Esne saltzailearena… eta eroslearena

Esne saltzailearena… eta eroslearena

Leku guztietan, txakurrak ortozik

Esne saltzailearena… eta eroslearena

Jar iezaiozu nahi duzun izena, behizaina eta gaztagilea da, Pas bailaran bizi da. Bizitza osoa esnetako behiei lotuta, eta une batean nekatu egin zen lan egiteaz ezertxoren truke. Egunero-egunero bitan jetzi, hutsaren truke esnea saldu, eta segi horrela urteak joan urteak etorri, nazkatu arte.

Nazkatu zen hartan, pentsatu zuen beste bide batek egon beharko lukeela behiekin lanean jarraitzeko eta beren lanari etekin duin bat ateratzeko. Informazio bilketaren bidean ekoizpen ekologikoa azaldu zitzaion –bazirela diru-laguntzak, bere esnea baloratuagoa izango zela merkatuan…–. Bere inguruko beste behizainekin hitz egin zuen ekoizpenak batzeko; horrela, zentralak hartuko liekeela inongo eragozpenik jarri gabe eta salneurri bidezkoagoan. Baina besteek, ezetz.

Bat-batean ikusi zuen bere burua bakar-bakarrik, kalitatezko esnea etxean eta ezin saldu prezio duin batean. Pas bailarako antzinako emakumeen bidean topatu zuen konponbidea: esnea eraldatzean, hain zuzen ere. Hainbat gazta mota egiten ditu, baita jogurtak ere. Den-denak saltzen ditu: inguruko zenbait eskolatako jangeletan –Euskal Herrian zer ikasi badugu horretan–, Santanderreko hainbat jatetxe eta dendatan –etxetik ordu eta erdiko bidaia du–, Madrilgo beste jatetxeren batean, azoka gutxi batzuetan…

Bide horretan –nazkatu zenetik egindako bidean, alegia– bederatzi urte pasatu dira. Urte horietan guztietan, gazta egin du egunero-egunero –akaso, egunen batean edo bestean egingo zuen kale–, eta saldu egin du, eta, horrez gain, jendeak baloratu egiten ditu bere produktuak; horri esker ikusten dio zentzua hainbeste lanari, hainbesteko sakrifizioari.

Ordura arteko lan antzuari, garai duina etorri zaio atzetik. Belaunaldiz belaunaldi, behien inguruan eraikita zegoen unibertso ehortziari, bizi-leherketak indarra eman dio. Txikitako jolasen oroitzapenek mingotsak izateari utzi zioten, eta, berriz ere, izan zen neskatxa hari goxo begiratzen dio. Ordura arteko autoestimu galerari, konfiantza jario etengabea jarraitu dio. Ordura arte bigarren mailako lana zenari, harrotasuna gailendu zaio –lehen gizonak ekartzen zuen soldata etxera, orain neu naiz etxeko burua–.

Esne saltzailearena... eta eroslearenaEredugarria iruditzen zait emakume honen ibilbidea. Baina, zoritxarrez, bakarra izan da –halaxe esan ziguten, behintzat, bailarakoek– lan antzuaren egoerari buelta ematen.

Amaiera polita du, ipuinetakoa emateraino, baina bene-benetakoa da. Ez da Pasen bakarrik gertatzen; hementxe, Euskal Herrian, ere bai, uste duguna baino gertuago daude halako behizainak, erabaki dutenak ganadua izateaz gain, eraldaketaz ere arduratzea. Bejondeiela.

Amaiera gehiago egon daitezke, eta egon badaude…

Beste gutxi batzuek lortu dute euren esnea prezio duinean saltzea, –nik gehienbat ekologikoan ari diren batzuk ezagutzen ditut– eta etxeko lanetan produktuen aukera zabaltzea, okelarekin, barazkiekin…

Baina gehiengo batek lan egiten du ezer askoren truke. Zentralak 28 bat zentimo ordaintzen du litroa.

Prezio horrek ez du ematen soldata duina ateratzeko, ziur asko, ezta soldata bat ateratzeko ere. Eta hala ere, jaiki egunero-egunero behiak jeztera, jakinda iluntzean hantxe izango zarela, berriz. Eta jetzi egunero-egunero, jakinda egingo duzun lanak ez dizula autoestimurik ekarriko, jakinda zure lana inork ez duela baloratuko, ezta zuk ere. Eta, dena den, jaiki egunero-egunero, jakinda beste batek aterako diola benetako etekina zuk egindakoari, eta, gainera, etekina aterako duen horrek erabiliko dituela zure izena eta izana, diru eta itzal gehiago irabazteko.

Begiratu ditut supermerkatu handi horietako baten webgunean, eta esne litro baten prezioak doaz 0,58€tik 0,95€ra. Kenketak egiten hasiz gero, uuuuuuffff! Nolatan da hain merkea hainbeste lan? Ez ote da izango amua gero, bestelako produktuetan, garestiago ordainarazteko?

Eta supermerkatu handi horren irratiko iragarki batean zioten “… gure ingurua zaintzeaz gain, gure baserritarrei lagundu egiten diezu.” Sutan jartzen ninduen esaldiak, noraino eta iragarkia bazetorrela antzeman orduko, irratia itzaltzeraino.

Negozioa besteen kontura bi aldiz. Lehenengoan, gutxi ordainduta baserritarrari. Eta bigarrena baserritarrekiko errukitik etekina atera nahian, balizko bezeroen bihotz sentibera ukituz. Eta konbinazioak oka egiteko gogo bizia pizten dit.

Ez dut jasaten errukia orokorrean, baina erruki faltsuaren erabilera… zinismo hutsa iruditzen zait. Inon entzun edota ikusi duzue iragarki batean gurpilak, autoak, kontu korronteak edota zapatak erosiz euren langileei laguntzen diezuela? Zenbat enpresa itxi dira Euskal Herrian, handi eta txiki, eta zenbat iragarkitan azaldu dira halako mezuak?

Baserritarrekiko pena horrek desagertu beharko luke, nire ustez. Izan ere, edozein harremana –baita komertziala ere– errespetuan eta duintasunean oinarritu behar baita. Komunitate berekoak gara, eta denon beharra dago: nik autoa, gurpilak, kontu-korronteak (?) edota zapatak beharko ditut; eta horiek egiten parte hartzen dutenek esnea, gazta, barazkiak, eztia… beharko dituzte. Elkar elikatzen dugu, nahitaez.

Eta horren kontziente ez garen bitartean, bidean sekulako aukerak utziko ditugu jendarte batuagoa eraikitzeko, janari kontuak –zer, non, nola, nondik…– bertan lantzeko eta erabakitzeko, eta elikadura-basamortuen arriskua saihesteko –Estatu Batuetan badaude…–, besteak beste.

Ahaztu egiten zaigu GUK GEUK erabakitzen dugula erosketa bakoitzean non jarri indarra –zer egoera dago esne litro bakoitzaren atzean?–, nolako etorkizuna nahi dugun –bertan ekoitzi ala kanpotik ekarri?–… Uste duguna baino ahalmen handiagoa dugu.

paseko-bordak

Esne saltzailearena… eta eroslearena

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN