Etxean entzundako ipuina

Etxean jasotako ipuinen artetik, bat gogoratzen dut, batez ere. M.M. lagunaren aita hil da zaharraren zaharrez, eta hura zein ondo egon den zainduta ikusirik, berriro etorri zait gogora. Agian ez da egokiena astelehen baterako, baina hementxe dator, neure erara moldaturik.

Estatistikak asko aurreratu du. Gauza askotarako balio du, batez ere egia borobilak erakusteko. Esate baterako, estatistikari esker dakigu hirietako zaharrak, eta herrietakoak ere bai, landareen oso antzekoak direla. Azken ikerketek agerian jarri dutenez, hartzen duzu zahar bat, aldatzen duzu lekuz, edo etxez, eta, landareen antzera, aukera handiak ditu hiltzeko. Estatistikari esker dakigu, hiru zaharretatik bat, hil egiten dela lekuz aldatzen baduzu.
Nik badaukat oso txikitan entzundako ipuin bat buruan sartuta. Behin bazirela aitita bat eta Martin izeneko biloba. Lagun handiak ziren biak, batez ere arrantzara elkarrekin joateko zuten zaletasunari esker. Halako batean, ordea, Martinen aitak hartu zuen hitza:
– Zahartu egin zaigu aitita eta zahar-etxe batera eramango dugu datorren astean.Ondo egongo da han. Esan didatenez, hemen inguruko zahar-etxerik onenetakoa da.
Martinek, jakina, ez zuen nahi halkorik gerta zedin, eta nigar malko galant askoak isuri zituen erabaki haren ostetik. Protestaka ere ibili zen, baina alferrik izan zen guztia. Erabakia hartuta zegoen.

Iritsi zen aitita zahar-etxera eramateko eguna, eta etxeko hiru gizonak joan ziren autoan isil-isilik: aitita, aita eta Martin. Zahar etxearen atarira iritsi zirenean Martinek ez zuen jaitsi nahi izan aitita despeditzera, hain baitzegoen tristaturik. Aitak esan zuen orduan:
– Martin emaidak hor atzeko manta eder hori. Aititari oparituko zioagu leku berri honetan hotzik eduki ez dezan.
Martinek, ia ahapeka, baina dardararik batere gabe, honela esan zion bere aitari.
– Ez aita, lehenbizi erdibitu ezazu manta hori, eta emaiozu erdietako bat bakarrik berari. Beste erdia gorde ezazu zeuri zahartzaroa iristen zaizunerako.
(Esan beharrik ez dago, egun hartan hiru gizonak itzuli zirela etxera autoan sarturik).

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)