ETB: eredua kolokan

ETB

ETB : EREDUA KOLOKAN

ETBri buruzko zerbait argitaratu den bakoitzean, ZUZEUN sekulako eztabaida piztu izan da, betiere ikuspegi aski kritiko eta ezkorraz, egia esan behar bada. Horren adibide dira azkenaldian argitaratutako sarrera hauek guztiak eta gehiago:

Bistan da euskaldunok, behintzat ZUZEUn biltzen garenok, garrantzizko zeregina aitortzen diogula Euskal Telebistari euskararen berreskuratze eta normaltzean bezala, euskarazko produktu kulturalen kontsumoa areagotzeko orduan. Nolabait esateko, ozpindurik begiratzen badiogu ere, ez dugu etsitzen, eta ontzia abandonatu beharrean, aldarazi nahiko genuke.

Eztabaidak beharrezkoa dirudi, beraz, baina zentzu apur bat emate aldera, zenbait kontu argitu behar genuke ezertan hasi aurretik, besteak beste, galdera nagusi bat:

Zenbat jendek ikusten du benetan ETB ?

Orain arteko eztabaidetan beti agertu da audientziaren kontua, normala denez. Izan ere, audientzia ez da, edo ez luke izan behar, betebehar bakarra telebista publiko baten baitan, baina nagusietakoa behinik behin bai, zalantzarik gabe: zertarako ordaindu, bestela, ikusten ez dugun telebista bat?

Alabaina, audientzia ezagutzeko, kontzeptu zenbait argitu behar da aurrez, esaterako share eta rating izeneko terminoak ulertu behar dira. Zer diren zehatzago jakin nahi duenak gaztelerazko wikipedian begira dezake.

Are gehiago sinplifikatze aldera, eta kopuruak buruan hartu ahal izan ditzagun, EAEn  bi milioi inguru lagun bizi bagara, puntu bateko ratingak  20.000 pertsona inguruko kopurua adierazi nahi du. Ez da guztizko egia, baina balio digu audientziari tamaina hartzeko

Aurtengo urtarrilaren hasieratik orain artean neurtutako audientzia datuei erreparatuko diegu:

  • ETB 1: 2,0 (40.000 ikusle)
  • ETB 2: 9,1 (182.000 ikusle)
  • ETB 3: 0,9 (18.000 ikusle)
  • ETB 4: 1,2 (24.000 ikusle)
  • ETB osotara: 13,2 (264.000 ikusle)

Bataz besteko zifra horiek erakusten dute uneren batean, ikusle kopuru horrek kate horiek aukeratu zituela. Ez du esan nahi, hala ere, beste katerik ikusi ez zutenik edo egun osoa eman zutela kate horiei bakarrik begira.

Beste kontu bat da datu horiek guztiz fidagarriak diren ala ez. Izan ere, zenbat neurgailu daude EAEn eta horietako zenbatek erreparatzen diote euskarazko programazioari? Badirudi bakar bat itzali edo pizteak, eragin handia ukan dezakeela. Nola funtzionatzen dute? Gaia ezagutzeko,argigarria da Iñaki Larrañagak hemen bertan argitaratu zuen lan bikaina.

Tristatzeko arrazoiak:

Joan zen urriaren 2an, Urko Aristik tristaturik idatzi zuen berriro bere twitter kontuan, nahiz eta egun horretan  euskarazko saio ikusiena, berak zuzentzen duen iluntzeko EGURALDIA izan, beste behin ere (%1’1=22.000 pertsona).

 

Egoeraz jabetzeko, Kantar Mediako azaroko datuak ikustea aski da egoeraz jabetzeko. Enpresa honen datuak erabiltzen dira Espainiko estatuan telebistaren negozioa neurtzeko.

Kantar azaroa(Egizu klik, handitzeko)

ETB1 eta ETB2ko bost saio ikusienak ikus ditzakegu bertan. ETB1eko baxuenak 1’4 ratinga dauka. Beraz, 30.000 lagun ere ez Alaves-Sporting futbol partiduari begira. Pentsatzekoa da hortik oso behera egonen direla gainerako saio guztiak, baita informatiboak ere.

Denok segi genezake itsuarena egiten, hala nahi badugu, baina bistan da katea hondoratuta dagoela zeharo eta azkar baino lehen katarsi baten beharrean dela. Ala ez?

Seguru asko, gertaera desberdin askoren batuketa izango da oraingo egoera hau, kontuan hartu beharko dira hainbat aldaera: ETB2ren existentzia, internetek eragin duen kontsumoen aldaketa, digitalizazioaren ondorio den atomizazioa, konpetentziaren handia, euskararen ezina,  eredu publikoaren lausoa….

Alde askotatik begiratu litezke gauzak, eta guztiak bildu nahi genituzke hementxe, ondorengo iruzkinetan. Gustu baduzu.

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

10 pentsamendu “ETB: eredua kolokan”-ri buruz

  • Juan Carlos Etxeberria 2014-12-10 16:29

    Artikuloaren egileak ez du ondo ulertu share eta ratingaren arteko ezberdintasuna. Aipatzen dituen 20.000 ikusleak RATING-ari lotuta daude, ez SHARE-ari, beraz, hasieratik, analisi guztia, zenbakietan behintzat, okerra da. Rating puntu bat….20.000 ikusle ( egia esan, pixka bat gehiago). Share %1…..zenbat ikusle? Depende…Share puntu bat goizeko 9tan, ia batere ez. Share %1 gaueko hamaiketan, agian 10.000 edo 20.000 edo 30.000…depende zenbat jende gadoen telebista ikusten egun eta ordu horretan. Beraz, artikuloaren analisi guztia, zenbakietan behintzat, okerra da.

  • A. Osinalde 2014-12-10 17:00

    Eskerrik asko, Juan Carlos. Kasu egin eta datuak zuzendu ditut. Zuk jakingo duzu, orduan. ETBren kate guztien batuketa 10/12 puntu ingurukoa bada eta ETB1ekoa 2 puntutik beherakoa, zenbat jende da hori?

  • Juan Carlos Etxeberria 2014-12-10 20:50

    Es horregatik.
    Ea…aipatzen dituzun zenbakiak ( adibidez, ETB2ko 9,1% urtarriletik hona) ez dut uste ratinga denik, share baizik. Hortik jakin daiteke batazbeste zenbat ikusle izan dituen ETB2k denbora tarte horretan? Ez. Horregatik esaten dizut analisia okera dela. Analisi hori ezin da egin zenbaki absolutoetan nik behintzat ez ditudalako ezagutzen.
    Beste kontu bat da bukaeran aipatzen duzuna, alegia, futbol partidu jakin batek 30.000 ikusle dituela etb1en edo eguneko saiorik ikuiena eguraldia dela eta 22.000 lagun bildu dituela. Baina hori, kontuz, egun jakin bat da. Beste bat aukeratzen baduzu, agian Goenkaleko atal bat edo Gaur Eguna 40.000 lagunek ikusi dute. Hori asko ala gutxi da? Kopuru horrek justifikatzen du ETB1? Ni ez naiz hortan sartuko, Bakarrik adierazi nahi nizun analisia hasieratik desenfokatuta dagoela ratinga eta sharea nahastutzen badira.

  • A. Osinalde 2014-12-10 21:54

    Juan Carlos, barkatu beharko didazu, baina oraingoan zeu zabiltza oker. Nik aurreko galderan eman ditudan bi zifrak (ETB2 ren 10/12 eta ETB1en <2) ratingari dagozkio eta ez shareari. Izan ere shareak askoz handiagoa behar luke. Hala bada, Kantar enpresaren emaitzetan "audiencia media" deitzen diote zifra horri eta aparte ematen dute sharea. Pena da baina iruzkinetan ez dakit argazkiak txertatzen, bestela taula osoa emango nizuke. Beraz, ETB2ren 10eko hori, 200.000 pertsonari dagokio eta ETB1en <2 hori, <40.000 pertsonari dagokio.

  • Ni erantzun faltarekin nago harritua:
    Serie berri bat erosi du ETBk: Los misterios de Murdoch, erdaraz, ETB2rako. Filmak eta serieak ETB2rako. Nik ez dezaket ETB3 ikusi, baina marrazki berberak behin eta berriz ematen omen dituzte. Eta erantzun guztia “birtuala” da: Zuzeun, Sustatun, blogetan…
    Nafarroan, aspaldi gelditu ginen haurrentzako marrazkirik gabe. Erantzuna, kasik zero.
    Merezi duguna ote dugu? Edo noizbait erantzun “birtualetik” errealitatera pasatuko gara?

  • ETBren programazioa ia ez denez esistitzen, ETB2 an parte hartu behar dugu euskaraz euskaldunok. Ez dakit inon jartzen duen, baina nahiz eta jarri, nork galaraziko digu ETB2ra deitzea eta euskaraz aritzea?? ia ikusten ez dudanez parte hartzen ez dut egiten etb2an, baina inoiz eginez gero, euskaraz egingo nuke.

    eta zerbait esango balidate……. esango nuke euskaldunentzat eztabaida eta hikamika hobe!

    ETB1 zendu ETBn euskaraz aritzeko!!?

  • Juan Carlos Etxeberria 2014-12-11 18:01

    Arrazoia eman behar diot A. Osinalderi bere bigarren erantzunari erantzunez. Barkatu. ETB2ko batazbesteko rating-a 10/12 eta ETB1ekoa 2 Kantar mediako neurketaren arabera. Horiek dira datuak. Hortan utziko dut. Hortik aurrera, ongi etorriak analisi eta iritzi ezberdinak.

  • Naparroanek idatzitakoarekin bat nator ere, ez dut konprenitzen nola ez den eztabaida handiagoa pizten gai honen inguruan. 2015ean 120 milioi inguru erabiliko dira EITB zutik eusteko, baina zertarako? Behin baino gehiagotan esan izan da EITBren funtsa ETB1 dela, baina ETB1 ez bada iristen ez eta 40.000 lagunengana, zerbait dago txarto. Badirudi bi bide baizik ez direla geratzen, arduradunak aldatu ala EITB itxi. Dirua alferrik botatzen ibilitzea da bestela.

  • Hara hemen ETBko albistegietan ikusiko ez duzun albiste bat: http://www.eldiario.es/norte/euskadi/ETB-recupera-programacion-infantil_0_334216753.html Egia baldin bada, arreglatuta gaude!