zaildua”.

  • Ufa! Hauxe jende prestua! Eskerrik asko, balio dit, bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude