Etxebestetarrentzako Lonely Planeta

Etxebestetarrentzako Etxebestetarrentzako Etxebestetarrentzako Etxebestetarrentzako

Oinarrizko gida udara honetan kanpora joan gura baina ezin dutenentzat. Etxebestetar diren horientzat guztientzat, ez galdu umore ona! Euskal Herritik irten barik, munduan barrena bidaiatzea posible delako!

.

NEPAL

Himalaia alde horretara joan nahiko zenukeela, baina poltsikoa ez datorrela zure erabakiarekin bat? Joan Erronkari aldera! Kontuan hartu: mundua Euskal Herrian hasi eta bukatuko balitz, Pirinioak lirateke gure Himalaia. Ez al da hala?

Etxebestetarrentzako Lonely Planeta

  • Guk hemen zortzimilakorik ez, baina Nepalen bezala sentitzeko zinez aukera ona da. Bertan daude gure tontorrik garaienak. Hiru Erregeen Mahaia, Kartxela, Lakora, Orhi, Txamantxoia, Ezkaurre,… oraindik ere ziur batek baino gehiago elurra zapalduko duela bertako tokirik gerizpetsuenetan.
  • Erronkari ibarra gure Nepal dela baieztatzeko bigarren froga: sinesmena, fedea. Mendizale ugarik hartzen du parte Himalaiako otoitza budista eta hinduetan igoera bat hasi aurretik. Eta bakoitzak bere yoga baduenez, guk ere badugu gurea. Ikusi besterik ez dago Erronkari ibarreko etxe atarietan zintzilikatuta dagoen eguzkilore andana. Arbasoen sinesmenean barneratzeko gonbitea dugu ia-ia atari guztietan.
  • Tenpluak ere baditugu, baina mistikoak beharrean, gastronomikoak dira. Zerbait freskoa edan eta rock’n’roll pixka bat entzun nahi dugula? Hortxe besteak beste Izabako Kartutxo ostatua. Gure yoga horren baitan bertako zaporeekin harremanetan sartu nahi dugula? Joan Belaguako Juan Pitorenera eta eskatu artzain-apurrak bazkaltzeko.

.

PENINTSULA BALKANIKOA

Gure Nepal horretatik oso gertu, penintsula balkanikoa. Izugarria da Eslovenia, Kroazia eta Montenegro alde horretan errekekiko duten zainketa. Arroila andana dago bertan, ibaiak urdin-urdinak dira, turkesak zenbaitetan. Oso zainduta dago dena. Eta gure arroilarik ederrenak non daude? Zuberoan! Horregatik, sartu ideia hau kaskoan: mundua Euskal Herrian hasi eta bukatuko balitz, Zuberoa litzateke gure penintsula Balkanikoa.

Etxebestetarrentzako Lonely Planeta

  • Montenegron esaterako Europako haitzarterik handiena dago. Tara ibaiak sekulako haitzarte polita osatzen du. Ia 80 kilometro luze da eta 1.300 metroko sakonerara iristen da zenbait puntutan. Guk ez dugu baina haien bekaitzik. Zuberoa balkaniko horretan baditugu hiru arroila eder: Holtzarte, Kakoeta eta Ehujarre. Holtzartek gutxi gorabehera 200 metrora zintzilikatutako zubi ikusgarria du. Kakoetak familia giroan egiteko ibilbide ederra dauka, eta abentura gehiago gura duenak Ehujarrekoa du zain: ibilbide basatiagoa eskaintzen du eta aukera ematen du gainera Nepalera (Erronkarira) igarotzeko.
  • Balkanetako musikaririk ezagunenetakoa da Goran Bregovic. Badirudi baina Balkanei buruz dugun erreferentzia musikal bakarra bera dela. Ez ote zaigu Zuberoako pastoralekin gauza bera gertatzen? Sekulako obra artistikoak dira, bai noski! Baina Zuberoa pastoralak eta maskaradak baino askoz gehiago da. Maule-Lextarreko Zinka ostatuan Zuberoako gaur egungo arazoak zeintzuk diren ezagutuko dugu bertakoen ahotsetik, Ligiko zubian lamiei buruzko kondairak ditugu zain, eta mesedez…. autoan bidaiatzen zabiltzala kendu France Bleu-ren sintonia eta jarri Xiberoko Botza. Sustengu pixka bat bertako euskalgintzari, otoi!

.

BELGIKA

Bizikleta hartu eta Belgikako lur lauetan ibili nahi eta ezin duzula? Joan Arabara. Belgikaren hiru zutabe, bertan ditugu: lautada zabalak, Erdi Aroko aztarna ugari eta patata. Horregatik, mundua Euskal Herrian hasi eta bukatuko balitz, Araba litzateke gure Belgika.

Etxebestetarrentzako Lonely Planeta

  • Paisaia aski laua eskaintzen digu Belgika arabarrak eta hori oso aproposa da bizikletan arakatzeko. Esate baterako Uribarri-Ganboako urtegian ibilbide berdea dugu. Bizikletaz egiteko oso erraza, 30 kilometro lau, pare bat gune malkartsu eta labur kenduta. Eguna bukatzeko gainera, aukera paregabea da Landa edo Garaioko hondartzetan bainu bat hartzeko. Zerbait luzeagoa egin nahi dugula? Hasi Arlabango mendatetik, segi Maeztu inguruetatik eta iritsi Lizarrara. Garai bateko Vasco-Navarro trenbideak 80 kilometro inguruko ibilbidea eskaintzen du. Baten batek zerbait menditsuagoa egin nahiko balu, BTT egiteko aukera hortxe Izkiko Parke Naturalean.
  • Erdi Aroko aztarnak aipatu ditugu. Belgikak baditu Brujas, Gante edota Anberes bezalako hiri historikoak. Bada, gure Araba belgikar horretan badugu Labraza. Labraza Arabako Errioxan kokatutako herria da. Zinez herri txikia, baina Erdi Aroko aztarnak ezin hobeto gordetzen dituena. Hiri Harresidunen Nazioarteko Bilguneak saria eman zion 2008an.
  • Bidaia-gida guztiek dute topiko bat eta hauxe izango da gurea. Patata! Pa-ta-ta! Badirudi belgikarrak izan zirela patata frijituen asmatzaile, eta gurean patataren lurralderik bada, hori Araba da. Brujas hirian patata frijituari eskainitako museoa dutela? Bada, gure harribitxirik ederrenak Gasteizko Aiztogile edo Kutxi kalean aurkituko ditugu. Sartu hiriko alde zaharrean eta eskatu patatak bravioli erara. Belgikan bezala, baina Euskal Herritik irten barik.

.

AUSTRALIA

Herrialde hau aipatuta zure kautan diozu: “ados. Tipo honek proposatuko dizkik Mundaka, Zarautz, Miarritze edota Angelu”. Tira… izan zitezkeen herri horiexek, baina Donostia aipatu behar dugu ezinbestean. Izan ere, mundua Euskal Herrian hasi eta bukatuko balitz, Donostia Australia litzateke.

Etxebestetarrentzako Lonely Planeta

  • Hondartza, surfa, alkandora koloretsuak eta ilerako gomina (behar duenarentzat). Ados, akaso Zurriola ez da gure kostaldeko tokirik erosoena surfa egiteko, baina Donostian dena dugu eskura. Zarautz zein Angelu bertatik bertara. Esan dezaegun, besterik ez bada, Donostia gure Sidney dela.
  • Donostia Euskal Herriko Sidney dela baieztatzeko froga: Operaren jauregia. Sidneykoa ei da hogeigarren mendean eraikitako jauregirik dotoreenetakoa. Guk ere badugu gurea, Kursaal jauregia!
  • Orain arte turista frantsesak nabarendu badira ere, gero eta ingeles gehiago entzuten da bertako kaleetan. Gero eta Australiarragoa beraz Donostia.
  • Eta noski, kontuz ibiltzeko gomendio batzuk ere behar ditugu gure bidaia-gida honetan. Australian krokodilo eta sugegorriak alderik daude, Donostian bezalatsu. Gertatzen dena da hemengo izaki arriskutsuak hanka bikoak direla. Kasu zein terrazatan pausatzen duzun ipurdia, zeren garagardo eta pintxoen prezioak zinez izan daitezke pozoitsuak. Badaezpada ere ondo aukeratu taberna eta kasu hanka biko krokodiloekin!

.

ESKOZIA ETA IPAR IRLANDA

Eskozia eta Ipar Irlandan bezala sentitzeko, Goierri. Izenak bera dio, goiko herriak. Bistan da! Mundua Euskal Herrian hasi eta bukatuko balitz, Goierri litzateke gure Eskoziako Highlands eskualdea, eta, tira,… baita Ipar Irlanda ere.

Etxebestetarrentzako Lonely Planeta

  • Ipar Irlandarena ez diogu debalde. Ez dira gutxi tour turistiko-politikoen bila Belfast edo Ipar Irlandara gerturatzen diren euskaldunak. Turismoa egiteko beste modu bat, bertakoen ahotsetik historia hurbila ezagutzeko modua. Auzo mitikoak daude bertan, Shankill Road, Falls Road,… eta oso ezagunak dira bateko zein besteko margoketa loialista eta independentistak. Bada, ikusirik Gazta zati bat eta Gure esku dago mugimenduak Goierrin lortutako indarra, eta kontuan hartuta Eskozia-Euskal Herria festibala ere bertan antolatu zutela, bada gu ere tour turistiko-identitarioa egiteko moduan gara.
  • Ataunen badugu mitologia museoa, badira izaki mitologikoeilotutako ibilbideak. Ormaiztegin Zumalakarregiren museoa dugu, gaztari eskainitakoa Idiazabalen. Gure historiari tiraka, zerbait turistiko-identitario-gourmeta egiten buka dezakegu. Beraz, ezin dugula Eskozia edota Ipar Irlandara joan? Mugi gaitezen Goierrira!

.

SUITZA

Lehen esan dugu topikoren bat aipatzeko ohitura dagoela gidetan. Eta bada beste ohitura bat, aski zabaldua dagoena: gauzak exageratzeko joera. Letoniako Riga hiriburuari esaten diote Iparraldeko Paris. San Petersburgori esan ohi zaio Iparraldeko Venezia. Eta Urkiolako Parke Naturalari esaten zaio Suitza txikia. Beraz, mundua Euskal Herrian hasi eta bukatuko balitz, Durangaldea Suitza litzateke.

Etxebestetarrentzako Lonely Planeta

  • Mendi karstiko andana dago. Altuera aldetik ez dira oso garaiak, baina elkarrekin belardi eta haitzak partekatuta paisaia ederra osatzen dute. Eskaladarako ere gune aproposak daude Atxarte inguruetan. Edo besterik gabe ibilaldi xumea egin nahi duenak, aski du Arrazolara joan eta bertako bidegorrian osteratxoa egitea. Anbotopeko patxada, ardien arran-hotsa eta paisaia suitzarra.
  • Bestalde, jakina da trikitixa hemeretzigarren mende inguruan sartu zela Alpeetatik Euskal Herrira. Durangaldea ez da inondik inora trikitixaren tenplua, berriro diot, ez da inondik inora trikitixaren tenplua (badago tradizio sakonagoko beste eskualde ugari)… baina antza denez, trikitixari buruzko erreferentzia historikorik zaharrena Urkiolako erromeria batekoa da (1889). Eta beste toki askotan bezala Durangaldeko baserri auzoetan ere festa ugari dagoenez, bada aitzakia ederra dugu erromeria eta trikitixari heltzeko.
Etxebestetarrentzako Etxebestetarrentzako Etxebestetarrentzako Etxebestetarrentzako Etxebestetarrentzako

3 pentsamendu “Etxebestetarrentzako Lonely Planeta”-ri buruz