Eta nork babesten gaitu haiengandik?

Rafa eskuburdinak jarriak dituela
Rafa eskuburdinak jarriak dituela

Joan den Ostegunean tren istripu bat izan zen Lezaman.  Beti bezala, gertaeren berri jakin bezain laster, kazetari mordo bat harantz abiatu zen, gertatutakoaren inguruko informazioa jasotzera.

Bi korrespontsal grafiko argazki txukunak ateratzeko asmoz, ingurua miatzen hasi ziren. Kordoi polizialik EZ zegoen inguru batean zeudenean, ahots bat entzun zuten, beraiei oihuka bezala. Begiratu eta ertzain bat zen, bertatik alde egiteko esanez. Bi kazetariak ertzainarengana inguratu eta beste modu batzuetan hitz egiteko esan zioten. Beraiek lanean zeudela eta bertan ez egoteko inolako abisurik  jaso ez zutenez,  lehen azalpenak beste tonu batean egin behar zirela iradokiz,  bertatik hospa egiteko aginduari muzin egin gabe.

Agintea duela uste duenari hitz haiek gustatu ez eta “putos mierdas, gentuza” eta halako hitzak atera ziren ordena zaintzeko betebeharra duen autoritatearen ahotik.

Segidan Rafa (bi argazkilarietako bat) pare bat alditan bultzatu,  eta atxilotua zegoela esan zioten, autoritateari “desakatua” egin izanaren akusaziopean. Esku burdinak jarri, lan ekipoa kendu eta orduan bakarrik otu zitzaion kredentzialik bazuten galdetzea. Ez zuen erraz izango eskuak atzean lotuta dauzkanak, ertzainek beraiek kendutako poltsatik prentsa txartela ateratzea, baina azkenean erakutsi zien.

Halako batean konturatu ziren Ertzainak egiten ari zirenaren neurririk ezaz (agian kredentzialetan Agence France Presse irakurri zutenean) eta ahal zenik eta zarata gutxien eginda askatu zuten gure kidea. Hori bai, autoritateari desakatua egin izanaren salaketarekin eta 30 minutu esku burdinak jantzita izan ondoren, baina tira.

Ertzainak jarritako salaketak bere bidea jarraituko duela badakigu. Ea Argazkilari Elkarteak, argazkilariak berak eta Agentziak jarritako salaketek aukera bera duten.

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.

Zer duzu buruan “Eta nork babesten gaitu haiengandik?”-ri buruz

  • Izaskun Pérez 2009-10-11 22:41

    Nazkagarria. Madrilen ere maiz gertatzen dira antzekoak. Eskuburdinik ez dut ikusi oraindik, baina mehatxu mordoa bai. Eta halakorik gertatzen denean, berrian argi utzi ohi dut nik…