Eufemismo kontuak

Eufemismo kontuak

Mintzaira bezalako ispilurik ez dago geure buruari begiratzeko orduan edo, beste era batera nahiago bada, lengoaia nolako, norbera halako. Hizkeraren nolakok erakusten digu nor den nongoa, nor den zelakoa eta, nola ez ba, nor den zein pentsamendutakoa. Nahi gabetan ere bai.

Lehengo batean euskal politikan ibilitako idazle lagun bati entzun nion irratian Bruselako atentatuak, terrorismoa baino, terrore ekintzak zirela. Kontuz ibili behar dela terrorismo hitzaren erabilerarekin, eta abar.

Ederki ulertu nion lagunari esanahia, izan ere, Eufemismo kontuakzer ez zaigu gurean saldu terrorismo moduan? Ekintzak berak baino, nork egiten duen markatzen du gehiago terrorismo izatearen meritua, galdetu bestela Mandela santuari edo Mugica bedeinkatuari.

Guardasolarekin segun eta zeinek jotzen duen zein, izan daiteke terrorismo ala izan liteke autodefentsa. Ederki dakigu hori hemen. Urtetan eta urtetan hezitu gaituzte lerro arteko irakurketan eta geuk ere badakigu segun eta nork esaten duen zer, sinetsi ala ez dugun sinetsi behar. Perbertitutako mintzairaren euripean hazitakoak gara.

Baina kontua ez dago esaten duenaren baitan bakarrik, entzuten duena ere izaten da tarteko. Badira hitz eta kontzeptu batzuk entzulearen araberakoak direnak garbi-garbi: borroka armatua, herri askapena, indarkeria, bakea, demokrazia, memoria… Esan liteke hitz eta kontzeptu guztiz polisemikoak direla: zenbat entzule, hainbeste ulertzaile. Esate baterako, tratu txarrak entzuten dudan bakoitzean, tortura ulertzen dut nik, argi eta garbi.

Non dago, beraz, aldea lagunak aipatzen zituen terrorismo edo terrore ekintza hitzen artean?

Ausartu egingo naiz esatera, alderik ez dagoela batere terminoen artean, bi aukeren esanahia berdin-berdina dela. Nik, behintzat, ez diet alderik ikusten batere.

Horrek ordea ez du esan nahi besterik ikusten ez dudanik. Laguna bera ikusten dut nik hitz horien atzean, batez ere: nolakoa den, zein pentsamendutakoa, etc. Eta ezagutuko ez banu ere, asmatuko nuke kaskarra ondo kiskalita duen norbaiten hitzak direla. Terrorismoaren izenean hainbeste zabor irentsi izanaren ondorioz, eta horren guztiaren aitzinean babestu beharraren babestu beharraz, eufemismoaren besoetan erori den norbait dakusat.

Baina zuhurtzia eta badaezpadakoa ez dira eufemismoaren altzora garraiatzen gaituzten oldar bakarrak. Badira beste mota batzuetako arrazoiak ere, estrategikoak, esaterako. Berrikitan ikusi eta entzun ditugunak ere, horien ezpalekoak begitantzen zaizkit. Podemos-ek ospatutako Aberri Egunaz ari naiz, besteak beste. Aspaldiko garaietan entzundako eufemismo handienak esan baitira egun hain seinalatuaren inguruan. Gure aberria jendea da, esaterako

Ba ez, aizu, Aberria ez da jendea bakarrik.

Aberria Euzkadi da, esanda utzi zuen estreinakotz aipatu zuenak. Eta Euzkadi, jendea bai, jakina,  baina gehiago ere bada. Gora Euskadi Askatuta! izan ohi da egun horretako oihua, eta segur naiz, jendeaz gain, aldarrikapen horren barnekoak direla identitatea, lurraldea, kultura, hizkuntza, historia eta abar luze bat.

Ahal dugu-ri esaldia oso polita geratu zaio, baina eufemismo bat baizik ez da. Gurpila berrasmatu nahi duen adanismo baten albiste ekartzen diguna, gainera. Bide batez eta batere eufemismorik erabili gabe esanda.

Eufemismo kontuak / Eufemismo kontuak

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

17 pentsamendu “Eufemismo kontuak”-ri buruz

  • Pat Garrett 2016-03-29 16:03

    Ea zenbat denbora behar duten munduko hiritarrak direla esateko.

  • Laura Mintegi 2016-03-29 18:26

    Arratsalde on, Hasier
    Faktoria irratsaioan nik esandakoaz ari zarenez, informazio gehigarria eman nahi nuke, errespetu osoz eta polemikarik sortzeko inolako asmorik gabe.

    PEN International delakoan aspaldikoa da ‘Terrorismo’ kontzeptuaren inguruko eztabaida, eta ia-ia gai bakana da, non ez den posible izan PEN taldeen arteko adostasuna lortzea, hitza polisemikoa delako: terrorismoa ekintza basatiak dira eta disidentzia politikoa ere bada terrorismoa, ezkerreko zein eskuineko gobernuen ustean. Terrorista da bonba ipintzen duena eta egunkari bat zuzentzen duena ere terrorista da. Zuk diozun moduan, gurean ere badugu eskarmentua: kazetari batzuek jakin zuten terroristak zirela Auzitegi Nazionalean.

    2005ko irailaren 30ean Jyllands-Posten egunkari daniarrak karikatura batzuk argitaratu zituen Mahomaren inguruan eta komunitate islamikoari oso iraingarriak iruditu zitzaizkion. PEN Internationalean eztabaida bizia sortu zen adierazpen askatasunaren mugaz eta terrorismoaren kontzeptuaz.

    2016ko martxoan Istanbulen bildu ginen gaiaren inguruan hausnarketa adostua egiteko. Lau egunetan aritu ginen, goiz eta arratsalde, alboko mezkitan profetari 24 orduz otoi egiten zioten bitartean. Penaz esan behar dut ez genuela lortu testu bakarra adostea.
    Bilera hartatik argi atera genuen ezin genuela hitz bera erabili definitzeko gauza diferenteak: ekintza bortitza eta disidentzia politikoa. Honela sortu zen bereizketa: terrorismoa da terrore-ekintza eta idaztea, esaterako, ezin da inoiz izan terrorismoa, ez delako terrore-ekintza.

    Irratian horixe esan nuen, hain zuzen ere. Bruselako atentatuaren berri hartu genuen EITBko estudioan sarturik geundela. Tertuliakide batek esan zuen atentatu hura terrorismoa izan zela. Nik esan nuen terrore-ekintza zela, zehatzagoa izateko eta polisemiaren anbiguotasuna ekiditeko.

    Ez da eufemismoa, Hasier, zehaztasuna da, hausnarketa luze eta eztabaidatuaren ondorioa.
    Besarkada estua eta nahi duzun arte. Laura

    • Laura Mintegi, zu bazara benetan, jakin ezazula egiten ari zarena barkaezina iruditzen zaidala,Zure jokaera iguingarria eta oraindik ez dakit zeazki ze pintatzen duzun Bildun zure traiektoria ikusita. Zure definizio eza gauza batzuetako, puntilletan pasa batzuek eskubideekiko, eta beste gauzetan ain sutsu. Zoaz mesedez, monta ezazu zure alderdi happy floer a.

      • “barkaezina”, “joera iguingarria”, ” ez dakit zeazki ze pintatzen duzun Bildun zure traiektoria ikusita”…

        Semantikari buruzko eztabaida batean.
        Jende oro zure moduko balitz, labankadaka elkar erahilko ginateke 10 urteren buruan.

        • Zergatik, haserre nagoelako, jakizu ni ez naizela inoiz borroka bila ibili, beti saiestu ditut, baina ez det pentsatzen dudana defenditzeko berdurrik. Formen kasuan, egia, arrazoi duzu, agian agresiboegia dirudi idatzu dudanak, horrelako joko politiko eta eufemismoek asko haserretzen nauta eta, ni bezela jende gegiana dago.
          Labankaden inguruan………atera zaitez kalera pixka bat, labankadena gertatzen ari da egunero geure inguruan eta okerragoak ere.

    • Aja, nik eta denok bi espresioak berdina direla uste dugu, diferentziarik badako Mintegi anderenoa, zure eufemismoan “terrorismo ekintza” ekintza ekintzaileetatik banandu nahi duzula da,hau da, Bruselak bonbak jartzeak terrorismo ekintza zen, baina autoreak ez terroristak?

      Ekintza hoiek babesten dituzten islamiarrekiko lagun joera iruditzen zait, izan ere terrorismo hori babesten ez duten islamiarrei berdingo zaie nola deitzen duzuen.
      Zure asmoa nolabait “jihad” a babesten duten islamiarrei hurbiltzea, edo..jaja era patetikoak botuak erakartzea bada esan behar dizut lehendik uste nuena baino intelijentzia gutxiago duzula. Edo hori, edo beste ekipo batentzat ari zera lanean zure ekipoa ondoratu nahian.

  • Laurak idatzia irakurri arte zalantza neukan Hasierrek arrazoi ote zuen. Kendu zaizkit dudak, bai horixe: Hasierrek arrazoia ehunetik ehunean. Bruselakoari terrorismoa deitzeko hainbeste txorrada, faborez, nahikoa dugu. Eta Pakistanen kristauak ehundaka hiltzea, zer da, Laura? Terrorismo islamista, niretzat, argi eta garbi esanda. Baina gu beti inor baino exkisitoagoak hitzekin. Auzo lotsa ematen du.

    • Zurekin ados 100eko 100 gotzon, azkenaldiotan nazka sentitzen det Europako politikariak edo hemengoak zein “eskisito” diren ikusita islamiarrekin “los intokables”, Bruselasekoa terrorismoa da ta punto.Eta Europa indarrez hartzen ari dira tipo hauek.

  • Buelta asko ari zarete ematen gaiari baina ximplea da. Terrorismo jendartean ” terrorea” sortzea da, PUNTO, honetarako helburu posibleak edo biktimak indiskriminatuak dira, horrek sortzen du “terrorea” jendeagan , “zuri gerta dakizuke edo zure ezagun bati ezertan sartuta egon gabe edo espero gabe”. Bestea,etsaiaren helburu konkretu bat akabatzea, kargu militar polizial edo zibil bat, gaur interesez terrorismo deritzona, bigarren mundu gerran “erresistentzia” deitzen zen.
    Duela gutxi erreportai batean erresistentziaren ekintza asko nolakoak ziren ikusi nuen Europan, “liberator” tiro bakarreko pistolekin, alemaniar ofizialak etaeuren emazteak kalean pasiatzen zioazela tiro bana buru atzean, bonbak kazetari,politikari edo edozein kolaborazionistei.Honi historikoki “erresistentzia” deitzen zaio, 2. mundu gerrari dagokionean noski.
    Niretzat argi dago, “terrorismo”ak helburu poblazioan “terrorea” sortzea, horretarako nahitaezkoa da erasoa “indiskriminatua” izatea. PUNTO

  • Hasier ek arrazoi.

  • Amonamantangorri 2016-03-31 00:43

    Terrorismoaren kategoria egilearen baliabideen arabera ezartzen dela iruditzen zait. Terrorismoa gerra besterik ez da, “gerra asimetriko” deitua, baliabide urriko talde ttikiek darabiltena.
    Indotxina frantsesean zibilak bonbardatzea, gerra zen; Arjelgo kafetxe frantsesetan atentatu indiskriminatuak egitea, aldiz, terrorismoa.

    Yugoslavia ohiean NATOk bonbak zibilei jakinaren gainean botatzea gerra ekintza zen; ETAk etxe-koarteletan bonbak jartzea, bertan zibilak hil eta zaurituko zirela ederki jakinda, terrorisma zen.

    Bruselako, Parisko, Madrilgo atentatuak gerra asimetrikoaren adibide garbiak izan dira. Hori esan zezakeen Laura Mintegik, baina ezin, orduan ezker abertzalearen komunikazio-politikan sekulako kontraesanean sartu izanen bailitzateke…

    • “gerra asimetrikoa” da baliabideen arabera definitutakoa, “terrorismoa”k aldiz helburua izenean darama, “terrorea” sortu.
      Gerra asimetrikoetan etsaia desgastearen poderioz, sabotai bidez, edo atentatuen bidez etsaiaren ofizialak, karguak, edo infrestrukturak erasotzen dira.
      Terrorismoak aldiz poblazio osoa ikaratzea du helburu, horretarako edozein izan daiteke helburua edozein lekutan, aireportuan, eskolan, jatetxe batean, kalean, etxean, mezua argia da “zu inor izan ez aren, politikan sartu ez arren, base militar batean egon ez arren, helburua izan zintezke, zu edo zure seme alabak eskolara bidean”

      Erresistentzia, gerra asimetrikoan, bigarren mundu gerran edo geroago, helburuak argi daude, badakite helburua diren poertsonak helburu direla,paper zehatz bat jokatzen dutelako tableroan.

      Bruselasekoa ez bada terrorismoa, ez dakit zer izan daitekeek terrorismoa.

      Urteetan hemen badirudi ofizialki kabina bat puskatzea terrorismoa zela (eta dela), egunkariak terroristen parte, eta orain Bruselasen era indiskriminatuan bombak jarri eta dudak ditugu?? joño ze eskisito ari zareten jartzen batzuk orain.

      • Jono!! 10 bat, orain arte bagenekien “terrorismoa” eta “erresistentzia, edo gerra asimetrikoa” ezberdinak zirela, baina post hauetan txapo, definizio zehatza eta ezberdintasuna argi geratzen dira, edozein diskusiotarako argi daukat orain.

      • Amonamantangorri 2016-04-04 01:16

        Laura Mintegiri irakurri diogu nola Pen Clubekoak batzartu ziren terrorismoaz mintzatzeko, eta etsian terminoa ez erabiltzea erabaki zutela, hobe zela terrore-ekintza esatea. Enfin…

        Nazio Batuek ere egin omen zuten batzar handi bat, eta ezin izan omen zuten terrorismoaren definizio ofizial bakarra adostu. Harrezkero, erakunde terroristen zerrenda munduko gendarmeen interesen arabera dago osatua. Talde terrorista guztiak dira erakunde armatuak, baina talde armatu guziak ez dira ofizialki terroristatzat sailkatzen estatuek beren kasa egiten dituzten zerrendetan, nahiz eta taldeok sekulako basakeriak egin.

        Niri iruditzen zait terrorismoa kalifikatibo bat dela, ez termino tekniko eta objektiboa.

        Horrekin, jakina, ez dut DAESH eta yihadismo delakoarekiko batere zaletasunik adierazi nahi… Ez zen gutxiago behar.

        • Amonamantangorri 2016-04-04 01:18

          Portzierto: ezta gure gertuagoko erakunde armatu batenganako zaletasunik ere. Batez.

        • ASIK arrazoi, irakurtzak goian.
          “Terrorismo” hitza euskal herrian egunero erabili da azken 50 edo batezere 30 urteotan, eta orain leku publikoetan haurrak, emakumeak, denetik indiskrimatuki erasotzen direnean atzerrian dudak?

        • ASIK arrazoi, irakurtzak goian.
          “Terrorismo” hitza euskal herrian egunero erabili da azken 50 edo batezere 30 urteotan, eta orain leku publikoetan haurrak, emakumeak, denetik indiskrimatuki erasotzen direnean atzerrian dudak?
          Ez det pentsatu ere nahi zer ote dagoen atzean.